Bihar, Julen Ibarrola Amurrioko (Araba) gazteak kartzelara sartu beharko du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako urtebeteko zigorra betetzeko. 2014ko uztailean errotuladore batekin pintaketa bat egitea leporatu zioten; Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra berretsi ostean, bete egin beharko du, Basauriko espetxean (Bizkaia). Han herrikide bat du zain: Alfredo Remirez amurrioarra. Iazko azaroaren 4an espetxeratu zuten, hura ere urtebeteko zigorrarekin. Haren delituak: 2005ean Amurrioko jaietan preso bat irudikatzen zuen kartoizko panpina ateratzea, eta urte batzuk geroago sare sozialetan txio batzuk argitaratzea.
Horiexek dira kasurik larrienak, bi lagunen espetxeratzea ekarri dutelako, baina ez bakarrak. Azken bolada honetan ugaldu egin dira epaiketak, auzitegian deklaratzeko deialdiak, isunak eta bestelakoak, gehienetan adierazpen askatasunarekin edo gizarte mugimenduen ohiko jarduerarekin zerikusia duten delituak zigortzeko, eta, askotan, akusatuei egozten dizkieten ustezko delitu horiek oso deigarriak dira: sare sozialetan mezuak idazteagatik Armiarma operazioan atxilotutakoen kontrako epaiketak, La Haine eta Ahotsa.info hedabideetako kolaboratzaileen kontrako auzibideak, seme presoa noiz askatuko kartzelaren aurrean zain egoteagatik Egoi Alberdi preso ohiaren amari jarritako isuna, 2014an Loiolako herri harresian parte hartu zuten bi lagunei ezarritakoa, eta abar.
Eta badirudi datozen asteetan horrelako auzibideak are gehiago ugalduko direla: otsailaren 13an, Donostian epaiketa bat egingo da Gipuzkoako hiriburuan antolatutako protestaldi baten harira, martxoaren 5ean beste bi gazte epaituko dituzte mozal legearen kontra 2017ko maiatzean Usurbilgo tren geltokian (Gipuzkoa) egindako protesta bat dela eta—gazte horietako bat trenak harrapatu zuen ekintza hartan, eta zauri larriak izan zituen—, eta beste batzuk daude bidean, iazko udan turismo ereduaren kontrako mobilizazioetan parte hartzeagatik, Kataluniako prozesuaren aldeko propaganda banatzeagatik eta antzeko arrazoiak direla medio.
Tantaka datoz auzibide eta zigorrak, banaka-banaka, baina etenik gabe. Askotan, ez dute oihartzun handirik izaten hedabideetan, eta herritar askorentzat oharkabean igarotzen dira: azken buruan, zigorrak txikiak dira, euskal gatazka politikoarekin zerikusia duten beste auzibide batzuetan ezarritakoekin alderatuta. Baina tanta horien guztien etengabeko jarioak uholdea osatzen du, eta jende askoren bizitza oso modu larrian baldintza dezake.
«Errepresio zuria»
Eleak/Libre mugimenduak «errepresio zuria» esamoldea erabiltzen du jazarpen mota hau deskribatzeko. «Estatuak bazuen tresneria oso bat terrorismoaren kontrako politika deritzonari ekiteko, eta egoera politiko berrian eta krisiaren ondorioz sorturiko erantzun sozialari aurre egiteko, lehengo legeria desmuntatu eta egokitu beharrean, hari eutsi eta bestelako tresnak sortu ditu: mozal legea eta Zigor Kode berria», azaldu du Eleak/Libre mugimenduko eledun Joseba Alvarezek.
Mozal legea da tresna berri horietako bat —Herritarren Segurtasun Legea da haren izendapen ofiziala, inor gutxik erabiltzen duen arren—. Funtsean, epaiketa prozesutik kanpo uztea dakar lege horrek. Zenbait delitutan, Poliziak zuzenean isuna jartzeko gaitasuna du, epaiketa batean ezer frogatzeko beharrizanik gabe. Eta indar politiko gehienak haren kontra dauden arren, ez da salbuespena, Polizia mota guztiek —haien arduradun politikoen kolorea edozein delarik ere— erabilitakoa baizik. Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian azken bi urte eta erdian 11.000 prozedura zabaldu dituzte mozal legea erabilita, eta horietatik 4.000 inguruk zerikusi zuzena dute eskubide zibil eta politikoen arloarekin —manifestazioak, protestak, afixak jartzea eta beste—.
