Varsovian milaka pertsona mobilizatu dira justizia erreformaren aurka

Poloniako Gobernuak lehenago erretirarazi nahi ditu Auzitegi Goreneko epaileak, eta justizia kontrolatu nahi izatea egotzi dio oposizioak

Milaka herritar Auzitegi Gorenaren aurrean, lege erreformaren aurka protestan, atzo, Varsovian. MARCIN KMIECINSKI/ EFE.
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Milaka pertsona bildu ziren atzo Varsoviako Auzitegi Gorenaren aurrean justiziako erreforma berriaren aurka protestatzeko. Manifestazioa goizean egin zuten, Goreneko presidente Malgorzata Gersdorf lanera sartzean. Izan ere, erreformaren arabera, Gersdorfek erretiroa hartuta egon behar luke atzotik, baina ez zion aldaketari jaramonik egin. Erreformaren arabera, Auzitegi Goreneko 72 epaileetatik 27k erretiroa hartu behar dute aurreikusi baino lehenago, eta manifestariek salatu dute gobernuko Legea eta Justizia alderdiak (PiS) auzitegia kontrolatu nahi duela neurri horrekin. EB Europako Batasuna ere iritzi berekoa da, eta joan den astelehenean auzibide bat hasi zuen Poloniaren aurka. Datozen egunetarako ere, Poloniako oposizioak mobilizazioetara deitu du erreformaren aurka.

PiSek erreforman bildu duenez, erretiro adina 70 urtetik 65 urtera jaitsi dute Auzitegi Goreneko epaileentzat. Erabakiak erretiratzera behartzen ditu 72 epaileetatik 27, tartean Gersdorf Goreneko burua. Gersdorfek 65 urte ditu, eta 2020ra arte egon beharko luke karguan erreforma martxan jarriko ez balitz. Erretiratzera behartutako epaileek aukera izango dute hiru urterako luzapena eskatzeko, zuzenean Andrzej Duda presidentearengana zuzenduz. Gersdorfek, ordea, esan du ez duela asmorik luzapena eskatzeko, erreforma «konstituzioaren aurkakoa» delako.

Europako Batzordea haserre agertu da justizia erreformaren erabakiarekin : «Polonia independentzia judizialaren printzipioa apurtzen ari da; epaileen eskubideak urratzen ditu, eta, beraz, ez du betetzen Europako Batasunaren Hitzarmena». Hala ere, Poloniak aurrera jarraitu du erreformarekin.

Bruselak 7.artikulua indarrean jarri zuen Poloniaren aurka duela ia urtebete, justizia erreformak egitean EBk ezarritako balioei ez jarraitzeagatik. EBk Polonia mehatxatu du berriz ere artikulua indarrean jartzearekin, eta, ondorioz, EBn boto eskubidea gal lezake herrialdeak. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak atzo Europako Parlamentuan adierazi zuen herrialde orok eskubidea duela «bere sistema judizialaren tradizioei» jarraitzeko. Europako Batzordea prest agertu da Poloniarekin Zuzenbide Estatuari buruz solastatzeko.

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak deitoratu egin du «Auzitegi Goreneko epaileen %40» erretirarazi izana, baina, aldi berean, elkarrizketa eskaini dio Poloniari. «Europa elkartzea ideia ona da, baina, herritarrak bat ez badatoz, ezinezkoa izango da etorkizun bateratu bat sortzea», erantzun du Morawieckik. Gogora ekarri ditu Europaren «krisi existentzialak», brexit-a eta migrazio politika tarteko, eta EBk zenbait aldaketa egin beharko lituzkeela esan du.

Polonia eta EB aurrez aurre

Justizia erreformen harira Poloniaren eta EBren arteko auzia duela urtebete baino gehiago sortu zen. PiS alderdiak gehiengo osoz hauteskundeak irabazi zituenetik (2015), ohikoak dira ezinulertuak EBrekin. 2017ko uztailaren 18an Poloniak erabaki zuen Botere Judizialaren Batzar Nazionaleko 25 kideetatik hamabost legebiltzarrak hautatuko zituela. Orduan ere Zuzenbide Estatua mehatxatzea eta oztopatzealeporatu zion EBk Poloniari. Aldi hartan ere, oposizioak mobilizazioak antolatu zituen, eta uztailaren 24an gobernuak erabaki zuen erreforma atzera botatzea. Hala ere, azken hilabeteetan saiakera gehiago egin ditu erreformarekin aurrera jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.