Myanmarko junta militarraren aurkako salaketa jarri dute Hagan

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkiote Min Aung Hlaing jeneralari. Akusazioa egin duen taldeak uste du «zigor aurreikuspenak» onak direla

Junta militarraren kontrako «greba isila» deitutakoa egin zuten atzo. Argazkian, Yangonko kaleak hutsik. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Giza eskubideen aldeko talde batek Myanmarren agintean dagoen junta militarreko buru Min Aung Hlaingen aurkako salaketa jarri du Nazioarteko Justizia Auzitegian, Hagan (Herbehereak). Joan den otsailaren 1ean emandako estatu kolpearekin bat egiten ez duten ekintzaileen aurka gizateriaren kontrako krimenak egitea egozten dio Myanmarko Erantzukizun Proiektuak jeneralari. Taldeari iruditzen zaio tortura «sistematikoki eta modu orokortuan» erabili dutela protesta mugimendua «bortizki erreprimitzeko», eta, horrenbestez, auzitegiari eskatu dio gertakariak iker ditzala. «Uste dugu zigor aurreikuspenak onak direla, eta hamaika arrazoi daudela Min Aung Hlaingen aurkako atxilotzeko agindua emateko», nabarmendu du taldearen zuzendari Chris Gunnessek, ohar batean. «Kolpearen liderra da bere agindupean dauden indarrek masiboki egindako krimen lazgarrien erantzulea».

Badira akusazioa mamitzeko datuak. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak atzo jakinarazi zuenez, militarrek 1.300 bat lagun hil dituzte aurreko otsailean agintea hartu zutenetik; besteak beste, 75 adingabe. Myanmarko preso politikoei arreta eskaintzen dien giza eskubideen aldeko talde batek hildakoak eta atxilotutakoak zenbatzen ditu, eta, haren arabera, militarrek ia 11.000 lagun atxilotu dituzte azken hilabeteetan. NBEk badu, gainera, Myanmarrerako ikerketa independenteak egiten dituen egitasmo bat, eta atariko azterketek diote zibilen aurka egindako erasoak «gizateriaren kontrakoak» direla. Egitasmoaren buru Nicholas Koumjianek berriki esan duenez, estatu kolpeaz geroztik 219.000 informazio elementu dituzte akusazio horiei oinarria emateko. «Ebidentziek erakusten dute segurtasun indarrek modu koordinatuan jokatzen dutela hainbat eskualdetan, eta sistematikoki egiten dutela pertsona jakin batzuen kontra: esaterako, kazetarien eta medikuen kontra», azpimarratu du Koumjianek, asteon.

HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak NBEk aipatutako jokabide horietako bati heldu zion, hain zuzen, hilaren hasieran argitaratutako txosten batean. Zehaztu zuen joan den martxoaren 14an militarrek gutxienez 65 manifestari hil zituztela Yangonen, eta ekintza hori prestatuta zegoela. HRWen esanetan, militarrek herritarrak inguratu zituzten, eta «hiltzeko bezainbesteko indarra» erabili zuten Aung San Suu Kyi estatu kontseilari kargugabetuaren gobernua berrezartzeko eskatzen zutenen kontra. Militarrek diote estatu kolpea beharrezkoa izan zela, iritzita iazko azaroan egindako bozetan «iruzurra» gertatu zela. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak irabazi zituen hauteskunde horiek, alde handiz.

Greba isila

Hain zuzen, junta militarrak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion Bakearen Nobel saridunari joan den astelehenean, matxinada egotzita. Sententzia horren eta, oro har, junta militarraren kontra protesta egiteko, oposizioak «greba isila» egin zuen atzo, eta, antolatzaileetako batek Myanmarko egunkari bati adierazi zionez, helburua izan zen «kaleak hustea eta mundu guztia egun batez etxean geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.