'Rai' tifoiak hirurehun hildako eta ehunka zauritu eragin ditu Filipinetan

Milioi erdi pertsona baino gehiago lekualdatu behar izan dituzte. Argindar arazoak dituzte ekaitzak gogorren jotako eremuetan

Pertsona bat oinez General Luna herriko kale batean, Siargao uhartean. EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Filipinetako Poliziak atzo zabaldutako informazioen arabera, Rai tifoiak hirurehundik gora hildako eta ehunka zauritu eragin ditu uhartedian. Horrez gain, haizete gogorrek kalteak eragin dizkiete 1,8 milioi laguni, hau da, 450.000 familiari baino gehiagori; desagertuak 50etik gora dira. Hala ere, litekeena da kopuru horiek gora egitea, gobernuak adierazi baitzuen tifoiak gogorren jotako eremuetan arazoak eta mozketak egon zirela argindarrean eta Interneten, eta horrek zaildu egingo duela jakitea kalteak zenbaterainokoak diren.

Aurreko ostegunean alarma guztiak piztu zituen Rai-k. Egun horretako goizaldean jo zuen lehen aldiz herrialdea, baina ordurako abisua emana zuten: Gurutze Gorriak aurreikusi zuen litekeena zela aurtengo tifoirik bortitzena izatea. Are, AEBetako Itsas Armadak ere azpimarratu zuen haren arriskua, eta herrialdera heltzear zela supertifoi kategoria eman zion. Ordurako, 100.000 lagun atera zituzten etxetik, tifoiak eragin zitzakeen kalteak arintzeko asmoz. Egun, ia 500.000 lagunek lekualdatu behar izan dute; gehienak ebakuazio zentroetan daude, baina badaude familiakoek edo lagunek etxean hartu dituztenak ere.

Herrialdeko erdialdeko eta hego-ekialdeko uharteetatik sartu zen tifoia, PAGASA Filipinetako Eguraldi Agentziaren arabera, orduko 195-240 kilometroko haize bortitzak lagun, eta eremu horietan pairatu dituzte kalte handienak. Erdialdeko Visayas eskualdean izan ziren hildakoen erdiak baino gehiago; eremu horretan dago Bohol probintzia, Filipinetako turismo gune ezagunenetariko bat. Agintariek jakinarazi zuten han suntsituta geratu direla etxeak, ospitaleak eta eskolak. Beste hainbat eskualdetan ere kalte handiak eragin dituzte haizeteek: besteak beste,Cebun, Leyten, Siargaon, Dinagat Uhartedian eta Ipar Surigaoko probintzietan.

Lerro hauek idazteko orduan, oraindik erreskate lanetan ari ziren salbamendu taldeak. Agintariek jakinarazi zuten militarrak ere mobilizatu zituztela, kostazainei eta suhiltzaileei laguntzeko.

Haizeteek kalte egindako herritarrei laguntze aldera, Rodrigo Duterte presidenteak iragarri zuen elikagaiak eta ura bidaliko dituela eremu hondatuenetara, eta 71,2 milioi euro inguru bideratuko dituztela laguntzetara. Era berean, adierazi zuen hitzartuak dituztela 35,5 milioi euro kalte materialak konpontzeko, eta beste horrenbeste kalteak jasandako biztanleen galerak arintzeko. Filipinetako Gurutze Gorriak ere larrialdiko esku hartzea eskatu zuen, eta 19,2 milioi euro bidaltzeko galdegin dio nazioarteari.

«Muturreko egoeran gaude. Ura eta janaria behar ditugu. Zergak ordaintzean dena presak dira, baina orain ez dator inor laguntzera», kexatu zen kaleko saltzaile bat Surigaon. Urtean hogei bat tifoi baino gehiago izaten dituzte Filipinetan, batez beste, baina adituek ohartarazia dute urteek aurrera egin ahala horiek eragiten dituzten kalteek okerrera egingo dutela klima aldaketaren ondorioz. Azken urteetako tifoirik hilgarriena Haiyan izan da: 7.300 hildako eragin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.