Pleistozeno aroko altxor bat

Arrasaten aurkitutako aztarnategi batek orain dela 100.000 urte inguru Euskal Herrian fauna zelakoa zen jakiteko aukera eman die zientzialariei. Bertan gizakien arrastorik ez badago ere, hori abantaila bat dela diote ikertzaileek.

Aitziber Suarez geologoa, Arrasateko Artazu VII aztarnategian aurkitutako animalien aztarnak ikertzen Leioako campusean duen lantokian. BERRIA.
Juanma Gallego.
Leioa
2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Duela 100.000 urte, haitzuloetako lehoi batek behar ez zuen lekuan sartu zituen atzaparrak. Orbelez estalitako zulo handi batek animalia beldurgarri hori irentsi zuen. Hura bezala, inguruan ziren beste hainbat animalia amildegian behera jausi ziren: oreinak, bisonteak, panterak, apoak, saguak... guztira, 40 bat animalia mota. Harrapatuta gelditu ziren zazpi hegazti espezie ere.

Izan ohi den moduan, animalia horien zorigaitzezko patua altxor paregabea izan da zientzialarientzat. Izan ere, Pleistozeno garaiko Noeren arka txiki horri esker adituak gai izango dira garai horretako paisaia berreraikitzeko. Zeregin horretan dabil, besteak beste, Aitziber Suarez geologoa. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko doktore aurreko ikertzaile horren tesia Artazu VII izeneko aztarnategiaren sekretuak argitzera bideratuta dago. Arrasaten (Gipuzkoa) topatu zuten Pleistozeno garaiko altxor hori Kobate harrobiko langileek, 2012an. Bertako lanak gelditu, eta adituengana jo zuten enpresako arduradunek. Alvaro Arrizabalaga EHUko arkeologoak gidatutako lantalde bat urtebetez aritu zen ingurua induskatzen, baina hilabete honen hasierara arte ez dira lehenengo emaitzak plazaratu. Aztarnategia, berez, desagertu da, harrobiko lanek aurrera jarraitu behar izan zutelako. Baina adituek informazio guztia eskuratu zuten. Horren zati bat, hain zuzen ere, Suarezen bulegoan dago.

Zati handi bat, oraindik aztertzeko dagoena, kutxetan gordeta dago. Beste zatia, berriz, identifikatutako materialek osatzen dute, eta plastikozko poltsetan espeziearen eta mailaren arabera sailkatuta daude. Bere eraikinaren aurrean, Leioako campuseko liburutegian, orotariko gaiak aztertzen ematen dute askok eguna. Bera, bitartean, harea artean dabil.Eta harea dirudiena Suarezen altxorra da. Baina berez ez da harea, fosil ñimiñoz betetako sedimentua baizik. Sagu baten hortza, satitsu baten baraila... Puska horiek guztiak aztertu eta identifikatu ostean, sailkapena egiten du geologoak.

Paleontologia hitza entzutean, natur zientzietako museoen sarreretan egoten diren dinosauroen hezurrez osatutako eskultura erraldoiak etorri ohi dira burura. «Animalia handien hezurrak oso harrigarriak dira, baina mikro ornodunek informazio gehiago ematen dute», azaldu du Suarezek. «Azken finean, animalia zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta azkarrago aurre egiten die aldaketei. Arinago eboluzionatzen du. Izan ere, bizi diren habitatak espezifikoagoak dira animalia handiagoen habitatak baino». Mikro ugaztunen kasuan, informazio gehien ematen duten elementuak hortzak dira, Suarezek azaldutakoaren arabera; gehienbat hortzen arabera sailkatzen dituzte espezieak.

Datazioa: lan arazotsua

Orain badakite 100.000 urteko hezurrak direla aurkitutakoak, baina datazioa «buruhauste bat» izan omen da: «Aminoazidoen errazemizazioa izeneko teknika baliatu dugu fosilak datatzeko». Kasu honetan, ezinezkoa zen Karbono 14 edota termoluminiszenzia bezalako teknikak erabiltzea, eta horrek eraman ditu bestelako bideak jorratzera. «Fosiletan dauden aminoazidoen kopurua neurtzen da, denborarekin aminoazido horien kontzentrazioa aldatzen delako. Horrela jakin daiteke zenbat denbora igaro den».

XIX. mendeko urre bilatzaileak balira bezala, paleontologoek baheak erabiltzen dituzte hezur txikiak identifikatzeko. Bi iragazki mota baliatzen dituzte. «Beheko bahea 0,5 milimetrokoa da, eta goikoa, berriz, 2 milimetrokoa. Hori hala da kalkulatuta daukagulako mikro ugaztunen hortzen tamaina gutxienez 0,7 milimetrokoa dela». Lupa erraldoien bitartez material hori guztia banan-banan banatzea eta sailkatzea da hurrengo pausoa. Lan nekosoa da.

