Ekonomiaren hazkundea azkartuz doa: %2 handitu da apiriletik ekainera

Lehen hiruhileko eskasaren ostean, BPGa sendo hazi da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Iazko epe beraren aldean, %18,5ekoa da errebotea

Irizar kooperatibaren Adunako fabrika, Gipuzkoan. JON URBE / FOKU.
xabier martin
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Kutsatze gehiago eta ospitaleratze gutxiago eragiten ari den pandemiaren olatu berriak ziurgabetasun gorena ekarri du berriro ekonomiaren hazkunde aurreikuspenetara, edo beste modu batera esanda: ekonomiaren aurtengo errebotea zenbatekoa izango den kalkulatzea inoiz baino zailagoa gertatzen ari da. Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoak albiste onak utzi ditu: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraitzen du laugarren hiruhilekoz segidan, eta BPG barne produktu gordina %2 handitu da apiriletik ekainera, urte hasieran izandako geldialdiaren ondoren (%0,2).

Hau da, ekonomiaren abiadura azkartuz doa, industriak eta haren esportazioek bultzatuta batik bat, eta laino beltz handienak zerbitzuetan daude oraindik ere, betiere turismoari lotuta. Birusaren oldarraldi berriak urte bukaerako emaitzan nola eta zenbat eragin dezakeen galdera ikur handi bat da orain, baina ekonomiaren jarduera batzuek motorrak berotu dituzte; ez dago zalantzarik. Pandemiari aurre egiteko neurriek eragina izaten jarraitzen dute, baina begien bistakoa da: munduko zenbait merkatu sendo ari dira, eta, euskal industriaren nazioartekotze maila onari esker, esportazioak ekarpen handia egiten ari dira. Hala, urte arteko tasan %18,5eko hazkundea islatzen du adierazleak, nahiz eta hazkunde erraldoi horrek ez du askorik adierazten, konfinamendu beteko hiruhilekoarekin alderatzeak espero zitekeena baizik ez baita.

Urteko lehen erdi eskasa

Errebotea zenbatekoa izango den aurreikusteko azken gaurkotzean, %6,7ko hazkundea azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, aurreko aurreikuspena ia bi puntu apalduta —%8,6koa zen—. Pandemia eragiten ari den ziurgabetasun handiak 2021eko errebotea apaltzera eraman zuen Jaurlaritza. Urteko lehen erdian, hazkunde pilatua %2,2koa baizik ez da izan, eta bigarren erdian ekonomiaren abiadurak dezente bizkortu beharko du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Gasteizko gobernuaren %6,7ko helburu hori bete dadin.

Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoarentzat kalkulatua zuen baino gehiago hazi da BPGa, %18,1eko urte arteko tasa aurreikusi baitzuen Lakuak, eta %18,5eraino joan da aldea.

Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostuak kontuan hartuz, %2,1 hazi da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko epealdiaren aldean. Irailaren 17an emango ditu Jaurlaritzak ekonomiaren hazkundearen aurrerapen honen xehetasun gehiago, eta, beharbada, doikuntzak egingo ditu. Familien kontsumoa %19,4 haziko dela aurreikusi du gobernuak (urte arteko tasan), eta %4,5 administrazio publikoan. Industriaren hazkunde handia aurreikusi du, era berean, %30ekoa kasik, eta 15,7koa zerbitzuetan. Eraikuntzari ere hazkunde aurreikuspen handia dagokio, ia %17koa. Zenbaki horiek iraileko txosten zabalagoak berretsi beharko ditu, dena den.

Aurtengo hirugarren hiruhilekorako %6ko hazkundea aurreikusi du Gasteizek, urte arteko tasan betiere, eta urteko azken hiru hilabeteetarako kalkulatutakoa, %7,4koa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.