Alvarezek gogorarazi duenez, ETAk jarduera armatua bukatutzat eman aurreko ziklo politikoan legez kanporatzeak eta makrosumarioak ziren Espainiako Estatuaren tresna ohikoenak. Aro hori amaitu zen —presoen defentsan aritutako elkarteen aurkako makrosumarioa oraindik egiteko dago, ordea—, oraingo egoeraren ezaugarriak beste batzuk dira, «eta badirudi norbait urtebeterako kartzelara badoa zorte onekoa dela, edo soilki kalean egoteagatik isuna jasotzea ez dela hainbesterako. Errepresioa banalizatu egin da».
Jazarpen mota berriak oharkabean pasatzen dira, baina eraginkorrak dira oso. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, azken urtean gutxitu egin dira mobilizazioak Espainian. Eta ez dago arazorik pentsatzeko Euskal Herrian joera desberdina denik: «Euskal Herrian dagoen desmobilizazioaren arrazoietako bat da, seguru asko, gaur egun kalean zerbait eginez gero gerta dakizukeen gutxienekoa dela isuna jasotzea, eta kartzelara joateko aukera ere ez dagoela urrun».
Aiaraldean, behintzat, ez daude bertan gozo gelditzeko prest Julen Ibarrolaren kontrako jazarpenaren aurrean. Julen Libre plataforma sortu dute, eta aste osoan ekitaldi ugari egin dituzte: mobilizazioak eskola eta ikastetxeetan, auto ilarak, protesta zaratatsuak eta abar. Atzoko protestaldian, Ertzaintzak gazte bat identifikatu zuen errotuladore batez Julen libre idazteagatik. Iluntzean, berriz, manifestazioa egin zuten Amurrion.
«Gure ustez, Julen ez da kartzelara joango errotuladore batekin margotzeagatik, gaztea eta independentista izateagatik baizik», esan du plataformako kide Galder Barbadok. «Ez dugu ulertzen Euskal Herriak konponbide prozesu bat abian jarri nahi duenean estatuak oraindik iraganeko formulak erabiltzea eta Auzitegi Nazionalak, hots, DNA frankista duen auzitegi batek 2018an euskal gazteak epaitzen jarraitzea».
Barbadoren ustez, «oraingo errepresioa ez da garai batekoa bezain mediatikoa; zehatzagoa da, oso indibidualizatua eta neurtua, eta ez dakarkie garai batean adinako kostu politikorik. Horregatik da hain garrantzitsua horrelako kasuak salatzea eta ahalik eta gehien zabaltzea».
Aiaraldean ere, beste zenbait eskualdetan bezala, azken urteetan apaldu egin da presoen kopurua, batzuek askatasuna berreskuratu dutelako. Azken hiru hilabetean, aldiz, Remirez eta Ibarrola gehitu zaizkie zerrenda horri. Julen Libre plataforman ez dute ulertzen nolatan «Euskal Herria kartzelak husteko prozesu bat eraikitzen ahalegintzen ari den honetan» Espainiako Estatuaren erantzuna kartzelak berriro betetzea den.
«Guk esaten dugu estatuak botak aldatu dituela, baina ostikoak ematen jarraitzeko», azaldu du Alvarezek. «Eta horren ondorioak herri mugimenduak nozitzen ditu batez ere. Mota guztietako herri mugimenduek, gainera: gaur egun, isunak dituzte gazte mugimenduek, etxe kaleratzeen kontrako mugimenduek, talde ekologistek, sindikatuek eta abarrek. Horregatik pentsatzen dugu gauza izan beharko genukeela horrelako albisteek sortzen duten amorrua erreakzio sozial bilakatzeko, indarrak aktibatu eta eraso horiei erantzun zabala ematen, ez baita gutxi batzuen arazoa».
Tantaka datorren uholdea
Bihar espetxeratuko dute Julen Ibarrola gaztea, errotuladore batez pintaketa bat egin izana leporatuta ezarri dioten urtebeteko kartzela zigorra betetzen has dadin. Haren herrikide Alfredo Remirez ere espetxeratu zuten, duela hiru hilabete. Tantaka iristen ari dira halako zigor eta isunak, baina jarioak ez du etenik aspaldi honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu