Sindikatuen jarrera «eredugarria» goretsi dute Etxerat-ek eta Sarek

Hilero bezala, elkarretaratzea egin dute sindikatu nagusiek, Bilbon, presoen eskubideen alde. Gaixo dauden presoak gogoratu dituzte

Sindikatuen elkarretaratzea, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Hilero bezala, sindikatuek elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren egoitzaren aurrean, Konponbide garaia da, orain presoak lelopean. Joan den urtarriletik ari dira sindikatuak —ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde—mobilizazio horiek egiten, «preso dauden pertsonen arazoa konpontzeko» ekarpen gisa. Hil honetako elkarretaratzean Etxerat eta Sare elkarteetako ordezkariak ere egon dira, eta goraipatu egin dute sindikatuen jarrera «eredugarria» eta «giza eskubideen arloko eskakizun baten inguruan» ados jarri izana.

Etxerat-eko kideek euskal presoen egoerari buruzko txostena eta elkartearen ikur den argimutil bana eman diete sindikatuen ordezkariei, elkarretaratzean parte ari zirenen txaloen artean.

Sareko Joseba Azkarragak eta Etxerat-eko Urtzi Errazkinek goraipatu egin dute sindikatuen jarrera, eta nabarmendu dute horixe dela «jarraitu beharreko bidea». Azkarragak azaldu duenez, sindikatuek «aho batez» erabaki dute eskatzea «salbuespeneko espetxe politika amai dadin».

Joxe Anjel Otxoa de Eribe eta Aitor Esnaola presoen aferak ere aipatu dituzte Errazkinek eta Azkarragak. Otxoa de Eribe preso arabarrari dagokionez, gaixotasun larria du, eta, horren ondorioz, hirugarren gradua eman diote duela gutxi. Errazkinek eta Azkarragak ontzat eman dute erabakia, baina erantsi dute Otxoa de Eribek libre egon beharko lukeela, gaixotasunerako arta egokia jaso ahal izateko.

Azkarragak gogora ekarri du 21 direla gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak: «Zenbat eta lehenago libre utzi, orduan eta lehenago izango dute arta egokia jasotzeko aukera, nolabaiteko normaltasunez eta familiarengandik gertu».

«Gizatasun falta»

Aitor Esnaola presoaren afera ere aipatu dute Errazkinek eta Azkarragak. Aitaren heriotza dela eta, haren hiletara joateko baimena eman zion epaileak, baina, hara iritsi zirenean, Ertzaintzak bost orduz eduki zuen auto barruan, eskuak lotuta, eta azken bost minutuan baino ez zion utzi senideekin egoten. «Gizatasun falta» salatu dute Errazkinek eta Azkarragak.

«Epaileak baimena eman ondoren, ez dirudi oso zentzuzkoa Ertzaintzak galaraztea hiletan egoteko aukera», esan dute. Azkarragak gogora ekarri du zortzi urte igaro direla ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik, eta erantsi du «denek» jokatu behar dutela garai berrien arabera, «Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.