Prekaritate berriei aurre egiteko borroketan jarriko du indarra LABek

Uste du Euskal Herrian planto egiteko garaia iritsi dela. Lantokietako borroka sindikala «hauspotzen» jarraituko du ikasturte berrian

Irune Lasa.
Donostia
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Asmoz beteta abiatu dute ikasturte berria LABen. Beharko, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buruzagiek atzo plazaratutako lan guztiei jarri behar badiete arreta. Sindikalismo klasikoak berekin dakartzan jarduerekin batera, LABek harago joateko ariketarekin jarraituko du, adibidez prekaritate berriei —uberizazioa eta halako fenomenoei— erantzun nahian; edota «inoiz baino mobilizazio sozial handiagoa eragin duten borrokak egituratzeko».

Aranburu idazkari nagusiak gogoratu zuen iaz hainbatetan aipatu zela pentsiodunen, feministen, gazteen, migratzaileen eta langileen borrokak uztartzeko aukera. LABek, ildo horretan, mugarri bat jarri nahi du aurten, uste duelako iritsi dela «planto egiteko, Euskal Herria gelditzeko garaia».

Hori bai, sindikalismoaren betiko helburuekin, LABek «lantokietako borroka sindikala hauspotzen» ere jarraituko du. «Negoziazio kolektiboaren suspertzea borroka horren emaitza delako, eta ez beste ezerena». Bestalde, sindikalismo feministan sakondu eta lan arloko «diskriminazio sistemikoari aurre egiten» ere segituko du sindikatuak, lana areagotuz sektore feminizatuetan.

Era berean, «lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko eskubidea» xede garrantzitsua da LABentzat. «Eskandalu bat da diruzalekeriak langileon bizitza arriskuan jartzea». Laneko istripuak eta heriotzak ekidin daitezkeela sinistuta, prebentzioan ariko da, orain arte legez. Hala ere, Aranburuk helburu zehatzago bat aipatu zuen, joan den ikasturtean ere landu zutena: laneko gaixotasunek eragindako heriotzen erregistro bat eskatzen segituko du sindikatuak, «datu horiek ezkutatzen ari direlako». Xede horrek garrantzi berezia du gaur egun; orain iritsi da goraldia lanean ari zirela urte batzuk lehenago amiantoa arnastu zuten langile haien gaitz eta heriotza kasuetan.

Uberizazioari aurre egiten

Lan harreman berriek dakarten prekaritate berriei erantzuteko bere burua prestatzen ere jarraituko du LABek datozen hilabeteetan. «Sindikalismoa etengabe birpentsatu behar dugu», azaldu zuen Aranburuk uberizazioaren fenomenoa gogora ekarrita. Haren ustez, eredu berri horien helburua ez delako soilik kostuak langileen kontura murriztea, baizik eta borroka sindikala bera ere murriztea. Horregatik, «langile horiei egin beharreko eskaintza prestatzeko» lana jarri dio sindikatuak bere buruari. Nafarroan, dagoeneko, LABek Glovo auzibidera eramanda dauka.

Sindikalismoa birpentsatzeari buruzko gogoeta berbera baliagarria da, Aranbururen aburuz, sindikalismo tradizionaletik urrun gelditu diren sektoreetara hurbiltzen segitzeko ere. Arlo horretan, iaz hasitako lanari eutsi, eta etxeko langileek negoziazio kolektiboa izan dezaten borrokatuko da.

Lan harreman berriek eta babes sozialeko sistema berriak euskal esparrutik aztertzeko ariketa ere iragarri du LABek, eta, horretarako, sindikatuak bere programa soziopolitikoa berritzeko asmoa du ikasturte honetan. Datozen hilabeteetarako lanak ezartzerakoan, Arroyok Miarritze eta Hendaia jarri ditu irudi, munduan dauden bi eredu kontrajarrien adibide: batetik, G7ko taldeak sinbolizatzen duen eredu kapitalista, militarismoan, elitismoan eta sekretismoan oinarritutakoa; bestetik, Hendaian eta Irunen agertutakoa, bizitza erdigunean jartzen duen eredua, ekosozialismoan eta feminismoan oinarritutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.