Akusazioek frogatutzat jo dute bost gizonek emakumea bortxatu zutela

Fiskalaren irudiko, «sinesgarritasun osoa aitortzeko ezaugarri guztiak ditu biktimaren deklarazioak». Bost akusatuen defentsa abokatuek gaur aurkeztuko dituzte epaiketari buruzko azken ondorioak

Carlos Bakaikoa, biktimaren abokatua, atzo goizean, Nafarroako Auzitegi Nagusira sartzen, kazetariz inguratuta. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Azken txanpara iritsi da 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren kasuaz Nafarroako Auzitegi Nagusian egiten ari diren epaiketa. Epaimahaiak onartutako frogak oinarri gisa hartuta, azken ondorioak aurkeztu zituzten atzo fiskalak, akusazio partikularrak eta herri akusazioek. Ia imintziorik egin gabe entzun zituzten auzipetuek. Akusazioek tinko defendatu zuten duela urtebete Iruñean San Fermin egunez gertatutakoa «bortxaketa» izan zela. «Biktimarekin izandako sexu harremanetan ez zen baimenik egon; indarkeriaz eta larderiaz gauzatu zuten bortxaketa bost akusatuek», defendatu zuen Elena Sarasate fiskalak. Gaur, aldiz, Sevillako (Espainia) bost akusatuen defentsa abokatuek aurkeztuko dituzte azken ondorioak.

Sarasa fiskala izan zen ondorioen txostena aurkezten lehena. Ia bi orduz, xehe-xehe aurkeztu zituen bortxaketa, intimitatearen aurkako delitua eta lapurreta delituak frogatutzat emateko argudioak. Erabateko sinesgarritasuna aitortu dio 18 urte zituela emakumezkoak egindako deklarazioari —gaur egun, 20 urte ditu—. «Emakumezkoak dioena koherentea da, ez dago kontraesanik eta, ez du gertatutakoa puztu». Behin eta berriz nabarmendu du bost gizonek emakumearekiko zuten «nagusikeria».

Fiskalaren arabera, «ukaezina» da akusatuek Gazteluko plazan ezagutu zutela emakumezkoa, eta autorainoko bidean lagunduko zioten «aitzakian» joan zirela handik. Gaineratu duenez, ez ziren modu bateratuan abiatu, bereizita baizik. Uste du emakumeak horregatik deklaratu zuela bortxatzaileak bost beharrean lau zirela. Defendatu du nahiko froga badagoela adierazteko bortxaketa izan zela Paulino Caballero kaleko bosgarren zenbakiko atariko gelan —«sagu zuloan»— gertatutakoa. «Akusatuek grabatutako bideoak ikusi besterik ez dago. Inoiz ez da ikusten biktima jarrera aktiboan; beti ageri da begiak itxita». Fiskalaren iritzian, irudietan ikusten denak baieztatu besterik ez du egiten emakumeak dioena. Horrela justifikatu du biktimak «zauri nabarmenik» ez izatea; gizonezkoek «gutxieneko indarkeria» baliatu zutelako.

Akusatuen sakelako telefonoetan topatutako bideoez gain, perituek audioak ere aztertu dituzte. «Audioetan bi elkarrizketa mota entzuten dira: batetik, akusatuen artekoak, kolaborazio elkarrizketak; eta, bestetik, biktimarekikoak, aginduzkoak, interakziorik batere gabeak». Gainera, ebatzi du akusatuetako batek emakumeari sakelako telefonoa lapurtu izanak haren «babesgabe egoera areagotu» egin zuela. Bost gizonentzat 22 urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra eskatu du.

Antzera mintzatu da Miguel Angel Moran ere, akusazio partikularreko abokatua. Auzipetuentzat 24 urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du. Joan den astean, defentsako abokatuetako batek iradoki zuen neskak bortxaketa salatu zuela gizonek grabatu izanaren «mendeku» modura. Hori «gezurra» dela defendatu du Moranek: «Salatzaileak ez zekien grabatu zutenik, eta lehen deklarazioetan ez zuen horren inguruan ezer esan, berak ez zuelako horren berri».

Fiskalak ez bezala, akusazio partikularrak azaldu du neskak «urratuak» zituela aurpegian. «Urratuok frogatzen dute gizonezkoek indarkeria erabili zutela». Bestalde, nabarmendu du 2016ko sanferminetan jasandakoak «kalte larriak» eragin dizkiola emakumeari. Haren esanetan, trauma ondorengo estresa du, eta sufrimendu hori areagotu egin zaio detektibe pribatuen jarraipena izan zuela jakin ostean. «Emakumeak sufritutakoagatik zigorra merezi dute; mendekuagatik ez, baizik eta justiziagatik».

«Ezetza» ez da beharrezkoa

Gaur defentsako abokatuek aurkeztuko dituzte ondorioak, eta balia ditzaketen argudioei aurre hartu nahi izan zien Victor Sarasak, Iruñeko Udala ordezkatzen duen abokatuak. Akusatuek beti defendatu dute sexu harremanak baimenduak izan zirela, emakumeak inoiz ez zuela «ezetz» esan. «Gizonezkoek harremanak baimenduak zirela ebatzi izanak ez du esan nahi deliturik izan ez zenik». Sexu harremanetan parte hartzen dutenen artean «jazarpena» dagoenean, hori sexu erasoa dela defendatu du.

Bestalde, aitortu du «harrituta» dagoela akusatuek guztia jazo eta bi hilabetera deklaratu zutelako. «Norbaitek delitu bat egiten ez duenean, ahalik eta azkarren deklaratu nahi izaten du, ez du isildu nahi izaten». Hala, zalantzan jarri du bost gizonezkoek deklaratutakoaren «egiazkotasuna».

Hitza hartzen azkena izan zen Ildefonso Sebastian, Nafarroako Gobernua ordezkatzen duen abokatua. Haren ustez, biktimaren «izaera xaloa» aprobetxatu zuten akusatuek bortxaketa gauzatzeko. Epaileak akusatuak errudun direla ebatziz gero, beste zigor bat ere eskatu du: uztailaren 7an biktimak Osasunbidean jaso zuen artapenaren gastuak beren gain har ditzatela.

Gaur izango da 2016ko sanferminetan gertatutakoari buruzko epaiketaren azken saioa. Bost akusatuen abokatuek ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte. Horren ondotik erabaki hartu behar izango du epaileak. Atzo bezala gaur ere, Nafarroako Auzitegi Nagusian ikusmin handia espero dute. Hamabost egunez itxia izan da epaiketa, eta azken bi egunetan publikoa. Orotara 24 herritar eta 46 kazetari sartu ziren aretoan atzoko saioa jarraitzeko. Segurtasun neurriak handiak ziren: ez zuten utzi aretoan gailu elektronikoak sartzen. Gehienez ere, papera eta boligrafoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.