Ander Ramos. Biomedikuntzako ingeniaria

«Hobeto biziko ginateke kanpoko ezagutza gure herrira ekarriko bagenu»

Alemaniako ikertzaile gazte hoberena izendatu dute. Lagungarri izango zaio saria garunaren eta mugimendurik gabeko giharren arteko konexioak berreskuratzeko ikerketekin aurrera jarraitzeko.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Oso pozik dago Ander Ramos (1980, Donostia) egin berri dioten aitorpenarekin. Lehen aldiz eman diote Walter Kalhkhofe-Rose saria alemaniarra ez den ikertzaile bati —ikertzaile gazteei ematen zaie sari hori—; haatik, garrantzia kendu nahi dio komunikabideetan ageri diren lerroburuei. 2004an, Ingeniaritza Industriala ikasketak amaitu zituen Nafarroako Unbertsitatean, eta ordutik ingeniaritza biomedikoan dihardu, bai Munichen (Alemania), baita AEBetako John Hopkins Unibertsitatean ere. 2007tik ari da Tubigango Unibertsitate Klinikoan, Prostetica taldean, Tecnaliarekin batera. Beren ikerketaren xedea da infartu baten ondorioz mugimendua galdu duten gaixoen muskuluen eta garunen arteko lotura berreskuratzea.

Zer sentipen dituzu saria dela eta?

Egindako lan guztiaren ezagutza izan da; ez nirea bakarrik, baita nirekin batera lanean ibili direnena ere. Oso pozgarria izan da, bai. Saria pauso txiki bat da ikertzailearen ibilbidean aurrera egin ahal izateko, eta orain ildo berean jarraitu behar dugu. Motibaturik gaude, eta maila berean aurrera egitea da erronka.

Saria Walter Kalkhof-Ros kimikariaren alargunak eman zizun. Zer sentitu zenuen jasotzeko orduan?

Eredugarria izan da. Emakume horrek urte asko daramatza zientziaren alde lan egiten. Egun, 92 urte ditu, eta oraindik ekitaldiak antolatzen ditu, bekak eskaintzen ditu ikertzaile gazteen lana sustatzeko eta, oro har, dirua ematen dio zientziari. Esan genezake gizarteak izan behar duenaren eredua dela. Hark saria ematea, bada, ohore bat izan da.

Izendapenak zeresana eman du. Etxean ikasi ostean atzerrira lanera doazen gazteei buruzko gogoetak eragin ditu...

Ni aspaldidanik nabil kanpoan. Egun gertatzen den ihesaldia arrazoi ekonomikoengatik bada, oso negatiboa da; tristea. Halere, uste dute zerbait positiboa atera daitekeela. Kanpoan eskuratzen duzun ezagutza etxera ekar dezakezu. Ikertzaileak zientzia dagoen lekura joan behar du. Atzerrian beti ikasten duzu zerbait, eta aberastu egiten zara. Hemen oso ongi bizi gara, baina hobeto biziko ginateke kanpotik ezagutza ekarriko bagenu eta gure herriaren mesederako erabiliko bagenu. Nik hori egin nuen Tecnaliaren laguntzari esker, eta kanpoan ikasi dudana orain hemen ari naiz erabiltzen.

Zer ikerketatan ari zara? Zersaritu dute?

Gure helburua da gaixoen mugitzeko urritasuna errehabilitatzea garuneko infartua izan ostean. Pertsona horiek perlesiak jota daude, burmuinean kaltea izan dutelako. Oro har, muskuluak ezin dituzte mugitu, baina saia daitezke; izan ere, arazoa garunaren eta giharren arteko loturan dago; hau da, burmuinean sortzen den seinalea ez da iristen muskuluetara, egin behar duen bideetako batean kalteren bat dagoelako. Horrenbestez, gure beharra da garunaren eta muskuluaren arteko zubi lana egitea. Teknologiaren bitartez, garuneko jarduera neurtzen dugu, matematikako logaritmo batekin kodifikatzen dugu, eta, ondorioz, badakigu gaixoa noiz saiatzen ari den mugitzen. Une horretan, eskeleto robotiko batekin mugitzen dugu, eta, horrela, zirkuitua ixten dugu.

Horri esker, mugitzeko gaitasunaberreskura dezakete?

Hala da, bai; baina oso mugimendu txikiak dira. Zirkuitua ixten dugunean, gaixoak mugitu nahi duenean, muskulua mugitzen du. Egoera horretan, neuroplastikotasun legeak sortzen ditugu eta, horiek martxan ipintzean, lehen mugimenduekin hasten dira. Sortzen den efektua haurrek lehen mugimenduekin izaten dutenaren antzekoa da. Hasierako mugimenduak bortitzak dira, ez baitute ikasketa instrumentalik. Haurrek erabiltzen dituzten jolas horietako batekin gertatzen denaren antzekoa da: zenbait pieza dituzte, forma ezberdinetako zuloetan sartzeko, eta ibilian ikasten dute. Guk gauza bera egin nahi dugu gaixoekin, mugimenduak behin eta berriro errepikatuz, apurtutako bidea osatuko genuke; hots, neurokonexioak berreskuratu eta muskuluen eta garunaren arteko lotura finkatu. Elbarritasun osoaren eta mugimendu pixka baten arteko trantsizioan egongo ginateke. Gure helburua da errehabilitazioa modu naturalean egitea.

Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) edo paralisi osoa dutenekin erabil daiteke?

Bai, noski. Interfaze hauek edozein motatako paralisiak dituztenekin erabil daitezke.

Donostian eta Alemanian diharduzu. Zer asmo dituzu?

Alemanian bizi arren, beti izan dut lotura zuzena Donostiarekin. 2004tik nago Tecnaliarekin lanean, eta Alemanian Tecnaliarekin batera ari naiz lanean. Kanpoan nago, ezagutza jaso behar nuelako ikerketarekin aurrera egiteko. Une honetan, guztia prest dugu antzeko proiektu bat Euskal Herrian egiteko. Nire helburua da ezagutza etxean sortzea. Horretarako, guztiok arraun egin behar dugu norazko berean: erakunde, unibertsitate, enpresa, eta gune teknologikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.