Ukrainari tankeak ematearen alde agertu dira NATO eta Brusela

Gatazkara arma astunak bidaltzearen ondorioez ohartarazi du Kremlinek. Kieven arabera, Errusiak, kuantitatiboki, «abantaila nabarmena» du

Ukrainako armadaren soldadu bat, herenegun, Bakhmuten, tanke baten barruan. OLEG PETRASIUK / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak joan den asteartean aurreratu zuen «iragarpen berriak» egingo dituztela, Ukrainari laguntza militarra ematen dieten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen bileran, gaur, Ramsteinen, AEBek Alemanian duten base militar batean. Kievek Mendebaldeari egiten dion eskaera nagusia da arma gehiago bidal ditzala, eta, Jens Stoltenberg NATO Ipar Alantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak herenegun adierazi zuenez, iruditzen zaio batzarrak balio beharko lukeela are gehiago baieztatzeko aliatuek Ukrainari emandako laguntza militarra, eta, horretarako, Kiev «arma astun eta moderno gehiagorekin» hornitzeko eskatu du. Charles Michel Europar Kontseiluaren presidenteak ere, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartu eta gero, atzo esan zuen Kievek tankeak behar dituela.

Frantziak duela bi aste pasa baieztatu zion Ukrainari AMX-10 RC motako tanke arinak bidaliko zizkiola, eta Zelenskik adierazi zuen, Mendebaldeko beste herrialdeak seinalatuz, ez zegoela arrazoi sendorik haiek tankeekin ez hornitzeko. Duela hilabete ere, Joe Biden AEBetako presidenteak esan zionean Patriot aireko defentsa sistema bidaliko zuela Ukrainara, Zelenskik laguntza militar handiagoa eskatu zien beste aliatuei. Errusiako Gobernuak orduan adierazi zuen laguntza militarra areagotzea ez dela «lagungarria» gatazka konponbidean jartzeko, eta Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gauza bera esan zuen atzo, Ramsteingo bileraren aurretik. Pentsatzen du Ukrainari arma astunak emateak «kualitatiboki» areagotuko duela gatazka, eta ez dela lagungarria izango «Europaren segurtasunarentzat».

Baina Ukrainak atzo bertan eskatu zien aliatuei «nabarmen indartzeko» armen hornikuntza. Hori azpimarratu zuten Oleksii Reznikov Defentsa ministroak eta Dmitro Kuleba Atzerri ministroak, ohar bateratu batean. Orain arte emandako laguntza eskertu zieten aliatuei, baina, ohartarazi zutenez, tropei, armamentuari eta ekipamendu militarrari dagokienez, Errusiak, kuantitatiboki, «abantaila nabarmena» du. Zehaztu zuten Mendebaldeak orain arte emandako armen laguntzarekin azkeneko hilabeteetan lur batzuk berreskuratu dituztela, baina gogoratu zuten, aldi berean, Errusiak jarraitu duela erasoak gogortzen. «Denbora bukatzen ari da», dei egin zuten Kulebak eta Reznikovek, eta Leopard 2 tankeak eskatu dizkiete, herrialdeen izenak aipatuta, Kanadari, Espainiari, Danimarkari, Finlandiari, Greziari, Norvegiari, Poloniari, Suediari eta Alemaniari.

Alemaniaren jarrera

Leopard 2-ak 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik Alemanian fabrikatutako tankeak dira, merkatu militarreko sofistikatuenetakoak. Hain zuzen, ikusteko dago zer erabakiko duen Alemaniak, baina Olaf Scholz kantzilerrak zuhur jokatu nahi du laguntza militarra emateko orduan, bai Berlinek oraindik energiaren alorrean lotura batzuk dituelako Errusiarekin, bai irizten diolako arma hornikuntzak gatazka areagotzea dakarrela.

Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministro berria Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariarekin bildu zen atzo, eta ondorengo agerraldian nabarmendu zuen Ukraina militarki lagunduko dutela, «baita Alemaniako armadaren materialarekin ere». Ez zituen Leopard 2 tankeak aipatu, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.