Alfonso Fernandez 'Alfon'. Lau urtera zigortutako gaztea

«Gogorra izan da; ez genuen antzeko kasurik ezagutzen»

Etxetik ateratzean atxilotu zuten Alfonso Fernandez 2012ko azaroaren 14an, greba orokor eguna zen Europan. Madrilgo probintzia auzitegiak lau urteko espetxe zigorra jarri dio lehergailuak edukitzea egotzita.

BERRIA.
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Madrilgo probintzia auzitegiak lehergailuak edukitzeagatik lau urteko espetxe zigorra ezarri zion Alfonso Fernandez Alfon-i (Madril, 1991) urtarrilaren 8an. Fernandez 2012ko azaroaren 14ko greba orokorrean atxilotu zuten etxetik ateratzean. Espetxera bidali zuten, eta 56 egun egin zituen preso. Fernandezek salatu du prozesu guztia «azpijoko poliziala» dela, eta helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Gorenean.

Zer gertatu zen 2012ko azaroaren 14an?

Etxetik atera nintzen lagun batekin, Vallecasko [Madril] piketeetara joateko. Etxetik 50 metrora poliziek gelditu gintuzten. Guk gure agiriak eman genizkion polizia bati, eta beste batek korrika alde egin zuen. Nik ez nion arretarik jarri. Segundo batzuk geroago polizia bera itzuli zen, motxila batekin. Hori zer ote zen galdetu zidan, eta nik ez nekiela esan nion, hori ez zela nirea.

Nolakoa izan zen atxiloaldia?

Bi egun egin genituen atxilotuta, laguna eta biok banandu gintuzten. Ziegan ilunpetan geunden, eta noizean behin ateratzen gintuzten galdeketak eta miaketak egiteko. Gure etxeak eta Bukaneros taldearen egoitza [Rayo Vallecanoko zaleak] miatu zituen Poliziak. Nik ez nuen abokatuarekin hitz egin 36 ordu pasatu arte.

Nolakoa izan zen polizien tratua?

Ohikoak ziren mehatxuak, isekak, irainak eta bultzadaren bat. Fisikoki ez ziren harago joan, presio psikologikoa izan zen. Lehergailuaren inguruan ia ez zidaten ezer galdetu. Pertsona batzuei buruz, Bukaneros taldeaz eta nire militantziaz galdetu zidaten.

Nolakoa izan da espetxealdia?

Hasieran beste presoen antzera nengoen. 21 urte nituen, eta gazteentzako moduluan sartu ninduten. Gero Jarraipen Bereziko Presoen Fitxategian sartu ninduten. Madrilen ez genekien hori zer zen. Zerbait entzunda genuen euskal presoei eta PCE(r)-ko presoi buruzko hitzaldietan. Beraz, apurka-apurka ezagutu genituen jarraipen bereziko fitxategiak.

Espetxean 56 egun egon eta gero askatu zintuzten. Nolakoa izan da egunerokora itzultzea?

Zaila. Nire ingurukoak ez baitaude horrelako egoera batera ohituak. Euskal Herrian eta Galizian errepresioa oso gogorra da, baina herriak ikasi du egoera horiei aurre egiten. Gogorra izan da; ez genuen antzeko kasurik ezagutzen. Zalaparta handia sortu zen, eta hedabide askok gezurrak baino ez zituzten esaten. Hori izan zen gogorrena.

Arlo politikoan, berriz, espetxean eta jarraipen bereziko fitxategian egoteak beste konpromiso bat hartzera eraman nau. Gertutik ezagutu dut ehunka gaztek sufritzen duten bakartzea, euskaldunek bereziki. Ateratzean, erabaki genuen nik bizi izandakoa zabaltzeko kanpaina hasi behar genuela. Ez nire kasua berezia zelako, baizik eta errepresioa ikusarazteko balio zuelako.

Elkartasun kanpaina bat ere hasi duzue. Nola garatu duzue?

Espetxeratu nindutenean Bukaneros eta Reconstruccion Comunistako militantea nintzen. Hori dela eta, banituen laguntza eskainiko zidaten antolatutako egiturak. Horrez gain, nire familia langile mugimenduarekin konprometituta dago. Berehala sortu zuten Alfonen askatasunaren aldeko plataforma. Madrilen badago errepresioa mugimendu antifaxistaren aurka. Halako azpijoko polizialik, baina, ez dugu ezagutu.

Espetxetik irtetean konturatu ginen nirea ez zela kasu bakana. Errepresioa nonahi dago: Euskal Herrian, Galizian, Asturiasen eta Andaluzian. Beraz, elkartasun sareak sortzen hasi ginen, Madrilen ere estatuko errepresaliatu guztien ahotsa entzun zedin.

Azaroaren 25ean izan zenuen epaiketa, eta hainbat irregulartasun izan zirela salatu duzue.

Ni espetxean sartu ninduten 2012ko azaroaren 16an, baina 2013ko erdialdera arte inork ez zuen ziurtatu ustezko lehergailuan gasolina zegoen edo ez. Horrez gain, lehergailuaren gas bonbonan bost hatz marka agertu dira, baina ez dute aztertu norenak diren. Guk eskatu arren.

Epaiketaren lehen eguna irailaren 18a zen. Eguna heltzean, esan ziguten deklaratzera deitu genituen poliziak oporretan zirela, eta bertan behera utzi zuten. Handik gutxira Poliziak froga berri bat aurkeztu zuen: lehergailuaren botiletan gasolina zegoela dioen txostena. Epaiketaren egunean bertan poliziek beste txosten bat aurkeztu zuten esanez bonbonetan gasa zegoela. Halere, poliziek egiten dituzten lehergailuaren deskribapenak ez datoz bat. Are okerrago, epaiketan frogatu genuen lehergailuaren zaintza katea hautsi egin zela. Hilabeteetan inork ez zuen jakin non zegoen.

Lau urteko espetxe zigorrari helegitea jarri diozue Auzitegi Gorenean. Zer espero duzue?

Gizartean, eta bereziki langileen artean, hedabideek baino eragin handiagoa izatea izango da gure garaipena. Sententziari dagokionez, badakigu norekin jokatzen ari garen, eta zein garrantzi duen estatuko errealitate politikoak horrelako prozesuetan. Errealistak gara, eta badakigu ez dugula helduleku handirik.

Prozesu guztian Bukaneros taldea oso presente egon da. Zergatik jotzen dute euren aurka?

Vallecasen oso egoera larria dago, langabezia, etxegabetzeak eta haur pobrezia handia. Era berean, futbol zelaietara gazte asko joaten dira, eta auzoko errealitateari lotutako leloak dituzten pankartekin talde handi bat ikusten dute. Gazteak talde horrengana hurbildu eta politikoki antolatzen hasten dira. Bukanerosek instituzioetatik urrun kokatzen du bere burua, eta kalea du agertoki politikoa. Konpromiso politikorik ez balu, ez genuke Bukanerosen aurkako errepresioaz hitz egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.