Kolonbia. Habanako bake prozesua. Ivan Cepeda. Polo Demokratiko Alternatiboko senataria

«Habanan adostutakoa indargabetzen saiatzen ari da gobernua»

FARCen eta gobernuaren arteko akordioa herrialdea bakera bidean jartzeko aukera historikoa dela uste du politikari kolonbiarrak. Galdera asko ikusten ditu oraindik erantzun gabe, eta zauriak ixteke.

ZIPI / EFE.
Habana
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Negoziazioak ia lau urtez luzatu eta gero, Kolonbiako gatazka armatuaren amaiera ekar dezakeen bake akordioa itxi da. Habanan izan da Ivan Cepeda ere (Bogota, 1962). Polo Demokratiko Alternatiboko senataria eta Movice Estatu Krimenen Biktimen Mugimenduko bozeramailea da; Kolonbiako giza eskubideekin eta bakearekin oso konprometitua dago politikaria. Hasieratik babestu du bake prozesua; ondo identifikatuak ditu «bakearen aurkako sektoreak», eta, jakitun den arren negoziazioek ekarriko duten agertoki berriari oztopoak jarriko dizkiotela, itxaropenik ez zaio falta une historiko honetan.

Habanako elkarrizketak amaitu dira. Nola hartu duzu akordioa?

Mende erdiz, milioika biktima utzi ditu gatazka honek Kolonbian; herrialde honetako historia modernoa bitan zatituko duen gertakari baten aurrean gaude. Herrialdea demokratizatzearen eta aldaketa sozialaren alde gaudenon aurkako indarkeria deuseztatzea ekarriko du. Gainera, militarren eta gerrillarien arteko akordioa izateak balio erantsia du. Ez da bakea, baina hasiera puntua ezarriko du bakera bidean.

Akordioa lortu da. Hala eta guztiz ere, oraindik bide luzea dago egiteko...

FARCek, bizitza sozial, politiko eta ekonomikoan sartu, eta indar politiko zibil eta legezkoa bihurtu beharko du. Falta da lortutako akordioak berme juridiko osoarekin aurrera eramatea. Nazioarteko nahiz nazio barruko ikuskatzaileek egiaztatu beharko dute hori guztia. Ondoren, herritarrek berretsi beharko dute akordioa boto bidez, eta, behin hori guztia eginda, gerrillariek adostutako guneetan utziko dituzte armak, nazioarteko ikuskatzaileen laguntzaz. Aldi horretan ikusi beharko da ea segurtasuna bermatuta dagoen. Egitura paramilitarrak ere hor daude. Garaitu egin beharko dira. Bakea zapuzteko ahaleginak egingo ditu eskuin muturrak.

Hiru urte baino gehiago iraun dute FARCen eta gobernuaren arteko elkarrizketek. Nola eragin du Kolonbiako gizartean?

Herrialde honetan izan den urteetako lorpen politiko garrantzitsuena da, ariketa demokratikoena. Egoera politiko berri bat ekarri du. Ez dut uste kasualitatea denik azken hamarkadetako mobilizazio sozial handienak prozesuak iraun duen urteetan gertatzea. Gatazkak eragin handia izan duen lekuetako komunitateek eta erakundeek publikoki babestu dute bake prozesua; hain zuzen ere, ordura arte modu ireki batean adierazi ezin zutenek. Prozesuak izan duen eragin positiboaren erakusgarri da.

Nola eraman dira dokumentuetara orain arteko akordioak?

Bertan zehaztutakoa betez gero, ezkerreko indar progresista eta alternatiboek, beste leku publiko batzuetan ordezkaritza lortzeko aukera izateaz gain, baldintza onak izango lituzkete botere soziala, politikoa eta ekonomikoa eskuratzeko modu berriak garatzeko. Izan ere, prozesuan aurrera emandako pauso bakoitza ez litzateke posible izango aurrez aldaketa galarazi nahi duten sektoreen aurka gogor borrokatu gabe.

Zein dira bakearen aurka dauden sektoreak?

