Zazpi pertsona hil dira AEBetako merkataritza gune batean, tiroz

Virginia estatuan gertatu da erasoa. Poliziaren arabera, denda bateko gainbegiratzaileak enplegatu batzuk hil ditu, eta gero suizidatu egin da

Poliziaren agente batzuk, goizaldean, tiroketa gertatu den merkataritza gunean. SHAWN THEW / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hildakoak eragin dituen beste tiroketa bat gertatu da AEBetan. Virginia estatuko Chesapeake herrian izan zen, atzo goizaldean, merkataritza gune batean. Merkataritza gune horretako langile batek sei pertsona hil zituen, eta gero bere buruaz beste egin zuen, hango Poliziak jakinarazi duenez. Zaurituak lau dira, eta ospitaleratu egin zituzten.

Poliziak agerraldi bat egin zuen gertatutakoari buruz hitz egiteko, eta adierazi 22:12 zirenean —sei ordu beranduago Euskal Herrian— telefono dei bat jaso zuela gertatutakoari buruz ohartaraziz. Mark Soleski Chesapeakeko Poliziako buruak esan zuen minutu batzuk geroago heldu zirela, merkataritza gunea irekita zegoela artean, eta ustez tiro egin zuen pertsona hilda topatu zutela. Beren hipotesi nagusiaren arabera, ustezko erasotzailea suizidatu egin zen.

Zehaztu dute pistola bat erabili zuela tiro egiteko, baina ez zuten baieztatu merkataritza guneko gainbegiratzaileetako bat ote zen. Lekuko batzuek hedabideetan adierazi zutenez, ordea, merkataritza guneko gainbegiratzaileetako bat zen; atseden hartzeko gune batera sartu zen, eta han egin zien tiro enplegatuei. «Ez zuen hitz bat bera ere esan. Sartu eta tiroka hasi zen», adierazi zuen lekuko batek, ABC telebista katean. «Mundu guztiak zuen, badakizu, zerbait esateko gainbegiratzaile horri buruz». Poliziaren buruak azpimarratu zuen, ordea, froga guztiak aztertu beharko direla eta lekukoekin hitz egin beharko dutela xehetasun gehiago emateko.

Chesapeake Virginia estatuaren hego-ekialdean dago, eta 250.000 bat biztanle ditu. Virginia Beachekin eta Norfolkekin batera, metropolialde bat osatzen du Ozeano Atlantikoaren kostaldean.

Joe Biden AEBetako presidenteak esan zuen «izugarria» dela gertatutakoa, «inongo zentzurik gabeko ekintza biolento bat». Ohar batean deitu zuen «nazio gisa» bat egitera gisa horretako gertakariei aurre egite aldera, eta gogorarazi zuen Ordezkarien Ganberak armen salmenta arautzen duen lege bat onartu zuela joan den ekainean. «Ez da nahikoa. Neurri gehiago hartu behar ditugu».

Coloradoko erasoa

Joan den larunbatean bertan antzeko beste tiroketa bat gertatu zen Colorado estatuko Colorado Springs hiriko klub batean. LGTBI kolektiboko jendea joaten da batez ere hara, eta pertsona batek bost lagun hil eta beste zenbait zauritu zituen, tiroz. 22 urteko gizon bat atxilotu dute gertakariaren harira, eta bost hilketa egitea leporatzen diote.

Polizia indarrek bazuten atxilotuaren berri aurretik ere. Izan ere, iaz atxilotu egin zuten, haren amak salatuta; haren esanetan, mehatxu egin zion esanez bonba batekin edo beste arma batzuekin eraso egingo ziola. Orain, sare sozialetan bolo-bolo dabilen galdera da ea Poliziek zergatik ez zizkioten armak kendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.