Gizarte zibileko ordezkariak joango dira buruan larunbateko manifestazioan

Ada Colau Bartzelonako alkateak adierazi du administrazioek ezin dutela protagonismorik eduki. Ikusteko dago CUPek parte hartuko ote duen

Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Kataluniako Gobernuak eta Bartzelonako Udalak deituta, datorren larunbatean manifestazio bat egingo dute Bartzelonan (18:00), joan den ostegunean eta ostiralean Bartzelonan eta Cambrilsen gertatutako erasoak gaitzesteko. CUPeko kideek mobilizazioan parte hartuko duten ala ez ikusteko dago, ordea. Mireia Boya alderdi antikapitalistako parlamentariak herenegun adierazi zuen agintari politikoek beharrean «gizarte zibilak» joan beharko lukeela manifestazioaren buruan. «Segurtasun indarrek, erizainek, taxilariek eta medikuek», zehaztu zuen, Catalunya Radio irratian egindako elkarrizketan. Deialdiaren xehetasunen zain daude CUPen. Eta Ada Colauk mobilizazioari buruzko detaile batzuk eman zituen atzo. «Politikariok bigarren edo hirugarren ilaran joango gara». Bartzelonako alkateak jakinarazi zuen nortzuk joango diren buruan: «Udaltzainak, Mossos d'Esquadra, dendariak... herritarrak; ekintza terroristak lehen pertsonan bizi izan zituztenak».

Colauri galdetu zioten, hain zuzen, ea Espainiako erregeak eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak No tinc por (Ez dut beldurrik) lelopean egingo duten mobilizazioan parte hartu beharko luketeen. «Nahi duen edonor etorri dadila». Zera nabarmendu zuen, hala eta guztiz ere: «Inongo administraziok ezin du protagonista izan».

Felipe VI.a manifestazioan egotearen aurka dago CUP. Boyaren esanetan, alderdi antikapitalistarentzat Espainiako erregea ez da «ongi etorria», Espainiako monarkiak eta Persiar golkokoek, «Qatarrekoak eta Arabiar Emirerri Batuetakoak, esaterako», dauzkaten «harreman ekonomiko eta pertsonalengatik». Boyaren hitzetan, horiek dira lehen astean Katalunian gertatutakoaren «errudunak». «Monarkia horiek EI Estatu Islamikoa finantzatzen eta armaz hornitzen ari dira». Beraz, «hipokrisia ekintza handi bat» iruditzen zaio Felipe VI. Bartzelonara «paseatzera» joatea. Baina ez soilik Espainiako erregeak, Boyaren esanetan, Espainiako hainbat oligarkiak dauzkate negozioak «erlijio fanatismoa» hauspotzen duten herrialdeetan.

Adierazpen horien berri eduki ondoren, bere jarrera «tamalgarria» zuzentzeko eskatu zion Carles Puigdemontek CUPi. Kataluniako presidentearen ustez, «oso oker» daude Kataluniako Gobernuan, erreferendumari begira behintzat, kide dituenak. «Ez gara gu izango ukatzeko eskubidea ezarriko dugunak; mundu guztiak egon beharra dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.