Klima aldaketaren aurkako itunaren epeltasuna salatu dute nazioarteko eragileek

Gobernuz kanpoko erakundeek IPCCren txosten zientifikoa aintzat hartu ez izana kritikatu dute. Premiaz ekiteko eskatu diete gobernuei

Klima aldaketari aurre egiteko neurri aski hartzen ez direla salatzeko manifestazioa, Belgikan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Katowiceko COP24ko goi bilerak zeresana ematen jarraitzen du, ez soilik topaketa egun bat gehiago luzatu behar izan zutelako eta ituna egunaren azkenetan adostu ahal izan zutelako, baizik eta akordioaren beraren eduki eskasagatik. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariek testuaren epeltasuna salatu dute, eta estatuei anbizio falta egotzi diete. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak berak aitortu du aurrerantzean «klima aldaketa garaitzeko» lehentasuna «anbizioa, anbizioa eta anbizioa» izango dela. Guterresek aurreratu du horixe izango dela Txilen irailean egingo den hurrengo goi bileraren ardatza.

Kritikarik zorrotzenak, baina, ingurumenaren alorrean ari diren eragileen ahotik etorri dira. Polonian, Parisen duela hiru urte hitzartutako konpromisoak betetzeko arauak eta tresnak zehaztu dituzte, baina neurri irmoagoak hartzeko beharraz ohartarazten duen txosten zientifikoari zeharka egin diote erreferentzia. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak mende bukaerarako tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatu behar dela dio, ondorioak, bestela, katastrofikoak izango direla ohartarazita. Parisen bi graduan jarri zuten langa, baina tenperatura uste baino bizkorrago ari da igotzen. Eragileek, alde horretatik, premiazko neurriak hartzeko eskatu dute Katowicen.

CAN Ekintza Klimatikorako Europako Sareak, gobernuz kanpoko hainbat erakunde biltzen dituen sareak, gobernuen jarrera salatu du, 2030erako gas isurketak %55 murrizteko xedeari muzin egin diotelako.

Jennifer Morgan Greenpeaceko ordezkariaren arabera, txostenaren aurrean «erantzun falta» nagusitu da: «Herrialdeak ezin dira elkartu esateko ezin dutela ezer gehiago egin. Gobernuek munduari huts egin diote. Ez dute zientzia aintzat hartu, eta, ondorioz, ezta egoera kalteberan dauden pertsonak ere». Morganek ohartarazi du nazioak desagertzeko arriskuan daudela: «Premiaz ez badiogu ekiten, neurririk zorrotzenak hartuta ere ez goaz inora. Ekintzak espero genituen, eta gobernuek ez dute ekitea lortu, eta hori moralki onartezina da». Asuncion Ruiz SEO/BirdLifeko zuzendariaren hitzetan, lorpenak «txikiak» dira: «Tristea da. Akaso, zoritxarrez, momentu geopolitiko hauskor batean lor zezaketen emaitzarik onena izan da».

Finantzaketa

Era berean, herrialde garatuek pobreekiko begirune txikia erakutsi dute, 2020tik aurrera ehun mila milioi dolar emateko hitza promes gisa geratu baita. Modu sostengagarrian garatzeko eta klima aldaketari egokitzeko finantzaketa ez da zehaztu, nahiz eta garabidean diren estatuei nolabaiteko malgutasunez aritzeko baimena eman dieten. Katowicen, bada, nabarmentzeko puntu bakanetakoa gardentasunarena izan da. Estatuak nor bere kabuz ari ziren orain arte, eta, aurrerantzean, bakoitza zertan ari den eta konpromisoak betetzen ari ote den ikuskatzeko mekanismoa izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.