Garraiolariek salaketa jarri diote Oiarbideri, «ez diolako epaiari obeditu»

Espainiako Fenadismerrek dio «legez kanpokoa» dela N-1eko bidesaria kobratzea, eta Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak badakiela

Markel Olano eta Aintzane Oiarbide, Belabietako tunelean, atzo. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
xabier martin
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Arrasto luzea uzten ari da epaitegietan Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1ean eta A-15ean kamioientzako jarritako bidesarien auzia. Hiru sindikatuak aurreko astean Bidegiren aurka jarritako salaketaren ondoren, Espainiako Fenadismer garraiolarien patronalak beste salaketa bat jarri du, oraingoan Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren aurka, arduradun horrek ez dielako «obeditu» EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiei, «hilabete baten ondoren». Justiziak esan du Bidegik 2018an martxan jarritako kamioientzako bidesariak legearen aurkakoak direla, eta aldundia erlojuaren aurka ari da legera egokitzeko aldaketak egiten kobrantza sisteman. Aldaketa hori N-1 eta A-15 osoan bidesariak jartzea izango da.

«Ebazpen judizialei kasurik egin ez, eta zuzenbide estatuaren aurkako desafioan jarraitzen du», esan du Espainiako patronalak; «legezko bermerik ez duen arren, bidesariei eutsi die, jakinda horrek zer arrisku dakarren». Fenadismerrek Oiarbideren kontra jo du, «sektorearen aurkako irainak» egin omen dituelako: «adibidez, esatea egoeraren erantzuleak Espainiako garraiolariak direla». Gipuzkoako iritzi publikoa «nahastu nahian» dabil diputatua, patronalaren arabera, «fronteak sortzeko argudioak» baliatuz. Agintari publiko batentzat «desegokiak» dira argudio horiek, Fenadismarren ustez, eta «porrot pertsonal bat» ezkutatzeko dira.

Hori dela eta, Gipuzkoako epaitegi batera jo du Espainiako erakunde horrek, Oiarbideren eta Bidegiren aurka, «Diputazioak bidesariak kobratzen jarraitzen duelako, jakinda EAEko nagusiak bidesarien foru araua baliogabetu egin duela, eta epai hori egonkorra dela». Fenadismerren arabera, «errealitate hori ezkutatzeko hainbat estrategia» erabili ditu aldundiak, «justifikatu ezin dena justifikatu nahian».

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiek ez dutela behartzen ezer itzultzera: hala nabarmendu du sarritan Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Aldundiaren lehen bi foru arauetako epaiek adierazi dute orain arteko bidesariek kanpoko garraiolariei kalte egiten dietela, bi bide horietako zati batzuetan ez dagoelako ordaintzeko arkurik. Zeharkako diskriminazio hori konpontzeko, modu bakarra aurkitu du aldundiak: bide guztia kobratzea. Hala, gaur egun dauden hiru arkuei—Etzegarate, Andoain eta Astigarraga—, beste batzuk gehituko dizkie. Noiz, non eta zenbat izango diren ez du argitu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.