Landabenek hirugarren modeloa dauka, langileek produktibitatea igo eta gero

Volkswagenen beste hiru fabrikarekin lehiatu da Iruñea, Polo familiaren hirugarren modeloa lortzeko. Bi urte barru hasiko dira ekoizten

Volkswagen Polo baten ekoizpena, Landabengo fabrikan. VILLAR LOPEZ / EFE.
xabier martin
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroako industrian oinarrizkoa den eragilea datozen urteetan ere sendo jarraitzeko tenorean da. Volkswagen konpainiak Landabenen duen fabrikak modelo bi ekoizten ditu gaur egun, eta bi urte barru hirugarren bat ekoizten hasiko da, Wolsburgoko zuzendaritzak atzo iragarri zuenez, Alemaniako multinazionalaren beste hiru plantekin lehian ari zen Iruñekoa, eta, azkenean, lortu du fabrikaren geroa hein handi batean bermatuko lukeen saria: Polo familiaren hirugarren modeloa. Horrekin epe luzerako lan karga eta enplegua bermatuta daudela dio Volkswagen Nafarroako presidente Emilio Saenzek.

2021eko bigarren sehilekotik aurrera hasiko dira Polo familiako hirugarren modeloa ekoizten Iruñean. Polo eta T-Cross modeloak egiten dituzte orain; bi horien plataforma bera (MQB) baliatuko du hirugarren modeloak, CUV bat. Andreas Totsmann Volkswageneko batzorde eragileko kideak eta Produkzio eta Logistika arduradunak eman zuen erabakiaren berri: «Auto txikien fabrikazioan eta ekoizpen ona egiten duen esperientzia handia dela-eta nabarmentzen da Volkswagen Nafarroa. T-Roc modeloa atera zenean erakutsi zuen lantaldeak zer gaitasun duen ibilgailu berri baten proiektua aurrera ateratzeko, azkar eta kostuetan modu eraginkor batean. Plataforma bera erabiliko dugunez, Poloaren eta T-Crossaren fabrikazioan erabiltzen ditugun matrize eta fabrikazio lerro berak erabil ditzakegu; sinergia horiei esker,modelo berri hau kostu lehiakorrekin ekoitzi ahal izango dugu».

Elektrifikaziora hurbiltzen

Kostuak, eraginkortasuna, sinergiak, lehiakortasuna... Wolfburgon kalkulagailua atera dute modeloa zein fabrikan egingo zen erabaki aurretik. Ez alferrik, Volkswageneko zuzendaritza nagusiak eskatutakoa bete dute Landabenen, azken egunotan: akordio bat egunero 30 auto gehiago ekoizteko. Lantaldearen ahaleginak, ordea, balio beharko luke Polo modeloaren gainbehera konpentsatzen laguntzeko, batetik, eta autoen elektrifikazio prozesuan urrats bat egiteko aukera izateko, bestetik.

Hala, beste modelo bat ematearen truke produktibitatea handitzea hitzartu dute UGT, CCOO eta ELA sindikatuek zuzendaritzarekin. Bi fasetan handituko dute ekoizpena: bost auto txanda bakoitzean, hirugarren modeloa ematen dietenean, eta beste bost azaroaren 4an. Horretarako, lan itun berriak aipatzen zituen neurriak aplikatuko dira, hala nola larunbat batzuetan langileek beren borondatez lan egitea, atseden egunak urte amaieran pilatzea, eta eguneko atsedenak malgutasunez ezartzea, ahalik eta ekoizpen handiena baimentzeko.

Emilio Saenz Volkswageneko presidenteak uste du lantaldearen konpromisoa berretsi duela lorpenak. «Ibilgailu berri horrekin epe luzera lantegiaren lan karga berma dezakegu, eta, ondorioz, enplegua».

Lehen Volkswagen Polo autoa 1984an atera zen Landabenetik, eta gaur egun arte modelo horretako zortzi milioi ibilgailu ekoitzi dira Iruñeko plantan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.