'Jakin'aldizkariak begiratu bat eman dio kulturak iaz eman zuenari

Olatz Beobide aktore eta zuzendariak idatzi du artikulu nagusia, eta beste hamar egilek arloka aztertu dute kultur urtearen emaria

gorka erostarbe leunda
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Urteroko egitekoa bete du Jakin aldizkariak. 2017ko euskal kulturaren balantzea egiteko eskatu die hamar egileri, eta, arloka, ikuspegi orokor bat landu dute aldizkariaren 223. atalean. Olatz Beobide aktore eta zuzendariak idatzi du artikulu nagusia; Miren Rubio eta Itziar Ugarte kazetariak librean aritu dira, eta Kattalin Miner bertsolaritzaz, Iratxe Retolaza literaturaz, Galder Perez antzerkigintzaz, Maialen Goñi zinemaz, Jon Eskisabel musikaz eta Xabier Landabidea mundu digitalaz. Urtea iruditara ekarri dute Adur, Aritz Irigoien, Axpi, Exprai, Diego Palles eta Patxi Gallego marrazkilariek. Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak euskal hedabideen argazkia egin du, eta errematea Unai Iturriagak eman dio, ilustrazio bidez.

Olatz Beobidek dio molde berriak sortu arren «prekaritatea begi bistakoa» dela hegoaldeko profesionalen artean, eta beharrezkotzat jo ditu Artistaren Estatutua eta erakunde publikoen babesa.

«Eraldaketa giroa»

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak agerian jarritako hainbat errealitatez aritu da Kattalin Miner kazetaria. Transmisioaz, umoreaz, emakumeen presentziaz, fikzioaren mugez, bertsokeraz ere aritzeko aukera eman du txapelketak, haren ustez. Iratxe Retolaza EHUko irakasleak ere sumatzen du «eraldaketa giroa» literaturan. Pentsamenduari lotutako generoak gailentzen ari dira, eta hausnarketarako joera ere sumatzen du sorkuntzan. Beste hainbeste dio Jon Eskisabel kazetariak 2017ko musika joerei begira. «Garai bateko diskurtso eta formulek agortze sintomak erakusten dituzte, eta, mantsoki bada ere, beste estetika batzuk ari dira lekua irabazten zaleen artean».

Arte plastikoen inguruko gogoeta egin du Haizea Barcenilla EHUko artearen historiako irakasleak, Donostia 2016ko «biharamun gogorraz», emakume sortzaile belaunaldien galerez eta hezkuntza bisualaren gabeziaz aritzeko.

Galder Perez kazetari eta antzerkilariak mus partida hartu du irudi gisa euskal ekoizpen nagusien balorazioa egiteko: Obabakoak antzezlanaren handikeria kontatzeko, Zalakain abenturazalea dantza eta antzerki emanaldiko elkarlana goratzeko, eta bakarka zein binaka lanean jarraitzen duten aktore eta sortzaileak goraipatzeko. Handia filmaren arrakasta aurretik egindako lanaren isla dela gogorarazi du Maialen Goñik, Zinea atariko kazetariak; eta Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakasleak euskal komunikabideek digitalizazioan izaniko tokia aztertu du, eta hizkuntza baten osasuna neurtzeko adierazle digitalen garrantzia, besteak beste.

Itziar Ugarte kazetariak urteko hainbat gertakari josi ditu kultura transmisioaren gabeziez, memoria kolektiboaz eta euskarazko kultur ekoizpenaren ikusgarritasun eta prestigio faltaz aritzeko, eta Miren Rubiok, berriz, 2017ko zenbait urtemuga eta gertakari aukeratu ditu «gure burua irudikatzeko ikur eta lekuez» jarduteko.

Alberto Barandiaranen iritzian, «aitortza eta konpromisoa» dira hedabideek administrazio publikoen laguntza jasotzeko oinarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.