Niretzat, oso adierazgarria da Alvaro Uribe presidente ohi eta egungo senatariak botatako esaldi bat. Esan zuen urte luzez isilpean mantentzea lortu zuen FARCen ahots politikoa orain entzuteak kezkatzen zuela gehien.Horrek erakusten du eskuin muturreko sektoreek Habanan gertatzen ari denari dioten beldurra. FARCek armak utzi eta jokaleku politikoan sartzeko aukerak ikaratzen ditu. Baita ELNk [Nazioa Askatzeko Armadak] gauza bera egiteak ere. Ez da ahaztu behar gerrak ekonomikoki egitura ikusezinak dituela Kolonbian, militarki eta industrialki oso garrantzitsuak.

Zein oinarri eta argudio dituzte aipatutako sektore horiek?

Kolonbiako gizartea Latinoamerikako militarizatuena da proportzioan. Barne produktu gordinean inbertsio militar handiena egiten duen herrialdea da. Horrez gain, kalkulatzen da indar armatu, polizial, mertzenario eta segurtasun enpresa pribatuen atzean 750.000 pertsonako oinarri soziala egon daitekeela. Eskuin muturrak eta prozesuaren kontrako sektoreek beldurra erabili nahi dute oinarri sozial hori prozesuaren aurka lerrokatzeko. Era horretako oztopoei aurre egin behar izan diegu.

Zein da gobernuaren jarrera?

Habanako elkarrizketetan adostutakoa mugatzen eta indargabetzen saiatzen ari da gobernua,egitura legezko eta konstituzional baten bidez. Ez du hizkuntza bera erabiltzen Habanako negoziazioetan edo agenda legegilea zehaztu behar duenean. Hori dela eta, zaila izango da akordio guztiak bere hartan aplikatzea. Garapenerako Plan Nazionala da horren adibide. Kolonbian historikoki boterea izan duten horiek gatazkaren ondorioak ahalik eta gutxien pairatzeko nahia dago atzean.

Biktimena eta justiziarena da gai korapilatsuenetako bat. Nola ikusten duzu orain arte egindakoa?

Estatu Krimenen Mugimenduko kide gisa, guk eztabaida bat proposatu dugu erreparazioa zer den eta biktimak nor diren zehazteko. Gatazka armatuak mina eta sufrimendua ekarri ditu gizarte honetara, eta ia familia guztietan daude gertatutakoaren zantzuak. Horregatik, akordioetan dago konponbidea. Dirudienez, iritzi publikoarentzat ezinbestekoa den galdera bakarra da ea gerrilletako buruak kartzelara joango diren. Arazoa, ordea, ezin da soilik horretara mugatu.

Bestalde, badira Kolonbian suntsituak izan diren sektoreak. Alderdi Komunistaz, UP Batasun Patriotikoaz, nekazari elkarteez eta abarrez ari naiz. Garrantzitsua da zehaztea horiek guztiak politika era librean egiteko zein neurri hartuko diren. Baldintzak ezarri behar dira biktimen elkarte horiek jokaleku politikora eramateko, egia historikoa eta eskubideak berreskuratzearekin batera. Egia historikoa zer den jakin behar genuke horretarako, ordea.

Nazioartean hedatuta dago bakea eta FARCen desmilitarizazioa lotuta daudela. Zer diozu horren inguruan?

Gerrillak armak utzi eta halako modu magiko batean Kolonbian gatazka armaturik izateko aukera desagertuko dela uste duena oker dago. Erantzun beharreko galdera nagusia honako hau da: eta paramilitarismoarekin zer? Xehetasun txiki hori oso presente dagooraindik landaguneetan, baita hirigune askotan ere. Gai askori aurkitu behar zaie erantzuna, eta horretarako balio behar du Habanan hitzartutakoak. Alde guztietako biktimentzat positiboa izatea lortu behar da; estatuak eta botere politikoak eragindakoentzat, eta gerrillak eta bestelakoek eragindakoentzat. Erantzukizunak hartu beharko dira, eta zigorrak ere izango dira, baina, prozesuak arrakasta izango badu, eta denboran iraungo badu, galderak bere osotasunean eta gordintasunean egin beharko dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.