Indian 930 pertsona hil ditu azken ehun urteetako montzoi garai bortitzenak

Kerala hegoaldeko estatua da gehien kaltetua; bederatzi egunotan 164 lagun hil dira uholdeetan eta luizietan, eta alerta gorria ezarri dute

Indian 930 pertsona hil ditu azken ehun urteetako montzoi garai bortitzenak.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Mendeko montzoirik bortitzena izaten ari da aurtengoa Indian. Tokiko biztanleek diote ez dutela horrelakorik gogoratzen, nahiz eta urtero-urtero, garai berean, ekainetik irailera, fenomeno bera bizi. Montzoiak prezipitazio ugari eta tenperatura aldaketa bortitzak sorrarazten ditu, eta ohikoa izaten da uholdeak eta luiziak sortzea. Horren ondorioz, urtero hiltzen da jende ugari garai honetan, baina aurtengo kopuruak montzoia bera bezain itzelak dira.

Ekain hasieratik, 930 lagun hil dira herrialde osoan. Kerala hegoaldeko estatua da, dena den, gehien kaltetua. Azken hiru hilabeteetan, 324 pertsona hil dira han euriteen, uholdeen edo luizien eraginez. Pinarayi Vijayan estatu ordezkariak txio batean azaldu du egoera: «Keralan azken ehun urteetako uholderik latzenei egiten ari zaie aurre. 80 urtegi zabaldu behar izan ditugu, 324 bizitza galdu ditugu, eta 223.130 pertsona daude 1.500 kanpamentutan». Vijayanek komunikabideen aurrean adierazi du «egoera oso larria» dela eta hildakoak ugaritzen ari direla egun batetik bestera: «Ostegunean, 86 ziren hildakoak, eta ostiralean, berriz, 164».

Uholdeak etengabeak dira egunotan, eta milaka eta milaka lagun etxerik gabe geratu dira. Estatu osoan, 1.568 kanpamentu ezarri behar izan dituzte tokiko agintariek; jakinarazi dutenez, jada 223.000 lagun aterpetu dituzte horietan. Vijayanek herritarrei eskatu die agintarien ohartarazpen eta argibideei arreta jartzeko, zehaztu baitu batzuek ez dutela euren etxea utzi nahi.

Ur emaria ohi baino handiagoa omen da. Tamil Nadul estatuan, antza, ez zituzten presak behar bezain azkar zabaldu, eta horrek eragin du ibai askok gainezka egitea. Keralan 41 ibai daude. Arabiako Itsasoan isurtzen dute ura,eta azken egunotan 80 presa zabaldu behar izan dituzte.

Ez dirudi, baina, egoera egun batetik bestera baretuko denik. Keralako hamalau barrutietatik hamabitan ezarri dute alerta gorria. Eskolak ere itxi dituzte. Gobernua airez eta itsasotik ari zaiekaltetuei giza laguntza banatzen. Helikopteroetan eta ontzietan eramaten ari dira baliabideak salbamendu taldeetako kideak, eta armadako soldaduak eta militarrak ere laguntza ematen ari dira.

Estatuko azpiegiturei ere eragin diete uholdeek eta luiziek. Errepide eta bide asko itxita daude. Te, kafe, espezia eta kautxuz landatutako eremuak ere urak bete ditu.

Aireportua itxita

Kochin hiriburuan ere nabarmenak dira kalteak. Kale eta errepide ugari urez gainezka daude, eta metroa eta trenbidea itxi dituzte. Aireportua ere abuztuaren 26ra arte egongo da itxita. Kerala 34 milioi biztanleko estatua da, hego-ekialdean dago, eta turista ugari izaten dira garai honetan. Narendra Modi lehen ministroa bart zen Keralara joatekoa.

Montzoia urtaro batetik bestera norabidea aldatzen duen atmosferako zirkulazio orokorreko haize sistema da. Afrika mendebaldetik Ozeano Barerainoko lurraldeetan gertatzen da latitude txikietan. Indiakoak dira, dena den, montzoirik ezagunen eta gogorrenak. Udan, kontinenteko airea beroagoa da, eta, hortaz, presioa txikiagoa, Indiako ozeanoko aire hezea sartzen da. Aireak India iparraldeko mendien kontra jo ondoren, gorantz igo eta hoztu egiten da; hori dela eta, kondentsatu da, eta prezipitazio handiak sortzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.