Petronorrek «urte zaila» espero du, 2018an markak hautsi ondoren

Findegiak bi geldialdi egingo ditu aurten, etorkizunerako «makina perfektua» prestatzeko. 80 milioi euroren inbertsioa egingo du

Jose Gregorio Luque Petronorreko kontseilari ordezkari berria, Emiliano Lopez Atxurrarekin. MIGUEL TOÑA / EFE.
Jon Fernandez. Irune Lasa
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
2018an, Petronorren 50. urteurrenaren urtean, Muskizko (Bizkaia) findegiak emaitza historikoak lortu zituen salmentetan: 11,9 milioi tona erregai saldu zituen, eta 176,3 milioi euroren irabaziak lortu, 2017an baino pixka bat gutxiago. Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak atzo iragarri zuen 2019a ez dela izango markak hausteko urtea. «Urte zaila» izango dela azaldu zuen, konpainiak bi geldialdi programatu baititu: lehena urtarriletik apirilera bitartekoa izan da, eta hurrengoa maiatzean izango da.

Geldialdi horiek eragingo dute aurtengo emaitzak distiratsuak ez izatea, baina Lopez Atxurrak uste du geldialdiek balioko dutela Petronor «makina perfektu» bihurtzeko etorkizunerako eta merkatuko «posizio sendoari eusteko». Muskizkoa Ardatz Atlantikoko «erreferentziazko findegia» izatea nahi dute haren buruzagiek, eta «argi luze» horiek geldialdi gehiago ekarriko dituzte 2022. urtera bitartean. Haien helburuak lantegiaren eraginkortasuna eta segurtasuna handitzea dira, bai eta ingurumenean duen eragina murriztea ere, «gaitasun, malgutasun eta efizientzia» handiagoen bila. «Beste batzuek ixten ari dira, eta gu, aldiz, gehiago sendotzen ari gara», azpimarratu zuen Lopez Atxurrak. «Etengabe teknologia sartu» beharra dagoela uste du, eta gaineratu zuen Petronorrek hori «beharra duelako» egiten duela, «horrek bermatzen dituelako emaitza onak».

Petronorreko presidenteak esan zuen iazko urtea «ona eta gogobetegarria» izan dela. Petronorrek esportatu egin zituen saldutako 11,9 milioi erregai tona horietatik %36. Halaber, inoizko destilazio bolumenik handiena lortu zuen: 78,7 milioi petrolio upel. Hala ere, zergak ordaindu osteko irabazi garbiak 176,3 milioi eurorenak izan ziren, 2017an baino bi milioi txikiagoak. 2017ko kontu horietatik 34 milioi euro banatu ditu dibidendutan,

Iazko emaitzetan eragin zuzena izan dute Brent petrolio upelaren gorabeherek, eta batez ere azken hiruhilekoko prezio jaitsierak. 2018an, upelaren prezioa 85 dolarrera igo zen, baina urtea 50 dolarren bueltan itxi zuen; gaur egun, 65-70 dolarren bitartean dago berriz ere.

826 milioi Ogasunera

Petronorrek 76 milioi euroren inbertsioak egin zituen iaz —80 milioi izango dira 2019an—, eta zehazki 13,4 milioi euro bideratu zituen berrikuntzara. 2018an, findegiak 35.000 tona gas natural gutxiago kontsumitu zuen.

Petronorrek azaldu du iaz 826 milioi euroko ekarpena egin ziola Bizkaiko Ogasunari zergen bidez, lurraldeko bilketa osoaren %10,6. Era berean, Muskizko findegiaren jarduerak elikatu zuen 2018ko Bilboko Portuko trafikoaren ia erdia (%47,3); 498 itsasontzi mugiarazi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.