SCOk Afganistanen duen erantzukizuna hartzeko eskatu dio Mendebaldeari

Aliantzak uste du egoeraren «erantzuleek» herrialdea suspertzen lagundu behar dutela. Etniak gobernuan integratzeko eskatu die talibanei

Talibanen patruila bat Kabulgo zoologikoan, atzo. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Talibanen gobernuarekin izan beharreko harremanaz eztabaidatu zuten atzo SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundeko gobernuek —Txina, India, Iran, Kazakhstan, Kirgizistan, Pakistan, Errusia, Tajikistan eta Uzbekistanek osatzen dute—. «Afganistani laguntza eman behar zaio, inklusiboagoa eta irekiagoa izan dadin, eta barne nahiz atzerri politika moderatuagoak ezartzeko», esan zuen bertan Xi Jinping Txinako presidenteak.

Herrialdea berreraikitzen laguntzeko konpromisoa berretsi zuen Txinak, baina, halere, azpimarratu zuen lan hori nagusiki Mendebaldeak hartu behar duela bere gain. Zuzenean AEBak aipatu ez bazituen ere, Txinako presidenteak esan zuen «zenbait herrialdek» Afganistanen garapenean duten «erantzukizuna» hartu beharra dutela, egungo egoeraren «bultzatzaile» diren heinean.

Bide beretik jo zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere: «Afganistanen berreraikuntzarekin lotutako gastuen zati handiena AEBek eta NATOko herrialdeek ordaindu behar dute, luzaroan herrialde horretan presentzia izatearen ondorio larrien erantzule baitira». Gainera, Washingtoni eskatu zionBanku Zentraleko funtsak desblokeatzeko, haiek gabe talibanek drogen eta armen salerosketara joko dutelakoan.

Imran Khan Pakistango lehen ministroak, berriz, adierazi zuen lehentasuna «krisi humanitarioa eta kolapso ekonomikoa eragoztea» direla. Gogora ekarri zuen atzerriko funtsen mende egon izan dela Kabul urteetan, eta ohartarazi zuen halakorik gabe geratzeak «kolapsora» eraman dezakeela.

Hala ere, talibanek iragarritako «behin-behineko» gobernuarekiko erreparoa ere presente izan zen bileran. Ia osorik paxtun etniako kideez osatutakoa da gobernu berria, eta horri egin zioten kritika, batez ere. Izan ere, Afganistanen gehiengoa diren beste etnia batzuek lotura handia dute SCOko zenbait herrialderekin: hala nola Iran, Tajikistan eta Uzbekistanekin. Talde etniko guztiak barne hartuko dituen «egitura politiko inklusibo bat» osatzeko eskatu zien Khanek talibanei.

Putinek ukatu egin zuen, hark lehenago eskatu moduan, talibanen gobernua «inklusiboa» dela, baina, hala ere, harekin batera lan egin beharra dutela nabarmendu zuen.

Ministerio aldaketa

Bitartean, orain arte Emakumeen Ministerioa izan denaren Kabulgo egoitza itxi zuten atzo talibanek. Han lan egiten zuten funtzionarioak kanporatu, eta egoitzaren izena aldatu zuten. Otoitzaren Bertuterako eta Bizioaren Prebentziorako Ministerioa izango da aurrerantzean. Talibanen aurreko agintaldian ere, 1996tik 2001era artekoan, ezarri zuten ministerio hori, eta haren funtzioa xaria legearen interpretazioaren aurkako urraketak atzematea izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.