Espainiako itunen itzala gero eta luzeagoa da Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Lan Harremanen Kontseiluak baieztatu du azken hilabeteotan sindikatu abertzaleek salatutako lan hitzarmen estatalizazioa benetakoa dela. LHKren martxoko txosten soziolaboralak argi islatzen du gero eta euskal langile gehiago daudela Espainian sinatutako lan hitzarmenen eraginpean.

Datu horien arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpresako hamabost hitzarmen sinatu ziren hilabete horretan; 598 langileri eragiten diete akordioek. Sektorekako hitzarmen bakarra izan da, ordea, Bizkaiko harri eta marmolekoa, eta 115 langile geratu dira haren babesean. Beraz, negoziazio kolektiboaren lokarria ez dela batere askatu islatzen dute berriro LHKren zenbakiek.

1.400 langile gehiago

Eusko Jaurlaritzaren menpeko hiru lurraldeetan eragina duten estatu eremuko hitzarmenei dagokienez, martxoan euren eraginpean ia 1.400 langile hartzen dituzten sektoreko bi hitzarmen erregistratu ziren. Horrez gain, beste bi lan itun sinatu ziren enpresa mailan, eta akordio horiek 258 behargini eragiten diete.

2016. urteko lehen hiruhilekoan erregistratutako hitzarmenetako batez besteko soldata igoera %1,43 izan da; urteko lehen hiru hilabeteetan inflazioak behera egin du, eta urte arteko tasan-%0,5ean dago Hego Euskal Herrian. Deigarria da, hala ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragina duten estatu eremuko hitzarmenetako igoera (%1,69) hiru lurralde horietan negoziaturiko hitzarmenetakoa (%1,35) baino handiagoa izan dela. Alegia, gehiago igotzen ari dira soldatak Espainia mailako itunetan, euskal itun kolektiboetan baino.

Martxoak apenas hobetu duen ezer lan harremanek azkeneko lan erreformaz geroztik duten blokeoa, lau beharginetik batek baizik ez dutelako hitzarmena eguneratu. Hilabetearen amaieran, 145.372 pertsonaren lan baldintzak (%26,5) eragin arrunteko hitzarmenek arautzen zituzten; 300.128 langilek (%54,6k) hitzarmena indarraldi luzatuan eta berritzeko zain zuten; eta beste 103.776 pertsonak (%18,9k) hitzarmena iraungita eta berreskuratu gabe zeukaten.

Hain zuzen, ELAk atzo jakitera eman zuen Nafarroako ile apaindegien ituna egin duela alorreko patronalarekin, eta 1.200 langile babestuko dituela 2017. urtea amaitu arte, «Espainian UGTk eta CCOOk sinatutako itun penagarriaz babesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.