Kokaguneetan ari diren enpresen zerrenda eskatu diote NBEri

Israelgo 400 lagunek presioa baztertu eta zerrenda argitaratzeko eskatu dute. Al Fatah eta Hamasen arteko akordioa trabatuta dago

Palestinar bat, atzo, Al-Nusairat errefuxiatu gunean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Intelektualak, artistak, ekintzaileak, politikari ohiak, adituak eta akademikoak daude kokaguneetan diharduten enpresen zerrenda publikatzea eskatu duten 400 israeldarren artean. Zeid Bin Ra'ad al Hussein NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariari idatzi diote eskutitza, eta, bertan, euren kezka agertu dute diplomazia egiten ari den presioa dela eta. Ilan Baruch Israelgo enbaxadore ohia dago dokumentuaren sinatzaileen artean, eta, adierazi duenez, presio diplomatikoak egiten ari zaizkie txostena argitara ez emateko: «Nazioarteko presioa nabaria da zerrenda atera ez dadin». Jerusalem Ekialdeko eta Zisjordaniako kokaguneetan negozioak egiten dituzten enpresak argitaratzeko asmoa agertu zuen iaz NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak. Presioak direla eta, baina, zerrenda argitaratzeko epea luzatu zen, 2017ko abendura arte, eta, orain, epea betetzear dela, presioa handitu da berriz ere. Sinatzaileen ustez, palestinarren kanporatzea erabat loturik dago enpresak egiten ari diren hedapenarekin.

Banaketatik 70 urte

Nazio Batuen Erakundeak Palestina bi estatutan banatzeko 181. ebazpena sinatu zuela 70 urte betetzen direla egin dute eskaera. Holokaustotik ihesi ari ziren juduei lurren %55 eman zizkieten—553.000 judu bizi ziren orduan han—; palestinarrentzat, berriz, lurren %46, nahiz eta 1.197.000 arabiar ziren. Zazpi hamarkada, zortzi gerra, bi intifada eta milaka hildakoren ostean, baina, okupazioak aurrera segitzen du. Hanan Ashrawi PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kidearen ustez, herri palestinarra indarkeriaz «erauzi» zuten lurretik: «Palestina historikoaren zatiketarekin hasi zen herri palestinarraren sufrimendua».

Atzo, hain zuzen, palestinar bat hil zuten Zisjordanian. Kolono batek tirokatu zuen, ustez enfrentamendu bat izan ostean.

Gazan egoera ez da samurragoa. Israelek bi eraso egin zituen atzo han, ekintzaile palestinarrek mortero jaurtigailuak bota ostean. Al Fatah eta Hamasen arteko akordioa, bestalde, trabatuta dago. Berez, PAN Palestinaren Aginte Nazionala gaur zen hartzekoa Gazaren gaineko kontrola, baina abenduaren 10era arte luzatu dute eskualdaketa; %5 baino ez du kontrolatzen egun PANek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.