Gerrak ez ditu eragotzi kanpo salmentak: inoizko martxorik onena izan da

Esportazioak handitu dira, baina hori halako bi gehitu dira inportazioak, eta superabita uzkurtu da. Olio finduen eta tutuen salmentak hazi dira gehien

Ontzi bat Bilboko portuan sartzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ukrainako gerrak ez du ondorio negatiborik izan Hego Euskal Herriko esportazioetan, ez behintzat urteko lehen hiruhilekoan. Are gehiago: aurtengoak azken urteetako emaitzarik onenen artean daude. Eustaten arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %21,7 handitu dira, iazko aldi berarekin alderatuta. Guztira, 7.391,4 milioi euroren salmentak egin dituzte hiru lurraldeetako industriek atzerrian. Hala ere, inportazioak esportazioak halako bi hazi dira (%42), eta horrek eragin du merkataritza saldoa %38 uzkurtzea—esportazioen eta inportazioen arteko aldea—, 978,6 milioi euroko superabitarekin.

Bizkaiko esportazioek izan dute urte arteko hazkunderik handiena: %27,9. Araban, igoera %16,6 izan da, eta Gipuzkoan, %18,7. Nafarroan, berriz, esportazioak %16,1 igo dira, eta 938 milioi eurokoa izan da superabita, inportazioak beste lurraldeetan baino gutxiago hazi direlako (%28,9), Espainiako Gobernuaren Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren datuen arabera.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoak lehen hiruhilekoan kanpora gehien saldutako hamar produktuen artean, ohikoa denez, hamar pertsona baino gutxiagorentzako autoak daude, guztizkoaren %42,3, baina 2021eko lehen hiru hilabeteetan baino %13,6 gutxiago izan dira. Salmentak gehien hazi diren produktuen artean, berriz, petrolio olio finduak (+% 139,8) eta industria erabilerarako koipe eta olioak nabarmendu dira (+%109). Hodi industriaren salmentek ere igoera handia izan dute: +%92,4.

Ohi bezala, Frantzia izan da hiru lurralde horietako industrien erosle nagusia, guztizkoaren %16,1arekin. Jarraian, Alemania (%16), Amerikako Estatu Batuak (%6,3), Herbehereak (% 6,1) eta Italia (% 6) azaltzen dira.

Inportazioak ere ugaritu egin dira Hego Euskal Herri osoan, bereziki produktu energetikoenak: +%76,5. Ez-energetikoak % 34,9 igo dira. Lurraldeka, Bizkaian %52,9 hazi dira inportazioak, %31,1 Araban, %30,5 Gipuzkoan eta %28,9 Nafarroan.

Otsailaren 24an hasi zen Errusiaren inbasioa, baina martxoko datuetan ere Ukrainako gerrak ez du ondorio kaltegarririk izan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrien kanpo salmentak %11 gehitu dira, aurreko urteko martxoarekin alderatuta. Serie historikoko hilabeterik onena da, gainera. Eta gauza bera gertatzen da inportazioen datuekin. Horiek ere handitu egin dira: % 31, eta batez ere produktu energetikoen %95,3ko igoeraren ondorioz gertatu da hori. Martxoko emaitza komertzialak 381 milioiko superabita eman du hiru lurraldeetan. Nafarroan ere martxo ona izan da: esportazioak %24,3 ugaritu dira, eta inportazioak %34,5. Superabita 411,1 milioi eurokoa izan da.

Eurogunean ere gainetik

Euroguneko ekonomian ere emaitza onak jaso dira, eta aurreikusi baino gehiago hazi da. Eurostatek atzo argitaratutako datuen arabera, ekoizpena %0,3 handitu da lehen hiruhilekoan, aurreikusi baino hamarren bat gehiago, eta enplegua %0,5 hazi da.

Dena dela, Europako Batzordeak murriztu egin du 2022rako hazkunde proiekzioa, %4tik %2,7ra jaitsita. Espero du, hori bai, denbora batez behintzat lan merkatuak hobera egitea. Laugarren hiruhilekoz jarraian gora egin du, eta pandemiaren aurreko mailaren gainetik dago. Hala eta guztiz ere, perspektibak oso zalantzazkoak dira oraindik, Ukrainako gerraren ondorioengatik; energia alorrean bereziki, eta hori sortzen ari den inflazio handiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.