Karasatorre nagusi Tuterako saioan, eta Soto Urdazubikoan

Nafarroako eta Arabako bertsolari txapelketetako final-laurdenetako hiru saio jokatu dituzte asteburuan. Viñaspre gailendu da Araian

Erredakzioa
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako eta Arabako bertsolari txapelketetako lehen hiru saioak jokatu zituzten iragan asteburuan. Tuteran abiatu zen Nafarroako txapelketa, larunbatean, eta Araian hasi zen Arabakoa, egun berean. Saats Karasatorre nagusitu zen Tuterako saioan, eta Iñaki Viñaspre Araiakoan. Igandean, berriz, Julio Soto gailendu zen Urdazubin jokatutako saioan.

Tuterako musika eskolako aretoan 140 bertsozale elkartu ziren. Haien aurrean kantatu zuten sei bertsolarietatik Karasatorrek lortu zuen puntu gehien, eta, horrela, martxoaren 3an Atarrabian jokatuko den lehen finalaurrekoan izango da. Haren atzetik sailkatu ziren Alazne Untxalo, Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Joana Ziganda eta Mikel Lasarte. Araiako pleno aretoa ere lepo bete zuten bertsozaleek. Viñasprek lortu zuen puntu gehien, eta, haren ondotik, Manex Agirre, Paula Amilburu, Rikardo Gonzalez de Durana, Felipe Zelaieta eta Jon Ruiz de Pinedo izan ziren. Hiru final-laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalerdiak Araban.

Igandean, berriz, 130 lagun bildu ziren Urdazubiko kultur etxean. Puntu gehien lortuta, martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekoan ariko da Soto. Haren ondotik, Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman sailkatu ziren.

Datorren larunbatean izango du segida Arabako txapelketak, Zigoitian, eta Iruritan Nafarroakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.