Albistea entzun

Poesia, kantua eta desioa

Etena egiteko ordua heldu zaio Bide Ertzean-i. Aurrez, ordea, ibilbideari buruzko liburua eta orain arte argitaratu gabeko kanten diskoa kaleratu dituzte. Bira batekin, «gero arte» ari dira esaten.
Iraganera begiratzeko baliatu dute azken lana Joni eta Imanol Ubeda taldekideek.
Iraganera begiratzeko baliatu dute azken lana Joni eta Imanol Ubeda taldekideek. ANDONI CANELLADA / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez -

2016ko abenduak 16 - Andoain

Bost kantuko disko txiki batekin aurkeztu zen Bide Ertzean taldea mundu aurrera, 1998ko udazkenean. Diskoko lehen kantuan bertan iragarri zuten aurrerantzean etorriko zena; asmoak bildu zituzten Bide Ertzean ezagun hartan, eta bandaren zigilua ezarri: «Bide ertzean topatu ditut / poesia, kantua eta desioa». Ordutik, hiru elementuak uztartu dituzte, hemezortzi urteko ibilbide luzean. «Gero arte» esateko garaia iritsi zaie orain, ordea. Baina ez doaz esku hutsik: Jon Eskisabel kazetariak liburu batean jaso du taldearen historia, eta orain arte argitaratu gabeko kanten bilduma batekin erantzun du taldeak. Zutaz kantatzeko jarri diote izena proiektuari: han batzen dira biak, liburua eta diskoa. Lehen kanta haren hizkietako beste zati bat zen Zutaz kantatzeko hura. Ernamuinera itzuli dira, hemezortzi urte pasatu eta gero.

Gauza batek bestera eraman zuelako sortu zen Bide Ertzean. Deabruak Teilatuetan taldea —ordura arte Imanol Ubedak, Joni Ubedak, Gaizka Mendietak eta Iñigo Arrutik osatua— etenaldi betean zen, Arruti kanpora joana zelako ikastera. Geldirik egoteko asmorik ez, eta zerbait berria lantzen hasteko gogoz hasi ziren Ubeda anaiak esperimentazioan. Etxetik bertatik zetorkien kulturzaletasunerako joera: anaia zahar biak, Joxi eta Baxi Ubeda, musikariak ziren; Garbiñe Ubeda arreba zaharra, berriz, Susa argitaletxearen liburuak diseinatu eta maketatzen zebilen garai hartan. Bat egiten zuen horrek guztiak familiaren etxean, Imanolek gogoratu duenez: «Zorionez, etxean beti eduki ditugu diskoak eta liburuak oso eskura». Hala hurbildu ziren poesiara, eta hala hasi ziren Itxaro Bordaren eta Jose Luis Otamendiren poemak eta Joseba Sarrionandiak euskarara ekarritako Poemas naufragos liburuko aleak musikatzen, «ariketa musikal» gisara, unibertsitateko ikasle giroan. Talderik ez zen oraindik, baina kantak bai. «Horrezkero, Deabruak Teilatuetan-en kutsua ez zuten kanta batzuk bazeuden. Hori zen abiapuntua».

Hortik aurrerakoa elkarren segidan gertatu zen. Ubedatarrek Soraluzeko (Gipuzkoa) Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoekin harremana egin zuten, eta Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre eta Jose Luis Otamendi idazleek musikariengana jo zuten, Mitxel Sarasketa euskal presoaren 20 urteko kartzelaldiaren harira errezital batean parte har zezaten. Mugarria izan zen Dana lanbrotute ikustot ikuskizuna: arrakastaz estreinatu zuten Bilboko Kafe Antzokian, eta arrakastaz jarraitu zuen gerora Euskal Herriko beste hainbat tokitan. Amaitzerako, hautua egina zegoen: plazara agertuko zen Bide Ertzean.

