Inflazioa goititu egin da maiatzean, %8,3raino

Elikagaiak iaz baino %10,2 garestiago salerosi dira Hego Euskal Herrian. Azpiko inflazioa gora eta gora ari da, eta %4,5era igo da

Irune Lasa.
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Maiatzarekin berehala eten da kontsumo prezioek martxoan goia jo ostean hasitako apalaldia, eta inflazio tasa berriz goititu da Hego Euskal Herrian, %8,3ra, apirileko %8tik. Herritarren poltsikoak jada igartzen duena berretsi dute estatistikek, eta elikagaiek eta erregaiek garestitu dute gehien erosketa saskia.

Erregaiek igoarazi dute gehien indizea: iazko prezioekin alderatuta, gasolinak eta dieselak %31,2 garestiago salerosi dira joan den hilabetean Hego Euskal Herrian. Apiriletik maiatzera %3,5ekoa izan da igoera.

Aipagarria da elikagaien garestitzea ere: etengabea izan da azken hilabeteetan. Ondorioz, elikagaien prezioak jada iazkoak baino %10,2 garestiagoak dira Hegoaldean. Azken hogei urteei erreparatuta ere ez da ikusten halako igoerarik elikagaietan.

Zerealek ederki igarri diote Ukrainako gerrari, eta iaz baino %15 inguru garestiago daude. Ogia ere gero eta garestiago dago. Eta pentsuaren prezioen eragina ere zabaldu da haragietara eta esne eta esnekietara.

Aldiz, argindarraren prezioak apaltzen jarraitu du maiatzean, nahiz eta horrek ez duen esan nahi merke dagoenik. Eta gasa ere heren bat inguru garestiago dago iaz baino. Ondorioz, iazko maiatzarekin alderatuta, berokuntza eta argiztapena %31 garestiago ordaindu dituzte kontsumitzaileek, martxoan iritsitako %68ko tasatik urrun, baina garesti oraindik.

Azpiko inflazioa

Elikagai eta erregaiek erosketa saskia kariotu dute, baina ez horiek bakarrik: prezioen igoerak beste kontsumo gaietara zabaltzen ari dira. Horren erakusgarri azpiko inflazioaren igoera etengabea. KPIko aldagairik aldakorrenak (elikagai freskoak eta erregaiak) kanpoan uzten dituen azpiko inflazioa %4,5eraino iritsi da, martxoko %3,5eko eta apirileko %4,3ko tasak gaindituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.