Eric Olhats atxilotu dute Baionan, adingabe bat bortxatzea egotzita

Olhats ospetsua da futbol behatzaile modura egindako lanagatik; besteak beste, Antoine Griezmann fitxatzea aholkatu zion Realari

Eric Olhats artxiboko irudi batean. BERRIA.
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak Eric Olhats futbol behatzailea atxilotu zuen herenegun Baionan. Fiskaltzak atzo baieztatu zuenez, adingabe bat bortxatzea egozten diote, Baionako Avironeko gazte mailetako entrenatzaile zen garaian, 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran. Salaketa, ordea, berriagoa da: biktima batek iazko abuztuan salatu zuen Olhatsek bortxatu egin zuela adingabea zenean. Fiskaltzaren arabera, sexu eraso gehiagoren berri ere badu Poliziak.

Ez da behatzailea salatu duten lehen aldia. 2009ko urrian, Realak Frantzian zuen behatzailea zenean, behin-behinean kanporatu zuen talde txuri-urdinak: adingabeak galbidean jartzeagatik kondenatu zuten. Epaiaren arabera, Olhatsek «sexu eduki desegokia» zuen SMS bat bidali zion ordezkatzen zuen 13 urteko jokalari bati. Hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, hamar hilabetez adingabeekin lan egitea debekatu zioten, eta jokalariari eta haren gurasoei kalte ordain bat ere ordaindu behar izan zien. Olhatsen defentsak txantxa bat izan zela argudiatu zuen. 2010ean Paueko auzitegiak errugabetu egin zuen. Realarentzat lanean jarraitu zuen 2018ko uztailera arte.

Gaur egun, Atletico Madrilentzat egiten du lan. Espainiako taldeak Frantzian duen behatzailea da, eta iaz berritu zuen talde horrekin duen kontratua, beste hiru urterako. Oraingoz, klubak ez du adierazpenik egin.

Griezmann deskubritu zuen

Futbolaren munduan, Olhats ezaguna da berak deskubritu zuelako Antoine Griezmann Realeko jokalari ohia. Futbolari horrek ondoren egin duen ibilbidea aski ezaguna da: besteak beste, Frantziarekin munduko txapeldun izan zen 2018an, eta bi aldiz jaso du munduko jokalari onenetan hirugarrenari ematen zaion Brontzezko Baloia (2016an eta 2018an). Olhatsen bidez jokalari gehiago ere heldu dira talde txuri-urdinera: Robin Le Normand, Kevin Rodrigues, Liassine Cadamuro...

Antoine Griezmann Realeko jokalari ohia Olhatsen etxean bizi izan zen Euskal Herrira iritsi zenean. Harreman estua zuten biek, eta Olhatsek Griezmannen ordezkari lanak ere egin zituen hainbat urtez. Haren bidez joan zen Griezmann Atletico Madrilera. Jokalariak, ordea, 2017an erabaki zuen Olhatsekin zuen harremana etetea; azaldu zuenez, ez zetozen bat erabakitzeko orduan zer zen onena jokalariaren etorkizunerako. Ordutik, Olhatsek maiz hitz egin izan du hedabideetan Griezmanni buruz, ia beti adierazpen polemikoak eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.