Enrique Zuazua Iriondo. Matematikaria

«Urte askotan, matematikak ez du izan merezi zuen tokia»

Matematikaren arloan egindako ibilbidea goretsiz, 'honoris causa' doktore izendatu berri du Lorrenako Unibertsitateak. Bultzada bat da BCAMen diharduen adituarentzat, aurrera jarraitzeko laguntza.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Afizioa ofizio du Enrique Zuazuak (1961, Eibar, Gipuzkoa). Ikastola garaian murgildu zen zenbakien itsasoan, eta gaur arte ibili da matematika aplikatuen ozeanoan nabigatzen. Urte hauetan makina bat sari jaso du egin dituen ikerketa lanengatik. Lorrenako Unibertsitatetik (Metz, Frantzia) heldu zaio azkena, itsasontziko belari haize indarra emanen diona; honoris causa doktore izendatu dute. Ekitaldian, matematikak gizartean izan behar duen lekua aldarrikatu zuen, eta azpimarratu zuen etorkizunari begira tresnarik garrantzitsuena dela. Gaur egun, Basque Center of Applied Mathematic (BCAM) gunean dihardu, Deribatu Partzialetako Ekuazioen arloan.

Lehenik eta behin, zorionak! Nola jaso duzu izendapena?

Pozik eta emozioz. Lorrenako Unibertsitateko ikasturte hasieraren ekitaldi ofizialean izan zen. Han, unibertsitateko presidentea eta eskualdeko errektorea zeuden [Frantziako ministerioak hezkuntza sisteman duen ordezkaria da]. Gurekin batera, senitartekoak eta lagunak izan ziren, baita iaz Lorrenan doktoretza egin zuten gazte asko ere. Oso polita eta hunkigarria izan zen.

Ekitaldian Matematika: etorkizuneko leihoa hitzaldia eskaini zenuen. Ze transmititu nahi izan zenuen?

Matematika gure gizartearen ardatz nagusietarikoa dela transmititu nahi izan nuen. Gizakia gizakia da, hizkuntza eta matematika sortu dituelako. Hitzaldia Euklidesen gogoeta batekin hasi nuen: Froga barik baieztatzen dena froga gabe ezezta daiteke. Ideia horretan oinarriturik, matematikaren sekulako eraikin intelektuala eraiki dugu, eta horren arabera sortu dugu gure gizarte teknologikoa. Hortik abiatuz, nola begiratu behar diogu etorkizunari? Hor ere erronka pila ditugu. Oso zaila da etorkizuna aurreikustea, baina argi dago etorkizunari begira zientzia dela dugun tresnarik garrantzitsuena, eta, zientziaren bihotz eta oinarri moduan, matematika.

Egun, zer-nolako rola jokatzen du matematikak gizartean?

Plurala. Dena kuantifikatu, zenbatu, ordenatzen dugu, eta, hori egin gabe, ezingo genuke ezer egin gaurko munduan. Demagun gaur dela zenbakirik gabeko eguna; horrenbestez, ezin duzu telefonoa erabili, ezta erlojua edo kreditu txartela ere… Ezingo genuke ezertxo ere egin zenbakirik gabe.

Haatik, merezi duen lekua al du gizartean?

Agian, guztiz ez. Nobel sarietan antzeman daiteke. Medikuntza, Kimika eta Fisika alorretan sariak daude, adibidez, baina Matematikan ez. Horrek kalte egin dio. Urte askotan ez du izan merezi zuen tokia. Gainera, kontuan izan behar da matematikaren lana bikoitza dela: batetik, matematika berezko zientziaren arloa da, baina baita beste zientzia guztien hizkuntza eta tresna ere. Ematen diren Nobel sarietan ez da nahikoa azpimarratzen zein izan den matematikaren ekarpena tresna moduan.

Euskal Herrian matematikari dagokion tokia egiteko helburuarekin sortu zen BCAM.Zer-nolako ekarpena egin dio euskal zientziari?

Bikoitza izan da. Batetik, Euskal Herrian, jendez beterik zegoen zientziaren plaza, baina erdigunea hutsik zegoen, eta hori betetzearen ardura izan du BCAMek. Nazioartean eredu izan da. Bilbo erdian dago, zientzia herritarrendako delako. Bestetik, kudeaketa talde eta eredu berriekin abiatu zen. Oso garrantzitsua da, ikertzaileak gogoz eta modu eraginkorrean aritzeko.

Biharko gizartea gaurko ikasleak dira. 2013ko PISA datuen arabera, estatu osoan, Nafarroako ikasleak dira onenak matematiketan, eta EAEkoak hirugarren tokian daude. Harro egon gaitezke?

Hori da euskaldunok dugun arazo nagusietariko bat: gure erreferente nagusia estatua izatea. Gure ereduak Danimarkak, Finlandiak eta Alemaniak izan behar dute, besteak beste. Horrek asko kezkatzen nau, eta maiz ikusten dut gure zientzia sisteman estatuarekin egiten den alderaketa erosoa. Izan ere, gainerako erkidegoekin alderatuta, diru gehiago bideratzen dugu zientziarako, eta, horrenbestez, gure erreferenteak beste lurralde batzuek izan behar dute.

Zentzuk dira matematikaren erronkak?

Maila askotan sailka daitezke. Euskal Herrian, esaterako, matematikak eman behar duen hurrengo pausoa da gure zientzia sisteman dauden teknologia eta industria guneekin elkarlana indartzea eta, erabiltzen diren tresna konputazionalen bilakaera bultzatuz, enpresa horiek lehiakorragoak izatea, hala gazteentzako lan aukera berriak sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.