Karlos Aranzegi bateria jotzailea taldera batu zuten anaiek —ahotsa eta gitarraren ardura hartu zuen Imanolek, eta baxuarena Jonik— eta hirukote modura jo zuten estudiora Bide Ertzean-ekoek, Kaki Arkarazorengana. Han zeudela, ordea, Fran Iturbe gitarrista eskarmentudunarekin eta Labrit kantari hasiberriarekin harremana egin zuten. Biek kolaboratu zuten lehen disko hartan. Gerora, taldekide bihurtu ziren.

Bide Ertzean-en lehen diskoak estilo berri batera eraman zituen Ubeda anaiak. Orduko joeretatik aparte, Deabruak Teilatuetan-en doinuetatik aparte, pop musika jorratzen hasi ziren, eta poesiari leku berezia eman. Ordutik, asko hitz egin da horrek ekarritako berrikuntzaz. Ubeda anaiek, ordea, pisua kendu nahi diote horri. Joni: «Beste musika joera batzuetara jo nahi genuela bistan da, oso nabarmena da aldea. Baina badago halako mitifikazio bat, eta ez dut uste hainbesterako zenik. Guk ez ditugu inoiz gauzak oso argi eduki, baina argi eduki dugu hurrengo urratsa zein izango zen». Eta, antzera, Imanol: «Nik dramatismoa kenduko nioke: badirudi basoan bidea zabaltzen ari ginela eta jendeak geziak botatzen zizkigula aurrera ez egiteko, eta ez da hori».

Orduan indarrean zeuden estilo eta jarreretan, ordea, aldea zekarren Bide Ertzean-en proposamenak. Punk-rockaren garaiak indarrean zirauen, kantu gogorrak ziren nagusi, eta Fran Iturbe taldekideak Eskisabelen liburuan dioenez, «oso machoa» zen giroa. Testuinguru horretan agertu zen Bide Ertzean-en hautu pop eta sarri naif-a. Eta, Jonik dioenez, «zenbait jenderentzat arraroa» izan zen jauzia. «Baina uste dut denborarekin jendeak ikusi zuela proiektu serio bat zela». Antzera gogoratzen du Imanolek ordukoa: «Askotan entzun behar izaten genuen: 'Eta Deabruak-ekin noiz egingo duzue zerbait?'. Jende batek pentsatzen zuen: 'Bueno, pasatuko zaie tontakeria hau'. Hasieran, Deabruak Teilatuetan zen nagusi, eta Bide Ertzean anaia txikia. Gero, alderantziz».

Garai hartako joerak hain ziren ezberdinak, ezen orduko kronika batean «miraritzat» jo baitzuen Pablo Cabeza musika kazetariak taldearen iraupena. Esperimentua, ordea, ongi atera zen, eta lehen disko txikiaren agerpenetik zazpi hil eskasera argitaratu zuen taldeak bere lehen disko luzea: Zure minari. Luzerako etorria zen Bide Ertzean.

Mezua kantari lotua

«Bide Ertzean-ekin, pixka bat kanpo geratu ginen garaiko apustu ideologiko-estetiko horretatik, eta ez gure kantuek karga ideologikorik ez dutelako: Bide Ertzean-en kantek maiz izan dute karga hori, baina ez dugu erabili estilo panfletario bat; beste modu batera esan ditugu gauzak». Imanolena da azalpena, eta badaki zertaz ari den: berak idatzi ditu taldearen kanta gehienak, eta, bestela, hango eta hemengo poeten lanengana jo du anaiarekin batera, olerkiak musikatzeko. Tonu lirikora jo dute sarri kantak egiteko, baina aldarririk ez da falta izan.

