Montano Espainiaratu dute, Ellakuriaren hilketan laguntzaile izatea egotzita

El Salvadorko Defentsa ministrorde ohia Madrilgo espetxe batean dago atzotik, eta gaur hartuko diote deklarazioa Auzitegi Nazionalean

Samara Velte.
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Atzotik Madrilen da Inocente Montano, El Salvadorko Defentsa ministrorde ohia eta junta militarreko kidea 1980ko hamarkadako gerra zibilean. Besteak beste, Inazio Ellakuria jesuita bizkaitarraren hilketan «laguntzaile» izatea egozten diote, eta, okerrik ezean, gaur hartuko dio deklarazioa Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epaileak.

28 urte bete berri dira Ellakuria eta beste zazpi pertsona —bost jesuita, haien sukaldaria eta haren alaba— San Salvadorren Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearen lorategian tirokatuta topatu zituztenetik. 1989ko azaroa zen, eta gerra zibil betean zen El Salvador: gobernu militarraren heriotzaren eskuadroi batek hil zituen, ustez, unibertsitatearen arduradunak; Ellakuria errektorea zen orduan.

Auzia, gerrako beste hainbat bezala, zigorgabe geratu zen El Salvadorko epaitegietan, 1993ko amnistia lege baten erruz. 2008an, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuten biktimen eta giza eskubideen aldeko elkarteek. Hark nazioarteko atxilotze agindua eman zuen junta militarreko sei kide ohirentzat, baina El Salvadorko Auzitegi Gorenak ukatu egin zion. Montano zen une hartan herrialdetik at zegoen bakarra: AEBetan bizi zen. Bederatzi urteko gatazka judizialaren ostean, hura Espainiaratzea onartu zuen AEBetako Auzitegi Gorenak duela bi aste. Kereila jarri duen giza eskubideen aldeko elkartea pozik agertu da Montanoren estradizioarekin: «Senideentzat ez ezik, El Salvadorko gerra zibilean gertatutako giza eskubideen urraketen biktima guztientzat ere itxaropena da». Auzi horrengatik estraditatutako kargudun gorena da, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.