Frantziako presidentetzarako hauteskundeak. Lehen itzuliko emaitzak

Ipar Euskal Herrian ere PSko hautagaia nagusitu da

Eskuin muturrak bost urtez egin igoera da azpimarragarria: aurten, bozen %11,19 bildu ditu; 2007an, %5,95

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian ere François Hollande (PS) nagusitu da, bozen %28,03 lortuta. 2007an baino emaitza hobeak egin ditu Alderdi Sozialistak; orduan, hirugarren indarra atera zen, bozen %24,37 eskuratuta. Hauteslea ezkerraren alde bozkatzeari «usatzen» ari dela dio Frantxua Maitia Alderdi Sozialistako eskualdeko kontseilariak. Hain zuzen, iaz lehen aldikoz kantonamenduetako hauteskundeetan garaile atera ziren sozialistak, eta senaturakoak ere irabazi zituzten. Emaitza horietaz «pozten» da Maitia, eta bigarren itzuliari begira ere nahikoa baikor ageri da: «Sarkozyk Le Penen bozak beharko ditu irabazteko; eskuin muturrari egin beharko dizkio eskaintza batzuk, eta, hori ikusita, zentrokoek gibel eginen dute; parte on batek Hollanderen alde bozkatuko du».

Bigarren lekuan geratu da Nicolas Sarkozy (UMP), %27,2rekin. Nahiz aitzineko Frantziako presidentetzarako bozei begira 2,2 puntu galdu, emaitzak baloratu ditu Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak, «Frantziako emaitzekin konparatuz, atzerakada ahulagoa izan delako hemen». Orain, bigarren itzuliari begira eskuin muturraren alde bozkatu dutenei begira da Brisson: «Alderdi Sozialistarentzat frantsesen %18 paria batzuk dira, hitz egin behar ez zaien herritarrak dira. Gu frantses guztiei zuzentzen gara, baita ere Fronte Nazionaleko bozkatzaileei».

Fronte Nazionaleko Marine Le Penek Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako bozen %11,19 lortu ditu. Eskuin muturrak azken hauteskundeetarik kasik bikoiztu egin ditu emaitzak: %5,95etik %11,19ra pasa da. Izan hirietan edota herri txikietan, lorturiko emendioa azpimarragarria da. Besteak beste, Donibane Lohizunen (Lapurdi) bozen %10,57 lortu ditu Le Penek; 892 pertsonak diote boza eman. 2007an, berriz, 525ek eman zioten botoa. Eskuin muturrak estigmatizatzen dituen etorkinik ez izan arren eta eskuin muturrak aipatzen duen segurtasun gabeziaz urrun badira ere, Etxarri herrian lehen atera da eskuin muturra, %24,42 eginez. 106 boz-emaile dituen herrixka horretan, laugarren indarra zen 2007an. Fronte Nazionalaren igoera kasik herri eta hiri guztietan sentitu da: Arrosan, 34k bozkatu dute haren alde —2007an 19 ziren—; Hazparnen, 533k diote boza eman, 2007an 308zirela...

Bayrou, %25,2tik %13,67ra

Beherakada handia ezagutu du Francois Bayrouk: 2007an, %25,2k bozkatu zuten harentzat; aurten, ordea, %13,67k diote boza eman. «Emaitza hobeak» espero zituen Frantziako senatari den Bidaxuneko Jean-Jacques Lasserre zentristak. Haren iduriko, duela bost urte zuen mezu bera luzatu du Bayrouk kanpainan, eta emaitzek islatzen dute gizartea ez dagoela «hark luzatu mezu zorrotza entzuteko prest». Bestalde, argi dauka «komunikabideek eta zundaketek fabrikaturiko hauteskundeak» izan direla. Aldi honetan ez bezala, duela bost urte zundaketek Bayrouren emaitza altuak aurreikusten zituzten, eta luze eta zabal aipatu zen zentristaren kanpaina.

Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Fronteko hautagaiak botoen %11,61 lortu ditu, bosgarren indarra dela. Komunistek emaitza altuak egiten dituzten herrietan, emaitza onak eskuratu ditu: Maulen, bigarren indarra atera da, %20,03rekin, Alderdi Sozialista dela lehen; Bokalen ere bozen %20,58 bildu ditu, hor ere sozialistak direla nagusi. Baina eskuina boterean den hiri batzuetan ere emaitza onak egin ditu. Baionan, adibidez, hirugarren indarra atera da, %13,78rekin.

Beste bost hautagaiak %5etik behera gelditu dira: Eva Jolyk (Europe Ecologie-Berdeak) %3,59, Philippe Poutouk (NPA) %2,23, Nicolas Dupont-Aignanek (eskuina) %1,71, Nathalie Arthaudek (Lutte Ouvriere) %0,54 eta Jacques Cheminadek (Solidarite et Progres) %0,23.

Ipar Euskal Herriko hautesleen %80,9k zuten igandean bozkatu; 2007an, %85,5ekoa izan zen parte hartzea. Izandako parte hartze «ona»begi onez ikusi dute alderdietako ordezkariek.

Kantonamenduei begira

Ipar Euskal Herriko hogeita batkantonamenduei begiratu, eta hamabitan nagusitu da Sarkozy: Miarritze ekialdean, Miarritze mendebaldean, Bidaxunen, Ezpeletan, Iholdin, Baigorrin, Donibane Lohizunen, Donibane Garazin, Donapaleun, Uztaritzen, Angelu iparraldean eta Baiona mendebaldean. Hollande kokatu da lehen besteetan, hots, Hazparnen, Hendaian, Bastidan, Maulen, Hiriburun, Atharratzen, Angelu hegoaldean, Baiona ekialdean eta Baiona iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.