Tutto Verdi zikloa itxiko duen denboraldia abiatuko du etzi OLBEk

Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak 2006tik darama Verdiren lanak taularatzen, eta haren pieza hautatuak eskainiko ditu etzi Euskaldunan

Angela Meade sopranoak ez ezik —irudian—, 134 artista gehiagok hartuko dute parte etziko emanaldian. FAYE FOX / OLBE.
Inigo Astiz
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Klasiko bat da. Verdi orokorrean. Eta, zehazki, Verdi Bilbon. Ezinbesteko izena da mundu osoko orkestra eta opera aretoen errepertorioetan, eta autore kuttun izan du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak ere. 2006an jarri zuten abian hari eskainitako Tutto Verdi zikloa, eta konpositorearen 30 obra taularatu dituzte 16 urteotan; haren musikarekin 127 funtzio eskaintzera heldu dira. Aurten itxiko dute programa, ordea. Etzi, esaterako, Verdiren ibilbide osoko hamabost eszena «ikusgarri» eta «enblematiko» bilduko dituen kontzertua antolatuko dute Bilboko Euskalduna jauregian. Saio bakarra izango da, 19:00etan, eta elkartearen 71. denboraldia ere hasteko balioko du emanaldiak. Verdiren eskutik egindako azkena ere izango da.

Guztira, 135 artista igoko dira Euskaldunako oholtzara. Daniel Orenek zuzenduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Boris Dujlinen esanetara arituko da Bilboko Opera Korua. Horrez gainera, lehen mailako abeslariak ere izango dira emanaldian. Hala nola oholtzan izango dira Daniela Barcellona mezzosopranoa, Giovanni Meoni baritonoa, Angela Meade sopranoa, Sergio Escobar tenorra eta David Lagares baxua.

Obra hautatuak

Macbeth balleterako sortutako musikarekin abiatuko du programa orkestrak. Shakespeareren unibertsorako lehen sarbidea izan zen lan hura Verdirentzat, eta, hura taularatu ahal izateko, Italiako operak ordura arte ezarritako hainbat konbentzio apurtu zituen autoreak. Il trovatore operako Ijitoek korua deitu ohi dena eskainiko du gero Bilboko Opera Koruak.

Don Carlo operako aria ezaguna eskainiko du Barcellonak ondoren: O don fatale izenekoa. «Berezko interprete batentzako ohiz kanpoko eta benetako ausardiazko pieza bat», antolatzaileek adierazi dutenez. Un ballo in maschera-ko beste aria bat eskainiko du Meonik gero, eta Aida ezagunaren zortzi atal ere eskainiko dituzte ondoren, eta Nabucco obrako pasarte batzuk ere taularatuko dituzte.

Orain arte Bilbon sekula interpretatu gabeko pieza batek itxiko du emanaldia, halere: Inno delle nazioni izeneko kantatak, zehazki. 1862ko Londresko Nazioarteko Erakusketarako sortu zuen Verdik, eta, besteak beste, Il Canto degli Italiani, La Marsellaise eta God Save the Queen uztartzen ditu. OLBEko ordezkariek zehaztu dutenez, obra estreinatu zutenean, oraindik herrialdeko ereserkitzat hautatu gabeak zituzten lehen bi piezak.

Azken 16 urteetan antolatutako Verdiren 127 funtzioez gainera, hitzaldi eta erakusketa andana bat ere antolatu ditu OLBEk, eta hainbat DVD eta CD ere eman ditu argitara. Horrez gainera, konpositoreari eskainitako zazpi liburu ere kaleratu ditu.

Larunbateko emanaldirako sarrerak 15-80 euroan egongo dira salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.