«Propaganda terrorista» egotzita, lau urteko kartzela zigorra jarri diote Demirtasi

HDPko buruzagiak adierazi du berriz ere egingo lituzkeela egindako adierazpenak. Turkiak 5.000 militante atxilotu ditu azken bi urteetan

Demirtasen jarraitzaileak, ekaineko hauteskunde kanpainan, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Turkiak lau urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Selahattin Demirtasi. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidenteari «propaganda terrorista» zabaltzea egotzi dio epaileak. 2013ko Newrozen, kurduen egun nazionalean buruzagi kurduak egindako adierazpenengatik jaso du zigorra. Fiskaltzak urtebete eta bost urte arteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, «erakunde terrorista bateko propaganda» zabaldu izana leporatuta. Demirtasi PKK Kurdistango Langileen Alderdia eta Abdullah Ocalan erakundeko buru historikoa «goraipatzea» leporatu zioten: «Erakunde horrek herrialdea zatitu asmo du, horretarako indarkeria erabiliz, eta, 1984az geroztik, ekintza armatuak egin ditu herrialde osoan». Sureyya Onder legebiltzarkide kurduari ere hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote arrazoi berarengatik.

Demirtasek, baina, oso une berezian egin zituen adierazpenak; izan ere, handik bi egunera aldarrikatu zuten su-etena Turkiako Gobernuak eta PKK-k. Bake elkarrizketak abiatzea zen asmoa, baina, 2009an eta 2011n bezala, orduan ere bertan behera geratu ziren bake negoziazioak. Demirtasek, bada, epaia «bake prozesuarekiko mendekua» dela uste du.

HDPko buruzagiak kartzelatik entzun zuen bere kontrako epaia, eta esandako hitzak berriz ere esango lituzkeela jakinarazi zion epaileari: «Ez nuke inoiz aldatuko esandakoa». Demirtasek bere defentsa prestatzeko denborarik ez duela izan salatu du, duela bi egun jakinarazi baitzioten azken arrazoibideak prestatu behar zituela: «Ez da egokia nire defentsa baldintza hauetan egitea. Epaiketa justu bat aldarrikatzen dut».

Immunitaterik gabe

Demirtas Edirneko kartzelan dago 2016ko azarotik, behin-behineko atxiloaldian. Figen Yuksekdagekin batera atxilotu zuten, biek alderdiaren presidentetza partekatzen zutenean —bi urte lehenago eskuratu zuten kargua—. Turkiako Legebiltzarrak sei hilabete lehenago onartu zuen diputatu kurduei immunitatea kentzea. Recep Tayyip Erdogan presidentearentzat, «terrorismoa babesten» zuten diputatuak atxilotzeko legea zen, eta kurduentzat, «prozesu judizialak» abiarazteko aitzakia. Ordutik, HDPko 59 diputatuetatik 50 daude auzipetuta. Politikari kurduek, baina, badute aurrekari bat: 1994an 22 diputatu kurduri kendu zieten immunitatea, kurdueraz mintzatu zirelako.

Garai bateko urte beltzak itzuli dira, beraz, kurduek estatu sakona ere deitzen dioten aro iluna. Turkiak HDPko 5.000 kide atxilotu ditu azken bi urteetan, eta etxeratze agindu iraunkorra ezarri du Kurdistanen.

Erdoganek jazarpen politikoa areagotzeko tresna eskuratu zuen iaz, apirileko erreferendumaren bidez, konstituzioaren erreforma eginda, eta bide horretan sakondu du aurtengo ekainean bozak irabazi eta sistema presidentzialista ezarrita. HDPk bozetan lortutako emaitza onak ez dira nahikoa izan presidentearen boterea mugatzeko. HDPk botoen %12 lortu zuen. Demirtasek urtarrilaren hasieran iragarri zuen uko egin ziola presidente kargua berriz betetzeari, bere aurkako epaiketa hasi eta hilabetera, baina, azkenean, alderdiko hautagai gisa aukeratu zuten. Harekiko jazarpena herri oso baten kontrakoa da. Fiskaltzak 142 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat hainbat auzibide irekita; izan ere, benetako oposizioa egiten duen alderdi bakarrenetakoa ordezkatzen du.

HDP Turkiako hirugarren indar politikoa da. 2012an sortu zen, kurduen ekimenez, baina azken urteotan ezkerreko hainbat eragilek ere egin dute bat alderdiarekin; tartean, mugimendu feminista eta ekologista eta gutxiengo etnikoak. 2015eko hauteskundeetan inoiz lortu gabekoa lortu zuten; izan ere, ordura arte independente gisa aurkezten ziren hautagai kurduak, eta, urte hartan, ekaineko bozetan, %10eko langa gainditu eta ordezkaritza zabala lortu zuten legebiltzarrean —botoen %13,1 lortu zituen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.