Koronabirusa munduan

Lehen kasuak agertu dira Bangladeshko rohingyen errefuxiatu kanpalekuan

Agerraldi gogor batek izan ditzakeen arriskuez ohartarazi dute erakundeek, eta erantzun bat emateko premia azpimarratu

Bangladeshen dagoen rohingyen errefuxiatu gunea. MONIRUL ALAM / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19a mundu osoan zehar hedatzen hasi zenean, kezka piztu zen horrek errefuxiatuen kanpalekuetan zer eragina izan zezakeen. Izan ere, balidabide eskasiak medio, nekeza da han prebentzio neurriak betetzea eta kutsatzeak hesitzea. Bada, ikara sortu duen notizia eman berri dute Bangladeshen, eta birusaren mehatxua iritsi da Cox's Bazar hirian dagoen rohingyen errefuxiatu gunera —munduko iheslari eremurik handiena da: 860.000 rohingya inguru bizi dira, eta beste 400.000 bangladeshtar inguruko harrera komunitateetan—. UNHCR NBEren iheslarientzako agentziak baieztatu zuenez, aurreneko bi kasu atzeman zituzten herenegun Kutupalong kanpalekuan: «Rohingya errefuxiatu batek eta tokiko harrera komunitateko kide batek positibo eman dute COVID-19 proban», adierazi zuten.

Alarma piztu du berriak, eta horri erantzun azkar eta eraginkor bat emateko lanean ari dira. Modu horretan, bakartze zentro batera eraman zituzten infektatuak, eta horiekin harremana izan duten kideen bila ere hasi dira, haiek ere berrogeialdia egiteko.

Bien bitartean, laguntza humanitarioa ematen duten taldeek eremu horretan agerraldi gogor batek izan ditzakeen ondorioen inguruan ohartarazi zuten. Hala esan zuen Shamim Jahan Save the Children gobernuz kanpoko erakundeko kideak: «Munduan dagoen errefuxiatuen gune handienean sartu da birusa, eta milaka pertsona hil daitezkeela uste dugu».

Hori ekiditeko planak eta proiektuak martxan dituzte dagoeneko. Hala ere, arriskuak larria da oraindik ere. Dipankar Dattak, Oxfam erakundearen Bangladeshko zuzendariak, adierazi zuen lehen positiboekin «beldurrik okerrenak baieztatu direla», eta kutsatzeak hesitzeko baldintzak ez direla aldekoak: «Kilometro karratuko 40.000 pertsona bizi dira, eta distantzia soziala mantentzea ezinezkoa da. Jendeak ur instalazioak eta komunak partekatzen ditu, eta hori erronka bat da beharrezko higiene zorrotza bermatzerako orduan». Hori dela eta, prebentzio eta euste neurriak indartu behar direla jakinarazi zuen, baita osasun eta babes instalazioak handitu ere, «bizitzak salbatzeko».

UNHCRk, berriz, adierazi zuen lehen kasuen berri izan ondoren birusari aurre egiteko erantzuna «areagotu» egin dutela. «Martxoaz geroztik, Bangladeshko Gobernuari lagundu diogu prestakuntza eta prebentzio jardueretan. Orain, erantzun mekanismoak aktibatu dira, eta nazioarteko laguntza gehigarria ere beharko da».

Onartu zutenez, orain arte errefuxiatu esparruetan COVID-19aren presentziari erantzuteko oinarriak ezartzeko ahaleginak egin diren arren, fase berri horrek «ekintza hitzartuak eta lankidetza» eskatzen ditu. Horrela, haien asmoa eta helburua da pazienteei tratamendu azkarra bermatzea, komunitateei funtsezko informazioa eraginkortasunez ematea eta birusaren hedapena mugatzea. Horrez gain, nabarmendu zuten saiakera guztiak egin behar direla osasun, ur eta saneamendu azpiegitura mugatua duten eta gainpopulatuta dauden gune horietan heriotzatasa handiagoak saihesteko. «Populazio hori arriskurik handiena dutenen artean dago».

Bestalde, badago egoera are gehiago konplika dezakeen kontu bat. Oxfamek atzo ohartarazi zuenez, zikloi batek rohingya errefuxiatuen esparruak jo ditzake datozen egunetan. «Ur iturrien kutsatzeak eta euriteek eragindako uholdeek kalteberago utz dezakete biztanleria».

Exodoa

Hain zuzen, Myanmarko armadaren jazarpena zela eta, 2017ko abuztuan hasi zen gutxiengo musulmanaren exodo masiboa. Ordu hartan, Arakango Rohingya Askapenerako Armadak polizien eta armadaren egoitza bati egin zion eraso, eta hamabi militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituzten. Hala, gertakari hori izan zen exodoaren eragilea.

Ordutik, Myanmarrek ekindako operazio militarraren ondorioz, Rakhine estatuan bizi ziren milaka rohingyak egin behar izan zuten ihes Bangladeshera.

NBE Nazio Batuen Erakundeak eginiko ikerketa batean, gizateriaren kontrako krimenak izan zirela jaso zuten, eta rohingya etniaren aurkako genozidioa egin izana leporatu zion armadari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.