2010eko Abortuaren Legea onetsi egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

Kontrako zazpi boto jaso ditu PPk legearen aurka jarria zuen helegiteak; alde, lau. Legeak epeen araberako arautzea ekarri zuen berritasun gisa

Abortatzeko eskubidearen aldeko elkarretaratze bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
2010ean Espainiako Kongresuak abortuak arautzeko onartutako legearekin zabaldu egin zuten haurdunaldiak borondatez eteteko aukera; lehen hamalau asteen barruan inolako arrazoibiderik eman gabe aborta daiteke ordutik Hego Euskal Herrian. Aurreko legean, bortxaketen ondoriozko haurdunaldietan, fetuak malformazioak zituenean edo andreen osasuna auzitan zegoenean; soilik egoera horietan eten zitekeen haurdunaldia. 2010ean ezarritako lege aldaketaren aurka egin zuen PPk urte hartan bertan, eta helegite bat jarri zuen horretarako Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Atzo jakin zen auzitegiak atzera bota duela helegite hori, behin betiko, eta, beraz, legea onetsi egin duela.

PPren helegiteak aurkako zazpi boto jaso ditu Auzitegi Konstituzionalean, eta aldeko lau. Helegitearen aldeko jarrera azaldu duten lau magistratuek epaiaren aurka egin dute, eta boto partikular bat eman dute horretarako. Boto partikular bat ondu du beste magistratuetako batek ere; ebazpenaren mamiarekin bat egon arren, bere irizpideak zein diren zehaztu nahi izan du.

Hamahiru urte

Hamahiru urte behar izan ditu Auzitegi Konstituzionalak helegitearen kontrako ebazpen bat emateko. Gaiaren gaineko kontsentsu falta argudiatu dute maiz auzitegian atzerapenaren kausa moduan. Otsailetik argi zegoen, hala ere, zein izango zen Konstituzionalaren erantzuna. Urtarrilean epaimahaia berritu zuten, eta jakina zen gehienek Abortuaren Legea zegoen moduan uztearen aldeko jarrera zutela.

Helegitearen alde egin duten magistratuetako batek txosten bat aurkeztu zuen justu urte hasieran. 2010eko legearen mamia onartu arren, 17. artikuluaren kontra egin zuen; adierazi zuen hor esaten dela soilik idatziz jaso behar dutela informazioa abortatu nahi duten andreek, eta horrekin ez dela aski. Ez zuen aski babes izan, ordea. Inmaculada Montalban magistratua hautatu zuten ondoren helegitearen gaineko ebazpena idazteko; haren soslaia aintzat hartuta, jakina zen 2010eko legearen alde egingo zuela, eta aldeko botoak ere jasoko zituela gero haren ebazpenak. Halaxe gertatu da.

Espainiako Gobernuko ordezkariek poza azaldu zuten atzo erabakiaren harira. Isabel Rodriguez gobernuaren eledunak esan zuen Konstituzionalaren ebazpenak argi utzi duela andreek «eskubidea» dutela haurdunaldia eteteko: «Ospatu egin behar dugu epai hau».

«Eskubide eta askatasunetan aurrera egite aldera» lanean aridirenentzat erabaki goresgarria dela erantsi zuen. Tankerako aurrera urratsen aurrean, PPk bide bakarra duela uste du Rodriguezek: «Bertan behera uztea, edota helegiteak jartzea». Gizarteak, oro har, jarrera horiek atzean utzi dituela pentsatzen du, eta ebazpenak bat egiten duela, orokorrean, abortatzeko eskubidearen gainean herritar gehienek duten jarrerarekin.

Aurrerago ordutik

Abortatzeko eskubideak 2010eko legetik izan ditu aldaketak, legealdi honetan onduak. Erreformaren ondorioz, orain 16-17 urteko adigabeek era dute gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko. Era berean, egitera doazenaren gaineko informaziorik ez dute idatziz jaso behar derrigorrean abortatzera doazen andreek, eta hiru eguneko epe bat ere ez zaie eman behar erabakiaren gainean hausnartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.