Azpikontratatutako langile bat hil da Bilbon, hogei egunean bosgarrena

'Dumper' ibilgailua irauli, eta azpian harrapatuta hil da Barakaldoko behargina.LABek dio 30 direla urte hasieratik hildakoak, ELAk 29

Araitz Muguruza.
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bilboko Arangoiti auzoan etxebizitza batzuen eraikuntzan gertatu zen ezbeharra. Langileak dumper-a aldapan behera zihoala ikusi, eta hura gelditu nahian bertara igo zela. Ibilgailua irauli egin zitzaion, ordea, eta azpian harrapatu zuen, ELAk azaldu duenez. 49 urte zituen, eta Barakaldokoa (Bizkaia) zen. Exbasa eraikuntza enpresak azpikontratatutako Construcciones Ribajako langilea zen. Sindikatu guztiek gogor salatu dute lan istripua, eta azpikontratatutako langileek dauzkaten baldintza txarrei egotzi diete, besteak beste, istripua. Hogei egunean hil den bosgarren langilea dela jakinarazi du LABek, eta heriotza horiek salatzeko elkarretaratzea egingo du gaur ELA, EILAS, Hiru eta EHNErekin batera, Deustuko San Pedro plazan, 11:00etan. Euskadiko CCOOk ere leku berean egingo du elkarretaratzea baina ordubete geroago, 12:00etan.

Nahiz eta eraikuntzaren sektoreak atzeraldia izan duen azken urteetan, oraindik ere lan istripu gehien duen sektorea da, eta hori «onartezina» dela nabarmendu du ELAk: «Bistakoa da erakunde publikoek eta enpresek ez dutelaezer egiten istripuen kopurua txikitzeko». Horregatik, Bilboko atzoko ezbeharra ikertzeko eta horien erantzuleak zein diren argitzeko eskatu du. ELAren arabera, 29 dira urte hasieratik hona lanean hil diren langileak.

Azpikontratatutako langileei jarraipenik ez zaiela egiten salatu du LABek, eta horren erantzukizuna Osalanek eta Lan Ikuskaritzak dutela dio. «Non daude eraikuntzan egiten zituzten kanpainak berriz ere egiteko? Zergatik ez dute pentsatu zer egin, kanpainak zuzenean bertan behera utzi beharrean?».

Euskadiko CCOOk, berriz, azpikontratatutako enpresetako lan baldintzak «modu eraginkorrean» kontrolatzeko exijitu du. Azpikontratazioak eraikuntzan lan istripu gehien eragiten duen arren, enpresek «jaramonik ez dutela egiten» salatu du.

Babes ofizialeko etxeak izango dira Arangoitin eraikitzen ari diren etxebizitzetako batzuk. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ere «eginbeharrak badituela» adierazi du LABek. «Etxebizitzen eraikuntza amaitzen denean babes ofizialeko etxebizitzak egiteaz harro agertuko da Jaurlaritza, baina eraikitze lanetan bertan lanean ari diren langileen bizitza eta osasuna zaintzeko neurriak hartzeaz ere arduratu behar du».

Istripu gehienak, obretan

Azken asteetan hil diren bost langileetatik hiru eraikuntzan ari ziren lanean. Joan zen astean Getxon (Bizkaia) hil zen behargin bat kamioiak azpian harrapatuta. Materiala deskargatzen ari zen dumper batekin eta konturatzerako ibilgailua eta kamioaren artean zegoen. 60 urte zituen eta Andorrakoa zen. Abuztuaren 14an hil zen beste langile bat, Tuteran, Nafarroan. Hango udal industrialdeko teilatutik erorita hil zen. Ribaforadakoa zen, eta 45 urte zituen. Uztailean ere beste bi behargin hil ziren, Gasteizen eta Muxikan (Bizkaia). Eraikuntzako langileak ziren horiek ere.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian 30 behargin hil direla salatu du LABek. Iaz urte osoan 35 behargin hil ziren, sindikatu abertzalearen arabera. Oraingoz hiru dira Araban hildakoak, hamabi Bizkaian, zazpi Gipuzkoan eta zortzi Nafarroan. LABek gogoratu egin ditu, bestalde, eraikuntza lan handietan izandako lan istripuak eta langileek pairatu dituzten baldintza txarren salaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.