Adingabe transexualen eskubideak bermatzeko bidea hasi du Kaliforniak

Arauak babesa eskaintzen die beren estatuetan tratamendurik jaso ezin duten adingabeei. Ordezkarien Ganberaren onespena behar du orain

Atleta transexualen aldeko elkarretaratze bat, ekainean, Washingtonen. JORGE DASTIS / EFE.
Lide Iraola - Arantxa Elizegi Egilegor
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Adingabe transexualentzako eta haien gurasoentzako aterpe bilakatu nahi du Kaliforniak, eta babesa eskaini beste estatu batzuetan sexua moldatzeko tratamendua jaso edo ebakuntza egin ezin dutenei. Izan ere, halako tratamendu edo ebakuntzak legez kanpokoak dira hainbat tokitan, besteak beste, Texasen, Alabaman, Louisianan, Arizonan eta Idahon. Estatu horietan kartzela zigorra ere ezar diezaiekete beren seme-alabei halako tratamenduak baimentzen dizkieten gurasoei.

Lege proposamena iazko ekainean egin zuen Scott Wiener senatari demokratak, eta aurtengo urtarrilean onartu zuen Senatuak. SB-107 legearen arabera, seme-alabei Kalifornian sexua moldatzeko tratamendua edo ebakuntza baimentzen dieten gurasoek ez lukete lege erantzukizunik izango, nahiz eta, berez, halakoak debekaturik dauden estatu batekoak izan. Aldi berean, inork ezingo luke adingabea gurasoengandik banandu, ez eta hura atxilotu ere, seme edo alabarentzako tratamendua edo ebakuntza onartzeagatik, eta ez da zabalduko tratamendua jaso duen pertsonaren daturik. Kaliforniako Ordezkarien Ganberaren onespenaren zain dago orain legea, gobernadoreak berretsi eta indarrean sartu aurretik.

Equality California eta Planned Parenthood erakundeen babesa jaso du proposamenak. Baina izan dira aurka agertu direnak ere, alorrik kontserbadoreenetan batez ere. Zenbait guraso elkartek argudiatu dute adingabe horietako askok «aldi baterako nahasmendu psikologikoak» dituztela, «nerabezaroarekin lotutakoak». Ordea, The Journal of Sexual Medicine aldizkariak 2015etik egindako galdeketen arabera, soilik emakumeen %0,6 eta gizonen %0,3 leudeke deseroso sexua moldatzeko tratamendua jaso izanarekin.

Babeslekuak

Lege proposamenak aterpe bat eraiki nahi du, hain zuzen, AEBetan zabalduta dauden transexualen aurkako politikak indarrean dituzten estatuetan bizi diren herritarrentzat. Urte hasieratik, 300 lege proposamen baino gehiago egin dituzte ordezkari errepublikanoek transexualen eta, batez ere, adingabeen eskubideak mugatzeko helburuz; horien erdiek, gutxi gora ehera, adingabeei eragiten diete. Texas estatuan, adibidez, gazte transexualak beren familiengandik banandu eta harrerakoetara eramateko aholkatu zien estatuko erakundeei Gregg Abbott gobernadore errepublikanoak; epaitegiek, baina, blokeatu egin zuten agindua.

Dena den, Kalifornia ez da urratsa egin nahi duen estatu bakarra, beste 18 estatuk ere bide bera hartzeko konpromisoa iragarri dute, besteak beste, Connecticutek, Floridak, Georgiak, Illinoisek eta Kansasek. Minnesotak eta New Yorkek hasi dute dagoeneko prozesua. Wienerrek berak iragarri du erabakia: «Gaur harro gaude jakinarazteaz gure herrialdeko estatuen herenek baino gehiagok borrokatu egingo dugula Texasen eta beste hainbat tokitan onartzen ari diren transexualen aurkako neurrien aurka. Nazio mailako kanpaina bat abiatuko dugu adingabe transexualen eta haien gurasoen eskubideak bermatzeko. Aspertuta gaude geure burua defendatzeaz; erasora jotzeko ordua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.