Nekane Diez. Athleticeko jokalaria

«Nekatuta gaude, baina ilusioak jarraitzeko indarra ematen digu»

Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko du, gaur, Ceutan (Espainia), 20:45ean (ETB1). Azken txapelketa guztietan bezala, Bartzelona izango du aurkaria, zuri-gorrien mamu beltza.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Olaia Juaristi.
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gaurko finala irabazteko «ilusioa eta gogoa» izatea ezinbestekotzat jo ditu Nekane Diez Athleticeko aurrelariak (Barakaldo, Bizkaia, 1991). Partida hasteko irrikan da, eta gustatuko litzaioke orain arte erakutsi duen eraginkortasunari eustea. Taldean inork ez du sartu hark baino gol gehiago lehiaketa honetan: lau partidatan hiru gol sartu ditu, hirurak erabakigarriak.

Nola dago taldea?

Urduritasuna antzematen da. Fisikoki, berriz, sasoi betean gaude. Talde handia osatzen dugu, sendoak garelako zelaiko lerro guztietan. Gogor entrenatu gara, eta ea irabazten dugun.

Nekatuta iritsi al zarete?

Bai, nekatuta gaude, baina barruko ilusioak jarraitzeko indarra ematen digu.

Finalerako bidea ez da samurra izan.

Ez. Valentziaren aurka ez genuen ondo jokatu, eta Levanteren aurka, berriz, haiek atzea zaintzen egon ziren partida osoan, eta horrela zaila da gola sartzea. Etxean berdindu egin genuen biekin, baina, zorionez, etxetik kanpo gai izan ginen garaipena lortzeko.

Finalera iristeko ere oso garrantzitsuak izan dira zuk sartutako golak. Hiru gol sartu dituzu lau partidatan. Inork ez du sartu zuk adina gol taldean.

Azkenaldian gol asko sartzen ari naiz, eta oso gustura nago. Gol horiek, gainera, etxetik kanpo sartu ditut. Hala ere, golak sartzea zorte kontua izaten da askotan.

Ligak ihes egin ostean, oso garrantzitsua litzateke Kopa irabaztea.

Gure helburua liga irabaztea zen, sasoi osoa hura irabazteko entrenatzen baikara. Baina, sasoi honetan ere ondo aritu arren, zaila izan da irabaztea. Bartzelonak denboraldi hobea egin du, eta guk, triste, bigarren postuarekin konformatu behar izan dugu. Behin Liga bukatutakoan, Kopan jarri ginen buru-belarri, eta behintzat, finalean gaude. Aukera ona dugu titulu bat irabazteko.

Kopa madarikatua dirudi Athleticentzat. Ez duzue inoiz irabazi.

Hala da. Liga irabaztea saririk onena izan arren, Kopa eskuratzea oso berezia izango da. Horregatik gehienbat, ez dugulako inoiz irabazi. Badirudi Kopa mamu bat dela Athleticentzat. Duela bi urte, Bartzelonari finalerdietan irabazi genion, baina, gero, finalean, galdu egin genuen Espanyolen aurka. Gaur, Bartzelonari gauzak estu jartzen saiatuko gara. Ea behingoz irabazi, eta mamua desagertzen den.

Bartzelona aurkari oso zaila da. Hirutan irabazi du titulua, eta neurria hartua dizue.

Bai, iaz ere Bartzelonak irabazi zuen Kopa, eta badakigu kentzea asko kostatuko zaigula. Beti dira zailak Bartzelonaren aurkako partidak. Gure amesgaiztoa dirudi. Joan den denboraldian ere liga kendu ziguten azken partidan, San Mamesen. Oso kolpe gogorra izan zen.

Zer egin behar duzue Bartzelona mendean hartzeko?

Ilusio eta gogo handiarekin jokatu behar dugu. Kementsu zelairatuko gara. Badakigu irabazteko aukera dugula.

Babes gutxi izango duzue. Urruti dago Ceuta.

Hala da, eta garestia da honaino etortzea. Hala ere, badakigu asko babestuko gaituztela etxetik.

Kopa irabazteak ez du zure egunerokoa aldatuko. Ez zarete izarrak. Zuen egunerokoan ez dago bakarrik futbola.

Nire egunerokoa oso beteta dago. Goizetan, irakasle ikasketak ari naiz egiten, eta arratsaldetan, entrenatzera joaten naiz, astean hirutan. Futbolarekin bakarrik ezin gara bizi.

Athletic, hala ere, talde handia da. Irundik iritsi zinen zu talde zuri-gorrira, Mariño taldetik.

Bai, 2007an Iñigo Juaristik deitu zidan hona etortzeko. Oso berezia izan zen. Txikitatik naiz Athleticekoa, eta futbola nire bizitzako zati nagusi bat da. Ederra da halako klub batean jokatzea: zelaia, entrenatzaileak... dena da bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.