Eskisabelek «kazetari begiradari» egotzi dio aktualitatearekiko eta gizarte gaiekiko taldearen ardura, kazetariak baitira bi ubedatarrak. Eta onartu du Jonik «informatu nahi izate horretan oso posizio onean» daudela, baina kazetari baino gehiago «herritar gisa» kantatu dutela uste du. Eta, batik bat, «XX. mende petralak» bete-betean harrapatu duen familia bateko herritar gisa. Aitona eta birraitona desagerrarazi zizkien altxamendu frankistak Ubeda anaiei, eta haritik tiraka osatu zuten Non dira 1936ko gerrari buruzko lan monografikoa, 2006an. Zazpi urtera, 1977an Guardia Zibilak tiroz hildako osabaren memoriari heldu, eta 77 diskoa ondu zuten, Trantsizio garaiko errelatuari ahaztutako biktimak eransteko. «Guretzat kantuak egitea hausnartzeko modu bat da», dio Imanolek. «Jartzen zara paper baten aurrean, eta zure buruko kezkak ordenatzen dituzu». Eta, segituan, Joni: «Guk zerbait esan nahi dugu musikarekin. Eskola horretakoak gara: ekarpen bat egin behar duzu».

Agurrik ez, gero arte baizik

Taldearen nukleoari eutsi diote Ubeda anaiek eta Aranzegik ibilbide osoan, baina, gainontzean, aldaketak izan dira osaketan. Labritek urte pare bat eman zituen taldean. Fran Iturbek, ordea, luzaroan eutsi zion taldeari. Joserra Senperena pianista, bestalde, taldearen laugarren lanean —Maite out— hasi zen kolaboratzen, eta bosgarrenean —Esan bare— bildu zen taldera. «Kolore handia» eman diote musikariek Bide Ertzean-i, Joniren ustez: «Guk musika bizi dugu, baina teknika oso mugatukoak gara. Norberak ezin du dena lortu; horretarako bidelagun oso aproposak izan ditugu». Imanolen iritziz, ñabardura berrietara gerturatuz joan da taldea musikari horien ekarpenari esker. «Bide Ertzean asko egon dira. Oinarri popero hori galdu gabe, izaera ezberdineko tendentzietara hurbiltzeko joera egon da».

Elkarrekin, banda ezohikoa osatu dute, nahastu baitira bertan musikari profesionalak eta amateurrak, oreka perfektu eta giro onean. Eta eutsi diote errezetari, hemezortzi urte luzetan.

Tarte horretan konposatu baina gero diskoetatik kanpo geratutako abestiak dira orain bilduma berri batean gorde dituztenak. Garai guztietakoak dira, eta, halere, ez dute «ibilbidearen erakusgarri» gisara balio, Imanolen ustez. «Eranskin bat» da diskoa kantariarentzat, «alde ezkutu hori erakusteko modu bat».

Azken urteetako ausentziaren ostean, taldera itzuli da Senperena diskoko kantak grabatzeko. Eta pozik geratu da Imanol formularekin: «Bide Ertzean-ek ez balu orain eten bat egingo, aurrera egingo balu, laukote gisa egingo luke, Joserrarekin [Senperena]. Iruditzen zait [diskoan] badaudela Bide Ertzean-en etorkizuneko disko baten printza edo zantzuak: etor zitekeen bide horren erakusgarri izan daiteke».

Etena, ordea, egon egongo da. Familia kontuak tarteko, «gero arte» esatea erabaki du taldeak, eta etena «ez da urte batekoa» izango, Jonik dioenez. Aho batez onartu dute geldialdia, eta, azaldu dutenez, oinarri ona da hori etorkizun batean taldea berreskuratzeko. Bitartean, bide berriak esploratuko ditu Imanolek. Baina egongo da aurrerantzean tartea hortaz mintzatzeko.

Azken kontzertuez gozatzea dagokie orain taldekideei. Durangon eta Bilbon aritu ostean, Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira igandean, eta abenduaren 29an amaituko dute bira, Iruñeko Iturrama auzoko Civivoxean. Azken kontzertua izango da, tarte batean behintzat. Baina transzendentzia eta liturgia guztia kendu nahi diote horri, Imanolek dioenez. «Ez dugu malabarismorik egingo. Lau tipo izango gara agertokian, ibilbide guztiko kantuak jotzen. Bide Ertzean-en kontzertu bat izango da». Hori baino ez, edo hori guztia.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Olatz Silva Rodrigo

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua
Robert Treviñok zuzenduko du orkestra. ©JUAN HERRERO / EFE

EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra

Mikel Lizarralde

Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute
Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...