Haustura adierazpenari eduki soziala erantsi diote Junts Pel Sik eta CUPek

Astelehenean eztabaidatu eta bozkatuko dute, iazko prozesu parte hartzailearen urteurrenean, errepublika katalana eratzen hasteko testua

jon olano
2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Urri amaieran Junts Pel Siren eta CUPen ordezkariek Kataluniako Parlamentuan erregistratutako haustura adierazpena zabaltzea adostu dute bi zerrenda independentistek. Generalitateari eskatu zioten soilik Kataluniako Parlamentutik jasotako manamenduak betetzeko, Espainiako Estatuak eta bereziki Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiek kataluniarren oinarrizko eskubideetan eraginik izan ez dezaten. Eta orain eduki sozialez ondu dute Kataluniako Errepublika sortzen hasteko urratsak biltzendituen adierazpena, hasieran adostu zuten testuari gehitutako bederatzi puntuko eranskin batekin. Astelehenean eztabaidatu eta bozkatuko dute Kataluniako Parlamentuan.

Energia pobrezia saihestu, eta, besteak beste, osasun, etxebizitza eta hezkuntza eskubideak ziurtatu nahi dituzte Junts Pel Sik eta CUPek. Hain zuzen, adierazpenaren bidez, Kataluniako Gobernuari eskatuko diote har ditzala neurriak oinarrizko ur eta argindar hornikuntzak bermatzeko. Etxebizitzaren kasuan, berriz, gobernuari galdegin diote kaleratze arriskuan daudenei berma diezaiela beste etxebizitza bat. Finean, bi esparru horietan, Kataluniako Parlamentuak aurtengo uztailaren 29an onartutako legea betetzeko eskatu diote.

Abortuari dagokionez, Kataluniako Parlamentuak aurten onartutako arauari jarraitu beharko dio gobernu berriak, eta errefuxiatuen alorrean, «ahal duen pertsona kopuru handiena» hartzeko eskatzen dute JPSk eta CUPek adierazpen proposamen osatuan.

Eztabaida, astelehenean

Ostegunean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez duela independentistek sustatutako adierazpenari buruzko eztabaida oztopatuko, eta atzo zehaztu zuen Kataluniako Parlamentuak eztabaida horren data eta ordua: datorren astelehenean egingo dute, goizeko hamarretatik aurrera.

Ikusteke dago, ordea, Carme Forcadell buru duen ganberan zenbat legebiltzarkide bilduko diren. Ciutadansek, izan ere, PPri eta PSCri proposatu die osoko bilkuran parte ez hartzeko. Debatea eragozten saiatu ziren C's eta PP Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes helegiteekin, eta orain boikota saiatu dezakete.

Ondoren, arratsaldeko saioan, Generalitateko presidentea aukeratzeko lehen eztabaida egingo dute parlamentuan. Artur Mas proposatuko du kargurako Forcadellek, atzo argitu zuenez.

Eztabaidaren aurretik ez, baina ondoren bestelako jarrera izan dezake Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Espainiako Gobernuak, behintzat, iragarri du astelehenean bertan Estatu Kontseiluari eskatuko diola iritzia, adierazpena gero Auzitegi Konstituzionalera eramateko. Behin txostena eskuan, astearte edo asteazkenean ezohiko bilkura egingo du ministroen kontseiluak. Espero da Auzitegi Konstituzionalak helegitea tramitera onartu eta automatikoki adierazpena bertan behera geratzea. Baina Junts Pel Sik eta CUPek adierazpenean bertan jasota daukate ez dituztela Espainiako Estatuko erakundeen ebazpenak aintzat hartuko. Inoiz probatu gabeko aurrez aurreko egoera bat sortuko da, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.