Errusiako armadak berriro bonbardatu du Kiev, hil honetan hamaseigarrenez

Kieveko agintarien arabera, Moskuk ugaritu egin ditu aire erasoak, Ukrainaren aireko defentsa sistemak agortzea duelako helburu

Herritar batzuk, atzo, Kieveko metro geltoki batean. Babesleku moduan erabili zuten. STEPAN FRANKO / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Azkeneko asteetan nahiko ohikoak bilakatu dira Errusiako armadak Ukrainako hiriburuaren aurka egindako aire erasoak. Igande goizaldeko bonbardaketa, esate baterako, iazko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zenez geroztik egindako «masiboena» izan zen, Kieveko buruzagitza militarraren arabera. Pertsona bat hil zen horren ondorioz. Bada, atzo, Errusiak beste bi aldiz bonbardatu zuen Kiev, eta aire eraso horietako bat eguerdia baino apur bat lehenago izan zen —hori ez da ohikoena—. Iturri ofizialek jakinarazi zutenez, erasoak ez zuen inor hil, eta hiriburuaren aurka maiatzean egindako hamaseigarrena izan zen.

Ukrainako Gobernuak beste datu batzuk ere eman zituen: Errusiak 40 misil eta 35 drone jaurti zituela goizaldean, eta aireko defentsa sistemek 37 eta 29 erorarazi zituztela, hurrenez hurren. Goizean, bestalde, 11 misil jaurti zituen Moskuk, eta denak erorarazi zituzten.

Horren guztiaren harira, Errusiak azken hilabetean egindako bonbardaketek helburu bat dute, Kieveko administrazio militarreko buru Serhii Popkok atzo esan zuenez: Ukrainaren aireko defentsa sistemak agortzea. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak behin baino gehiagotan gogorarazi die Mendebaldeko aliatuei aireko defentsa sistema gehiago behar dituztela. Popkok adierazi zuen bonbardaketek ez zietela kalte egin ez azpiegitura militarrei ez energia azpiegiturei. Ohar batean, Kremlinek azaldu zuen bonbardaketekin arma biltegiak jo nahi zituztela, eta horiek «helburu guztiak» txikitu zituztela, besteak beste.

Eta, atzo, Errusiak ere salatu zuen Belgorod eskualde mugakideari 300 eraso baino gehiago egin zizkiola Ukrainak aurreko 24 orduetan, eta horretarako artilleria, morteroak eta droneak erabili zituela. Hango gobernadore Viatxeslav Gladkovek esan zuen Errusiak Ukrainako Kharkiv eskualdea anexionatu beharko lukeela; «hori da erasoen arazoa konpontzeko modurik onena», adierazi zuen Errusiako telebista batean. Lehengo astean, liskarrak izan ziren Belgoroden, Errusiako armadaren eta Kremlinen kontra borrokatzen direla dioten erbesteratu errusiarrez osatutako milizia batzuen artean. Moskuk Kievi egozten dio gertaera horien atzean egotea.

Bestalde, Mendebaldeak ez du baieztatu Zelenskiren eskaera onartu eta Ukrainari F-16 gerra hegazkinak emango dizkionik, baina Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzo adierazi zuen Kievek borrokarako abioi horiek edukita ere Errusiak gaitasuna duela horiei aurre egiteko. Lavrov Nairobin mintzatu zen, Kenyako Gobernuko buruzagiekin batzartu baitzen atzo. Era berean, Danimarkari eta Herbehereei leporatu zien AEBei «atsegin ematen saiatzea». Izan ere, bi herrialde horiek arduratuko dira, Pentagonoak berriki jakinarazi duenez, pilotu ukrainarrekF-16 hegazkinak gidatzen ikasteko jasoko duten trebakuntzaz.

Suedia eta Turkia

Suedia ez da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea, Turkiak betoa jarri baitio argudiatuta ez dituela «120 terrorista» estraditatu nahi. Horri buruz hitz egiten segitzeko,bi herrialdeetako Atzerri ministroak Oslon bilduko dira etzi, aliantza militarraren bilera batean, Stockholmek atzo jakinarazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.