Iragarri dute 2025erako izango dutela 5G konexioa industrialdeen erdiek

Jaurlaritzak eraldaketa digitalerako duen estrategia berriaren hemezortzi ildoetako bat da. 1.400 milioi euroko aurrekontua izango du gutxienez

Ziur zibersegurtasun zentroko langile bat. Jaurlaritzak indartu nahi dituen arloetako bat da. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 1.400 milioi euro inbertitzeko asmoa du euskal gizartearen digitalizazio prozesua bizkortzeko. Bultzada horren helburuak «herrialdearen lehiakortasuna bultzatzeko balio erantsia gehitzea eta arrakala digitala eta ekonomikoa murriztea» dira. Hala aurreratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, eta, ekimen horrekin, gizartearen «batasun sozial eta lurralde mailakoa» areagotuko dela uste du.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiaren berri eman zuen Tapiak, atzo, eta hura aurkezteko saioan izendatu zituen helburu horiek. Anbizio handiko egitasmoa da, lau lan norabide eta hemezortzi lan ildo zehatz dituena. Horiek aurrera eramateko, baina, «palanka teknologikoak» deiturikoen beharra nabarmendu zuen. Baina zer dira palanka horiek? «Teknologia digital eta berritzaileak dira» azaldu zuen. Eta zeintzuk dira, zehazki? Sei ageri dira txostenean: 5G konektagarritasuna, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa, hodei zerbitzuak eta elkarlan publiko eta pribatua.

Jaurlaritzaren asmoa teknologia horiek «besteek baino lehenago» hedatzea da, eta hortik lortzea balizko lehiakortasun hori. Asmo horretan hainbat mugarri zehatz iragarri zituen Tapiak, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrialdeen erdiek 5G Internet teknologia izatea 2025erako. Oraingoz, teknologia hori hamahiru enpresaren bitartez bideratu dute, eta parke teknologikoetara mugatu da.

Beste pauso bat Basque Artifical Intelligence Center delakoa martxan jartzea da. Iaz eman zuen Jaurlaritzak adimen artifizialeko zentroaren berri, eta atzo hainbat xehetasun gehitu zituen. «Zentro birtuala» izango da, laborategi moduan jardungo duena. Tapiaren esanetan, teknologia hori bultzatzea ezinbestekoa da «Euskadik bere historiako erronka teknologikorik handienetako bati aurre egin diezaion». Gaur egun, hamar langiletik gorako lantegien %6k darabilte adimen artifiziala, eta, lau urte barrurako, kopuru hori bikoiztu nahi dute. BAIC Europaren Hurrengo Belaunaldia funtsak lortzeko aurkeztu duen egitasmoetako bat da.

ETEei begira

Jaurlaritzaren beste asmoetako bat da digitalizazioa enpresa txikietara eta ertainetara iristea. Horien %60ek modu digitalean lan egiteko gaitasuna izatea nahi dute, eta, ildo berean, langileak informazioren eta komunikazioaren teknologietan trebatzen dituztenak %30,7ra igotzea. Orain, %19,7 dira. Igoera hori, besteak beste, faktura elektronikoen kopuruan islatzea nahiko lukete. Egun, enpresen %35,2ak igortzen dituzte, eta %46,1era igotzea da asmoa.

Lan ildoei erreparatuta, euskal zibersegurtasun zentroa indartzea edota Banda Zabal Ultralasterraren Behatokia sendotzea ere ageri dira. Behatoki hori 2016an sortu zuen Jaurlaritzak HAZI, SPRI eta aldundiekin elkarlanean, eta abiadura handiko konektagarritasunak lurraldean duen hedapena neurtzea du helburu. Azkenik, lau urteko epean Metaposta zerbitzuaren erabiltzaileak 170.000tik 250.000 izatera igarotzea da beste xedeetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.