Baina ikertzeko ate asko ireki ditu aztarnategiak. «Aniztasun handikoa da, eta eskeleto asko posizio anatomikoan agertu dira, gainera; hau da, animalia hil zeneko posizio berean agertu dira hezurrak, lotuta». Horrelako kasuetan, Suarezen arabera, fidagarritasun handiz esan dezakete indibiduo bakarra ote zen. Zenbaketa lana bukatzeko badute ere, hasierako zantzuen arabera garai hartakoa gaur egungo paisaiaren antzekoa zela uste du Suarezek. «Tenperaturak erlatiboki altuak ziren, basoa inguruan izango zen, eta errekaren bat nahiko gertu zegoela uste dugu». Hezetasunaren adierazle diren espeziak agertu direlako dakite hori adituek. «Urpeko fauna azaldu da, satitsu batzuk hain zuzen ere», azaldu du. «Belarjaleen artean, berriz, bisonteak, ahuntzak eta oreinak zeuden. Haragijaleei dagokienez, berriz, panterak, lehoiak, otsoak, azeriak, basakatuak eta katamotzak».

Aparteko ezaugarriak

«Animalia horiek ohikoak ziren gure inguruan, baina arazoa da askotan aztarnategietan ez direla agertzen, garai horretako gizakiaren presentzia zela eta», azaldu du Suarezek. Izan ere, gizakiaren aztarnak agertzen direnen, normalean ez da azaltzen haragijaleen fosilik, gizakiak animalia horiek kontsumitzen ez zituelako. Suarezek azpimarratu duenez, horretan datza, hein handi batean, Artazuren garrantzia. «Garai horretan zegoen faunaren adierazle bikaina da, azken finean tranpa natural bat zelako». Halere, ulertezina da orain dela 100.000 urteko ekosistema ulertzea gizakiaren presentzia kontuan hartu gabe. Eta oso gertu, ehun bat metrora, haren arrastorik bada Lezetxikiko aztarnategi famatuan. Bertan, giza aztarna ugari topatu dira 1950eko hamarkadan Jose Miguel Barandiaranek lehen aldiz induskatu zuenetik.

Alvaro Arrizabalaga EHUko arkeologoarentzat zorte handia izan da horrelako aztarnategi bat alboan izatea. «Arkeologooi oso ongi datorkigu alboan kontradiskurtso hau izatea. Izan ere, Lezetxikin ditugunak gizakiek egindako aukera ekonomiko baten araberako arrastoak dira, eta hor, noski, zeihartasun bat dago. Hor ez daude garai horietan zeuden paisaiaren elementu guztiak, gizakiak eta beste haragijale batzuk jaten zutena baino».

Suarezen tesia zuzentzen du Arrizabalagak. Azaldu duenez, duela 100.000 urte inguru neandertalak bizi ziren inguru horretan. Gaur egungo gizakia, berriz, duela 42.000 urte azaldu zen. «Badakigu ordurako neandertalak desagertuak zirela». Gero nagusitu zenarekin alderatuz, neandertalak talde txikiagoetan bizi ziren. «Ibiltariak ziren, urte sasoi bakoitzean eremurik oparoena ustiatu ahal izateko. Udan Arabako lautadara igarotzeko aukera izango zuten». Arrizabalagaren arabera, garai horretan baliabide ugari egongo ziren bertan. «Irudikatu ahal ditugu negu aldean kostaldetik gertu zeuden babeslekuetara bueltatzen ere, bertan arrantza egiteko eta itsaskiak biltzeko. Beste sasoietan pilatutako okela lehortua edo ketua kontsumituko lukete».

Lehia gogorrean

Haitzuloetako lehoiak, hartzak eta lehoinabarrak inguruan egoteak neandertalen bizimodua baldintzatuko zuen seguruenera. Ez du dudarik Arrizabalagak. «Zaila da argitzea, baina lehian ari diren haragijaleak dira, eta bai basapiztiek bai gizakiek apodunak kontsumitzen zituzten: bisonteak, uroak, zaldiak, oreinak, basurdeak... Dakigunaren arabera, baina, ehiza sobera zegoen. Arkeologook gosea adierazten duten markatzaileak ezagutzen ditugu; hemen ez ditugu topatu». Hala ere, talde biek bata besteari errespetua izango zioten ziur asko. «Koba bat bilatzean pantera baten habia topatuz gero, seguruenera beste koba bat bilatuko zuten neandertalek, ahalik eta urrunen. Baina berdin egingo zuten basapiztiek koba baten barruan su bat igartzen zutenean».

Gizaki horien lehentasun bakarra irautea zen. Are gehiago neandertalen kasuan, anatomia bereziki zorrotza zutelako. «Gizon heldu batek batez beste 5.000 kaloria inguru beharko zituen. Baina, elikaduraz gain, bestelako baliabideak beharko zituzten: botikak, suharriak edota janzteko larruak, besteak beste».

Hogei urtez Lezetxiki ikertu ondoren, eta behin aztarnategiaren beheko arrokara helduta, ondorioak ateratzeko unea heldu dela uste du Arrizabalagak. Norabide horretan, gakoetako bat aipatutako baliabide horiek eskuratzeko neandertalek egiten zituzten mugimenduen azterketan egongo da. «Haien bizimoduari buruzko diskurtso osatuagoa behar dugu», adierazi du arkeologoak. «Askotan uste da historiaurrekoak izateagatik erdi ergelak zirela, baina benetan alderantzikoa da guztiz; ergelak zirenak ez daude gure ondare genetikoan, bizirik irautea lortu ez zutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.