Hainbat politikariren datu pertsonalak hackeatu eta zabaldu dituzte Alemanian

Gobernuak larritzat jo du zibererasoa, eta salatu du helburua izan dela «erakundeenganako eta demokraziarenganako konfiantza pitzatzea»

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, joan den abenduan, Bruselan, Belgikan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Alemaniako historiako zibererasorik handiena izan da. Angela Merkel kantzilerraren eta ehunka politikariren datuak hackeatu eta zabaldu dituzte sarean, hala nola hainbat pertsona publikorenak; tartean, zenbait artistarenak, abeslarirenak, kirolarirenak eta kazetarirenak. Gobernuz kanpoko erakundeetako kideen datuak ere filtratu dituzte. Alemaniako Gobernuak «oso larritzat» jo du eraso informatikoa. Katarina Barley Justizia ministroaren hitzetan, «erakundeenganako eta demokraziarenganako konfiantza pitzatzea» izan da ekintza horren helburua: «Kriminal hauek ez dituzte inolaz ere diktatuko gure herrialdearen eztabaidaren edukiak».

Agintariak bart ohartu ziren erasoaren neurriaz, baina, berez, Eguberrien aurretik hasi ziren datuak sarean zabaltzen. Twitterren 17.000 jarraitzaile dituen @_0rbit kontuaren bidez hedatu dute informazioa. Kontu horren erabiltzaileak «segurtasun ikerlari eta satiro» gisa aurkezten du bere burua. Zabaldutako datuen artean alderdien barne dokumentuak daude, baina, baita datu eta mezu pertsonalagoak ere; esaterako, telefono zenbakiak, helbide postalak, helbide elektronikoak, kontu korronteen eta kreditu txartelen zenbakiak eta fakturak. Politikariek senideekin eta lagunekin trukatutako eskutitz pertsonalak ere zabaldu dira.

Eskuin muturra

Europako Parlamentuko, Alemaniako Gobernuko eta estatu federaletako ordezkari politikoak daude hackeatu dituztenen artean. Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidentea bera dago horien artean. Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokratakoak dira politikari gehienak, 405 gutxienez, eta, hackeatutakoen kopuruaren arabera, koalizio gobernua osatzen duten sozialdemokratak daude jarraian; SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako 294 ordezkari. Berdeak (105), Ezkerra (82) eta FDP Alderdi Demokratiko Liberaleko (28) kideak ere hackeatuak izan dira. Bitxiena da, ordea, zerrendan ez dagoela eskuin muturreko politikari bakar bat ere. AFD Alemaniarentzako Alternatiba alderdia 2013an eratu zuten, eta gaur egun 91 ordezkari ditu Bundestangen—Parlamentu Federalak 709 diputatu ditu orotara—.

Alemaniako Inteligentzia Zerbitzua, Konstituzioaren Babeserako Bulego Federala, zibererasoa ikertzen ari da; izan ere, orain arte ez dituzte identifikatu hackerrak. Gobernuaren arabera, zabaldutako datuen artean benetakoak daude, baina baita faltsuak ere. Honako erasoa Alemaniako historiako zibererasorik handiena izan da, baina ez aurrenekoa. 2017an Alemaniako Gobernuko Atzerri eta Defentsa ministerioen sarbideak hackeatu zituzten, baita zerbitzu sekretuena ere; 2015eko maiatzaren 8an, berriz, Bundestagena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.