Noiz sortua: 2019-05-14 00:30:00

Martxan dago jadanik N-1eko kamioientzako bidesari sistema berritua

Justiziak sistema bertan behera utzi eta gero, Gipuzkoako Aldundiak proiektua zuzendu behar izan du, eta bidesari berria martxan da gaurtik
N-1eko bidesari sistemaren AT arku bat Andoainen.
N-1eko bidesari sistemaren AT arku bat Andoainen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2019ko maiatzak 14

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako kamioientzako bidesari sistema bertan behera uzteko agindua eman zuen iazko apirilean; ordutik, Foru Aldundia erlojuaren aurka aritu da bidesari sistema berritu eta atzera martxan jartzeko, auzitegiak jarritako eragozpenei izkin eginez. Tarifak aldatu dira, eta arku batzuen kokapena ere bai. Alderik handiena da A-15eko zatia zergapetuko duen arkua Astigarragan dagoela orain, eta hark kudeatuko duela tarte hori, ez Irungo arkuak. Andoaingo zatiaren truke orain arte pagatu duten kopurua halako bi ordainduko dute kamioilariek aurrerantzean. Aldaketa guztiak egin dituzte justiziak bere ebazpenean nabarmendutako bidesariaren izaera baztertzailea saihesteko; alegia, kamioilari atzerritarrek eta bertakoek, hau da, Gipuzkoa barruan ibiltzen direnek, ekarpen orekatuagoak egin ditzaten N-1 errepidea erabiltzearen truke.

Hamasei hilabete iraun du Gipuzkoak kamioilarientzat martxan jarritako lehen bidesari sistemak. Espainiako Auzitegi Gorenak haren legezkotasunaren inguruan ebatzi behar du oraindik, baina iragana da jadanik, Foru Aldundiak sistema berritu baitu legezkoa izan dadin. Gaurdanik, lau dira kamioilariek pagatuko dituzten tarteak N-1ean eta A-15ean, eta bi arku berri izango ditu sistemak; Astigarragan bat, eta Andoainen bestea (bigarrena). Ordainketa berri horiekin, sistemaren aurkako edozein salaketak aurrera egin dezan eragotzi nahi du aldundiak.

Hiru arku nagusi

Atzo arte indarrean egon den bidesarien sistemaren %75 aldatu da. 10,8 milioi euroko bilketa egin du sistemak azken urtean, eta erakundea ez dago prest diru sarrera horiek galtzeko, errepide sare bera mantentzeko ekarpen garrantzitsua baita.

Bidesari egokituak lau arku izango ditu: Etzegaraten, Andoainen (bi) eta Astigarragan. Hala, Andoain-Andoain (2,2 km) eta Idiazabal-Etzegarate (7,4) tarteak ordainduko dira, batetik; 0,48 edo 0,62 zentimo pagatuko dituzte kamioilariek Andoaingo tarte txikiaren truke —hamabi tonatik beherako edo gorako kamioiak diren—. Astigarragatik Etzegaratera joateagatik, berriz, 4,24 eta 5,32 euro ordainduko dira. Horrek esan nahi du Gipuzkoa gurutzatzen duten atzerriko kamioilariek 1,3 eta 1,5 euro arteko kopurua aurreztuko dutela sistema zaharrarekin alderatuta.

Sistema egokituan tarte berri bat dago, gainera, Astigarragako arkutik (A-15) AP8ko lotunera artekoa, Astigarragan bertan. Hala, ordainpeko barneko tarteak luzatu egin dira, 2,2 kilometrotik 5,37ra, Andoaingo arkuak kobratzen duenaren kasuan. Baina Gipuzkoa zeharkatu ahal izango da 4,24 euroren truke, edo 5,32ren truke, kamioi handienekin bada. Atzo arte, 5,56 eta 6,89 euro ziren. Aldundiak kalkulatu du egunero 30.000 kamioi pasatzen direla batez beste arkuetatik.

Europako Batzordearen oniritzia dauka AT bidesari sistema berriak, baina Espainiako Auzitegi Gorenarena beharko du, sistema berria ere salatu baitute garraiolarien patronalek. Sistema zaharraren eta berriaren inguruan erabaki behar du auzitegiak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 27an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hemeretzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bederatzi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.812 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.034 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lanbideren Gasteizko bulego bat, itxita ©Luis Jauregialtzo, Foku

Munduko bortz gaztetatik batek lana galdu du pandemia hasi zenetik

Berria

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, koronabirusak eragindako krisiak bereziki eragiten die gazteei. Lana duten gazteen %23ri lan orduak murriztuko dizkiete. Erakundearen arabera, emakumeak ari dira bereziki pairatzen krisiaren ondorioak. 

Ursula von der Leyen, artxiboko irudian, ©OLIVIER HOSLET / efe

Bruselak 750.000 milioi euroko funtsa proposatu du

Iker Aranburu

500.000 milioi laguntza zuzenak izango lirateke, eta beste 250.000 milioi, maileguak. Ekonomia «modernizatzea» izango da dirua jasotzeko baldintza.

Langile bat lanean, Donostiako Ospitaleko laborategi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna