LEKUKOTASUNAK

2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ikerketan ikasleen eta haien senitartekoen lekukotasunak jaso dituzte. Horra esandakoen bilduma hautatu bat, gaika sailkatuta:

BIZIKIDETZA ARAZOAK

Neska-mutilen hitzetan, badira eskola barruko bizikidetzan izan dituzten arazoen hainbat etsenplu:

«Nirekin sartu izan dira, baina ez naiz gogoratzen... Adarra jotzen zidan, gero barkamena eskatzen zidan, gero berriro egiten zuen».

«Bakarrik sentitzen naiz jolastokian lagunen bila nabilenean. Beti bakarrik geratzen naiz. Gero aurkitzen ditut, zorionez».

Gurasoen lekukotasunetan ere agertzen dira antzeko kezkak:

«Haur Hezkuntzako 2. mailan hasi nintzen jabetzen; irakaslearekin hitz egin nuen, umea negar batean egoten zelako: 'Inork ez du nirekin jolastu nahi. Ez didate entzuten hitz egiten dudanean'... Halako gauzak! Halako ume txikiak! Eta irakasleak:'Izan ere, hain pozik dago etxetxoan jolasten!'». Eta hori ez da integrazioa. Nik halako egoeretan ikusi dut ezin duzula delegatu. Ezin duzu delegatu; zu ez bazaude, haiek ez daude. Zuk hor egon behar duzu».

IRAKASLEEKIKO ERLAZIOAK

Nahiko ondo baloratzen dituzte ikasleek haien irakasleak, eta haien premietara egokitzeko ahalegina aintzat hartzen dute. Badira irakasleen «beldur» direnak ere:

«Irakasle batzuek beldurra ematen dute... Laguntza ematen didan irakaslea gustatzen zait; zerbait ez badut ulertzen, behar adina aldiz errepikatzen dit. Niretzat irakasle berezia da; zaindu egiten nau, gauzak beste era batera azaltzen dizkit... Frantseseko irakaslea ez da txarra, baina serio jartzen da, niri gehiago kostatzen zaidalako».

Gurasoen hitzetan ere, badira kezkak. Esker oneko hitzak ere bai, zenbait profesionalek egiten dituzten ahalegin handiengatik:

«Badira eskolak zeintzuetan inplikatzen diren irakasleak badiren; ez da toki guztietan izaten».

«Babestuak sentitu gara alor askotan, emozionalean ere bai».

«Inplikatzeko gogorik ez badute, alferrik da guztia. Aurki antzematen duzu. Ni, esaterako, sartu nintzen zentrora, eta berehala hasi zen laguntzailea ikasgela egokitzeko ahaleginak egiten: 'Esango diot mantentze lanak egiten dituenari hori konpontzeko, umea hobeto irits dadin'. Pentsatu nuen: 'Hauxe da behar dudana'».

«Familiarekin harreman zuzena izatearen falta sumatu dut... Ezjakintasunaren aurrean, ez galderarik egitea».

ASISTENTZIA

Eritasuna eragozpen izaten da sarri eskolako martxa jarraitzeko. Ikasleen ahotan ohikoa da kezka:

«Ni Erdi Graduan guztiz blokeatuta nago, etengabe ibili behar duzulako huts egindako egunak zenbatzen. %20arekin 'ebaluatu gabe' jartzen dizute, baina justifikatutako huts egiteak dira».

Gurasoenetan ere bai:

«Lehen Hezkuntzan askotan ezin izaten zuen agertu, infekzioak izaten zituelako. Laguntza eskatu nuen, baina ondo zihoala esan zidaten. Aldiz, ikasturtea errepikatu behar izan zuen gero. Ezin izan zitekeen saihestu hori? Ezin ziren bestelako neurri batzuk hartu?».

LAGUNTZA NEURRIAK

Laguntza neurri egokiak nahi dituzte, ez denbora-pasakoak. Hara kexu hori ikasleen artean:

«Lehen Hezkuntzan gelatik ateratzen ninduten... Beste ikasgela batera; han, jostailuak zeuden, margoak... Margotzen jartzen nintzen, denbora pasatzen... Inoiz ez nuen ulertu zergatik eramaten ninduten margotzera».

«Ni prozeduretarako tailer batera eramaten ninduten... Laburtzen eta eskemak egiten ikasteko zen. Eta, bale, ez dut esaten gaizki dagoenik, baina behar duenarentzat. Ni oso ongiak eta bikainak ateratzen ari nintzela! Ez nuen horrelakorik behar».

Gurasoen azalpenetan ere ezinegona agertzen da:

«Muga akademikoak ipiniko dizkioten kezka dut. Nire helburua ez da bera unibertsitatera heltzea. Baina... ez jarri mugarik garaia baino lehen!».

BARRERA FISIKOAK

Oro har, zentroak prestatuta daude. Baina bada zer hobetua. Horra ikasleen hitzetan,kexuak:

«Institutuan, pilotalekura joateko, aparkalekutik igaro behar da, eta eskailerak daude bi eremu irisgarrietarako. Pertsona bat dago aulki gurpildunean. Hara! Zoaz harrerara, eska ezazu beheko atariko giltza, ireki ezazu langa, har ezazu urrutiko agintea ordu osoan galdu gabe izateko ardura...».

«Beste komunen ondoan dagoen komun egokitu bat nahi nuke: hartara, zure lagunak badoaz, haiekin batera joateko balia dezakezu zuk ere tarte hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.