Euskabeak egoitza berria inauguratu du, neurrian eta proiektutan hazteko

Andoaingo enpresak ingeniariak kontratatu ditu, sektore berrietara hedatzeko. Kolonbian adar bat sortu du, Latinoamerikan lana lortzeko

Eugenio Mitxelena Euskabeako burua, eskuinean, enpresaren sortzaileekin eta agintariekin. JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA.
Iker Aranburu.
Andoain
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egoitza berria du Euskabea enpresak, Andoainen (Gipuzkoa). Azken urteetan erabili duen pabiloitik gertu dago egoitza berria, baino hura halako bi da —3.000 metro koadro ditu—, eta horri esker han bildu ahal izan ditu, ekoizpenean aritzen diren langileak ez ezik, baita administraziokoak, programatzaileak eta ingeniariak ere. Guztira, 107 langile ditu konpainiak, eta urtean hamar milioi euro inguru fakturatzen ditu.

1981ean sortu zuten Euskabea, Hernanin, eta ekipo elektrikoak eta argindarrarekin zerikusia duten zerbitzu integralak egiten ditu. «Jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa» egin du azken urteetan, Eugenio Mitxelena kontseilari ordezkariak azaldu duenez. Izan ere, egoitza berria inauguratzeaz gain, sektore eta eremu berrietara zabaltzen ari da. Oraintsu adar bat sortu dute Kolonbian, Medellin hirian zentral hidroelektriko bat hornitzeko proiektu «konplexuak» eman dien esperientzia eta jakintza baliatu nahi duelako Latinoamerikan lan gehiago lortzeko.

Euskal Herrian ere enplegua sortu du: telekomunikazioetan, elektrizitatean eta industrian adituak diren ingeniariak kontratatu ditu, esparru berrietara hedatu nahi baitu. Horien artean itsasoko eolikoa, ontzigintza eta kogenerazioa aipatu ditu Mitxelenak.

Teknologian ere apustua egin du Euskabeak. Satiins izeneko programa bat garatzen ari da Sistemas Mecanicos GAES enpresarekin batera, bere bezeroei 24 orduko mantentze zerbitzua eman ahal izateko. Haren bidez, Euskabeak berehala jakingo du bere instalazioetan zer gertatzen ari den. «Errodaduretan, erreduktoreetan, ontzigintzan eta hozkailuetan erabili nahi dugu».

Euskabearen bezeroen artean daude euskal industriako enpresa ezagunak (Orona, Ulma, Fagor taldea, Irizar, Guascor...), baina baita zerbitzu arlokoak eta administrazioak ere (Osakidetza, Kutxabank, Gipuzkoako Aldundia, AENA...).

Hainbat agintari izan ziren atzoegoitza berriaren inaugurazioan. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak txalotu egin zuen Euskabeak 2,5 milioi euroren inbertsioak egitea ekonomia moteltzen ari den garai batean, eta gaineratu du emaitzak hobetu ahal izango dituela haiei esker. Halaber, esan zuen Euskabea «enpresa transbertsala» dela, langileen parte hartzea ahalbidetzen duelako.

Euskabea «herria egiten duen proiektu bat da», ziurtatu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «Batzuetan ez gara konturatzen zenbateko altxorra daukagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.