Moteltzearen itzala gero eta luzeagoa den arren, baikor daude enpresariak

Enpresen konfiantza igo egin da bigarren hiruhilekora begira, Laboral Kutxaren inkestaren arabera. %11,2k diote egoera hobera doala

Behargin bat lanean, Vicrila enpresan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ez da desagertu oraindik 2008ko krisi handiak utzitako lorratz mingarria, baina krisi berri baten aukeraz hitz egiten hasiak dira Europako hainbat eragile, ekonomiaren moteltze nabarmenaren itzalean. Bada, Laboral Kutxak hiruhiletik behin egiten duen enpresarien konfiantzari buruzko inkesta ez doa bide horretan; indizea hobetu egin da urteko bigarren hiruhilekorako, eta ekonomiak eboluzio ona izango duela uste dute galdetutako gehienek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdetutako 400 enpresarien %66,9k uste dute ekonomiaren egoerak bere horretan jarraituko duela; %11,2k hobetu egingo dela; eta %21,9k okertu egingo dela.

Konfiantzaren hobetzea nondik datorren azaltzen hasita, esan behar da enpresek fakturazio hobea espero dutela 2019ko bigarren hiruhilekorako: %51,6ren ustez, mantendu egingo da, eta, %36,3ren ustez, hobera egingo du. Enpresen %12,1ek uste dute fakturazio okerragoa izango dutela. Jarduerari dagokionez, %65,7k uste dute ez dela aldaketarik egongo, eta %20,4k hobera egingo duela. Laginaren %13,8k baino ez dute uste jarduerak okerrera egingo duela.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresariak aldagai bi horiei nola erantzun dieten ikusita, pentsa daiteke gehiago saltzea espero dutela; ala garestiago saltzea espero dute? Ba emaitzek diote eskaeren bolumena hobetzeko aurreikuspen argia dagoela; beraz, moteltzeak moteltze, urteko lehen erdira arte behintzat, ez da gainbehera handirik espero, Laboral Kutxaren inkestaren arabera. Galdetutakoen %51,2k uste dute eskaeren bolumenean ez dela aldaketarik egongo, eta %36,3k hobera egingo duela. Enpresen %12,5k baizik ez dute uste kontratu berrien bolumen horrek behera egingo duela.

Eta enpleguari begira zer? Moteltzea eragin zuzena izaten ari da enplegu sorreraren abiaduran, langabeziaren azken datuek erakutsi dutenez, baina inkestaren ondorioak ez dira batere ezkorrak: enpresen % 76,5ek erantzun dute enpleguan ez dutela aldaketarik espero; % 17,6k lantaldea handitzeko itxaropena dute; eta % 5,9k guztiz kontrakoa, langile kopurua murriztu egingo dutela.

Alemaniak kezka sortzen du

Hiru lurraldeetako 400 enpresarik egiten duten aurreikuspena ez da txarra, beraz, baina Europan gero eta datu gehiago daude moteltzearen garrantziaz. Handelsblatt egunkariak dio Berlingo gobernuak barne agiri batean %0,8ko hazkunde aurreikuspena egin duela 2019. urterako. Alegia, OCDEk Alemaniarentzat egindako %0,7ko hazkunde aurreikuspenarekin bat letorke ustezko agiri hori, eta berretsiko luke Europako motorra benetako arazoetatik gertu legokeela makroari dagokionez.

OCDEk, izan ere, mundu mailako arazoak ikusten ditu, eta eurogunean, Alemania eta Italia seinalatu ditu jaitsiera nabarmenenak aipatzean. Dena den, AEBak, Erresuma Batua eta Kanada ere gain behera doazela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.