Euskaltzaleek eta independentistek «indarrak batzeko» eta «norabide berean arraun egiteko» helburuarekin antolatuko dituzte Euskaltzale Independentiston Topaketak. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Errebote plazan.Villabonan bertan egingo dituzte topaketak, urriaren 7an eta 8an.
Luken Etxabe eta Ihintza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko kideek azaldu dute ideiaren jatorria: «Pandemia garaian egindako barne prozesu baten ondoren, EHEk, lehen aldiz, esplizituki, eragile independentista modura aitortu du bere burua». Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren esaldi bat ekarri dute gogora: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; estaturik gabe, ziur ezetz». Ideia horrekin bat egin du EHEk.
Euskaltzaletasunaren eta independentismoaren lotura horretatik abiatuta antolatu dituzte topaketak; hiru helbururekin: batetik, gogoeta egin nahi dute prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak «elkar nola indartu edota elika» dezaketen. Bestetik, euskalgintzaren erronka berriak ere aztertu, eta «Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzeko» asmoa dute. Eta, azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea «saretu eta indartu» nahi dute topaketetan.
Bi eguneko egitaraua osatu dute. Besteak beste, kontzertuak, otorduak, tailerrak, ekitaldi politikoak eta jokoak antolatu dituzte. Urriaren 7ko goizeko hamarretan, Euskararen errepublika eraikiz mahai inguruarekin hasiko dituzte topaketak. Bertan hartuko dute parte Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik eta Lorea Agirrek. Hausnarketarako tartea egongo da arratsaldean ere. Gaurkotasunezko gaien inguruko sei tailer egingo dituzte, eta parte hartzaile bakoitza bitara joan ahal izango da. Gauean kontzertuak egongo dira, eta, igandean, bestelako ekintzak egingo dituzte: bertaratuek, besteak beste, pilota partidak ikusi ahal izango dituzte, edota toka txapelketan parte hartu.
Antolatzaileek izena emateko galdetegi bat prestatu dute, «antolakuntza lanak errazteko eta aurreikuspenak egiteko». Bertan adierazi beharko du parte hartzaile bakoitzak Villabonan gaua igarotzeko asmoa duen. Horretarako aukera egongo da herriko frontoi estalian. Horrez gain, parte hartuko duen norbaitek intolerantziaren bat badu edo jakiren batek alergia eragiten badio galdetegian zehazteko eskatu dute.
Topaketetako doinua
Topaketetan entzungo den abestia kantu ezagun baten moldaketa izango da. Xabier Amurizaren hitzak musikatu zituen Oskorrik Euskal Herrian Euskaraz kantuan. Orain, abesti horren bertsio berri bat egin du Kimetz Zenitagoia Dummy musikariak. Hori izango da Euskaltzale Independentiston Topaguneko doinua. Kantuan parte hartu dute Bad Sound System, Iheskide eta Gora Etorri taldeetako hainbat kidek. Abuztuan aurkeztu zuten, Bilboko Aste Nagusian, eta entzungai dago Euskal Herrian Euskaraz-en Youtubeko atarian.
EHEk euskaltzaleen eta independentisten «indarrak batu» nahi ditu
Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskaltzale Independentiston Topaketak antolatuko ditu. Urriaren 7tik 8ra egingo dituzte, Villabonan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu