Buruzagi indigena bat hil dute Kolonbiako Cauca departamenduan

'Corticoren heriotzagatik, ELN' dioen idatzi bat aurkitu dute gorpuen ondoan. Iaz, %40 ugaritu ziren buruzagi sozialen aurkako erasoak Caucan.

Argenis Yatacue. BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Argenis Yatacue buruzagi indigena eta irakaslea, eta haren senar Marcelino Yatacueren hilketaren berri eman zuen atzo goizaldean Bizitzaren eta Giza Eskubideen Aldeko Sareak. Buruzagi indigena eta irakaslea zen Argenis Yatacue, Cauca departamenduko Paez de Corinto barrutian. Bi gorpuen aldamenean Corticoren heriotzagatik. ELN zioen idatzi bat aurkitu zuten.

Caucako Batzorde Indigenak alerta gorena ezarri du departamenduan, Yatacueren hilketaren berri izan ostean. Ordezkari politiko ugarik salatu zuten erasoa, besteak beste, Feliciano Valentzia MAIS alderdiko senatariak: «Cauca iparraldeko Corinto herria da Kolonbiako gunerik militarizatuena, eta, hala ere, disidentziek buruzagi indigena bat eta haren senarra hil dituzte; zortzi egun baino gutxiagoan bost indigena sarraskitu dituzte. Baina gobernua, ondo, mila esker. Zer gertatzen da segurtasun indarrekin Cauca iparraldean?».

Carlos Camargo arartekoak 2018an ohartarazi zuen lehen aldiz buruzagi indigenen aurkako mehatxuez. Eremu hartan daude dira ELNko, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako eta EPL Herria Askatzeko Armadako talde disidenteak. Azken hilketak «ahalik eta azkarren» argitzeko eskatu zion Camargok gobernuari.

Yatacuerena ez da azken egunetako hilketa bakarra izan. Joan den asteartean, Beatriz Cano ordezkari indigena hil zen, lau egun lehenago Santander de Quilichao barrutian izandako eraso batean jasandako zaurien ondorioz. Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenetako bozeramailea zen Cano. Erasoaldi berean beste bi indigena eta bi polizia hil zituzten, eta zauritu egin zituzten Canoren bost urteko alaba eta Cesar Galarza erakundeko beste bozeramailea. Tiroketa FARCeko talde disidente bati egotzi zioten, Dagoberto Ramos fronteari.

2019 eta 2020 artean herriaren ordezkari ziren sei emakumezko hil zituzten; haietako lau, indigenak. Urte hasieratik eta maiatzera arte, berriz, 69 lider hil dituzte. 2016an bake akordioak sinatu zirenetik, berriz, 1.185 dira hildako ordezkari sozialak.

Indarkeriak, gora

Caucan, 2020an, pandemia betean eta itxialdia indarrean egonik ere, %40 ugaritu ziren buruzagi sozialen aurkako erasoak, Francisco Isaias Cifuentes gobernuz kanpoko erakundeak eta Bizitzaren eta Giza Eskubideen Aldeko Sareak joan den apirilean argitaratutako txostenean bildutako datuen arabera. Departamendu horretan izan dira Kolonbia osoan izandako hilketen %28 ere.

Indigenak dira indarkeria horren biktima nagusiak: txostenean diotenez, 2016ko bake akordioak sinatu zituztenetik Caucan hildako 271 buruzagietatik erdiak ziren jatorrizko herrietakoak. Dokumentuan nabarmendu dute, gainera, 2018an Ivan Duque presidentetzara heldu zenetik %70 ugaritu direla ordezkari indigenen hilketak. Hala, giza eskubideen aldeko elkarteek «genozidioa» salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.