EEPk eta Eusko Jaurlaritzak iazko diru laguntzen kopuruei eutsi diete

2017ko aurrekontuarekin konparatuta, emendatze bakar bat izan da: Bertsolarien Elkarteak 10.000 euro gehiago eskuratuko ditu
EEPren eta Jaularitzaren prentsaurrekoa, Baionan, atzo.
EEPren eta Jaularitzaren prentsaurrekoa, Baionan, atzo. BOB EDME

Eneko Etxegarai Urain -

2018ko uztailak 14
Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria pozik agertu zen atzo 2018rako diru laguntzen banaketarako prentsaurrekora. Eskerrak eman zizkion Josune Zabala Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariari, urtez urte sustengatzen segitzeagatik. Hain justu, 2007an izenpetu zuten bi instituzioek elkarlanerako hitzarmena, duela 11 urte, eta 2022an bukatzen da. Konfiantza giroa da; horra Zabalaren hitzak: «EEPk aztertu ditu diru laguntza eskaerak; guk konfiantza osoa egiten diogu». Bi instituzioek eragile pribatuentzat osatu lankidetzarako fondoa 1.930.000 eurokoa da aurten. EEPk 1.530.000 ekartzen ditu; Jaurlaritzak, 400.000.

Bi multzotan banatzen da. Alde batetik hitzarmena duten zortzi eragileri 1.555.000 euro ematen zaizkie: Seaskari 405.000 euro, Ikas-Biri 40.000 euro, Biga Bairi 23.000 euro, Euskal Haziak-i 28.000 euro, AEKri 500.000 euro, Euskal Irratiei 310.000 euro, Uda Lekuri 179.000 euro, eta Bertsularien Lagunak elkarteari 65.000 euro. Azken horrek 2017. urteko diru laguntzei konparaturik, 10.000 euro gehiago eskuratu ditu. Besteek iazko kopurua izan dute.

Hizkuntza jarduera proiektu deialdirako 380.000 euro banatuko dituzte erakundeek. Oreka zirku eskolak 11.000 euro eskuratuko ditu; Iparraldeko dantzarien biltzarrak 1.000 euro, eta Nautika elkarteak beste 4.000. Euskal Hedabideei dagokienez: Ipar Euskal Herriko Hitza-k zein Kazeta-k 28.000 euro lortu dituzte bakoitzak, Kanaldudek 80.000 euro, Herria-k 48.500 euro, Radio Kulturak 35.000 eta Xiberoko telebistak 2.000 euro. Programazioan euskarazko eskaintza integratzeagatik, TVPIk 32.000 euro lortuko ditu, eta Mediabaskek beste 5.000. Horrez gain, euskarazko 25 libururen ediziorako 45.567 euro banatuko dituzte; 3.033 ekoizpenen komertzializaziorako. Hainbat proiektuk, ordea, ez dute izan eskatu zuten diru laguntza. Araudiaren arabera, balorazio maila txikiegia lortu dute, besteak beste, Bai Euskarari ziurtagiriaren elkarteak edota Lurzaindiak. Beste bost egitasmo baztertu dituzte, nahiz eta beste diruz laguntzeko modu bat aurreikusi dieten hirurei. Besteak beste, MintzaLasai elkarteak BAM hirigunean euskarazko jarduerak zerrendatzeko webgune baten sorrera lagunduko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna